Paleontologia
Frantziako Grotte du Renne kobazuloan aurkitutako apaingarri artistikoak neandertalek eginikoak direla frogatu dute. Kobazuloak Europan bi espeziak- neandertalak eta gizako modernoak- garaiko industria litiko baten arrastoak ditu: erreminten ondoan animaliekin hortzekin, hezurrekin eta maskorrekin egindako bitxiak azaldu ziren. Homo sapiensek egindakoak zirela iradoki zuren ikertzaileek hasieran, pentsatzen zutelako neandertalek ez zutela ahalmenik adierazpen sinbolikoak. Ikerketa berriak argitu du neandertalen hortzak direla eta hortaz, badirudi, haien burua apaintzeko egiten zituztela bitxi horiek. Aipagarria da ere ikerketa egiteko erabilitako teknika: paleoproteomika izan dela. Aurkitutako hortzak oso hautsiak zeuden baina hortz fosil haietatik proteinak erauzteak jatorria identifikatzeko aukera eman die.
Arrasaten aurkitutako aztarnategi batek orain dela 100.000 urte inguru Euskal Herrian fauna zelakoa zen jakiteko aukera eman die zientzialariei. Alvaro Arrizabalaga UPV/EHUko arkeologoak gidatutako lantalde bat urtebetez aritu zen ingurua induskatzen, baina hilabete honen hasierara arte ez dira lehenengo emaitzak plazaratu. Datazioa orain zehaztu dute baina “buruhauste bat” izan dela diote ikertzaileek: “Aminoazidoen errazemizazioa izeneko teknika baliatu dugu fosilak datatzeko”. Artazu aztarnategiak badu aparteko garrantzia: “Garai horretan zegoen faunaren adierazle bikaina da, azken finean tranpa natural bat zelako”.
Genetika
Australiako aborigenen ikerketa genomikoa egin du nazioarteko talde batek eta haien DNAk informazio garrantzitsua dauka: gure antipodetako herri zaharrena ez ezik, Lurreko giza populazio antzinakoenetakoa ere bada, Afrikatik Eurasiara irten zuen lehen giza taldearen oinordekoak baitira. Ondorio hauek Amaia Portugalek azaltzen dizkigu. Ikerketan, Australiako 83 aborigenen eta 25 papuarren genomen sekuentziazioa egin dute. Ondorio bat dakar plazaratutako artikuluak: duela ia 60.000 urte Afrikatik abiatu zen migrazio olde bat eta bakarraren emaitza dira gaur egun munduan barreiatuta dauden populazioak.
Genomak oraindik sekretu asko gordetzen ditu. Eta artikuluaren egileak dioen moduan, oraindik asko dago egiteko. Bere hitzetan: “ez gara guztiz gai oraindik genoma mailan gaixotasun konplexu batekin lotura dutena aldaerak beste mailekin lotzeko, eta ondorioz, gaixotasun konplexu horren funtzionamendua ez dugu behar bezala ulertzen”. Informazio genetikoa hainbat mailetan zehar (maila omikoak) “itzultzen” da funtzio biologikoak betetzeko. Horri aurre egiteko bide berriak proposatzen ditu: osagai genetiko eta maila omiko gehiago aztertu gero eta pertsona gehiagotan, edota emaitza horiek aztertzeko kontzeptu eta metodo berriak asmatu eta aplikatu. Bigarren ideia hori ez da gehiegi ustiatu eta bide hartatik jotzea proposatzen du Koldo Garcia genetistak.
Astrofisika
Jocelyn Bell astrofisikariari egin dio elkarrizketa Berriak. Emakume honek pulsar izarrak aurkitu zituen doktoretza prestatzen ari zela. Fisikako Nobel saria jaso zuen 1973an. Euskal Herrian ospatu diren Passion for Knowledge 2016 topaketetan hizlari aritu da, Donostia Internationak Physics Centerrek gonbidatuta. Espazioa ulertzeko modua aldatu zen Bellek pulsar izarrak aurkitu zituenean. Bere hitzetan: “Inork iragarri ez zuen izar mota bat ziren; oso muturreko izar mota bat. Izar horiek garrantzitsuak izan ziren lehen aldiz Einsteinen teoriak egokiak zirela berresteko”. Horretaz gain, teknologiaren garrantziaz hitz egin du; bere ustetan, ikerkuntzan aldaketa “oso handia” izan da: “Ordenagailuek, gailu horien bilakaerak, eragin handia izan du, eta datu asko eskuratzen ditugu gaur egungo ikerketa proiektuetan: datu kopuru erraldoiak”. Espero dituen aurkikuntzen artean materia iluna eta energia iluna daude: “Nik uste dut biak ulertzen ditugunean fisika ulertzeko modua ere aldatu egingo dugula”.
Rosetta ontziak amaitu du bere bidaia. Duela 12 urte, 6 hilabete eta 28 egun atera zen Guyana Frantsesetik eta 7.900 milioi km egin ditu espazioan. Azken bi urte eta erdiak 67P edo Churyumov-Gerasimenko kometa aztertzen eman ditu eta 218,25 GB datu zientifiko bildu ditu. 14.900 ordutan egon da Lurrarekin kontaktuan. ESAren misio handiena izan da Rosetta, arduradunen esanetan. Ana Galarragak kontatzen digu artikulu honen bitartez Rosettaren azken agurra.
Biologia
Izokina da gure protagonista, eta honek arazoak ditu bi eremutan, ur gezetan eta ur gazietan. Ibaietan ematen dituzte beren bizi-zikloaren lehen aldiak. Gero, itsasora joaten dira eta han gizendu ondoren, ibaira itzultzen dira errutera. Hasieran, beraz, ur-sarrera saihestu behar dute eta gatzen galeraren aurka borrokatu. Baina itsasora doazenean, hor hasten dira komeriak. Uraren eta gatzen balantzeari dagozkion lanak aldatu egin behar dituzte. Hortaz, ura ez edatetik, ura edatera pasatzen dira. Hori erraza izan daiteke. Gernu-kontzentrazioari eta ekoizpenari dagozkienak ere ez dira zailak. Arazoa dator hirugarren aldaketarekin. Ur gezetako arrainen brankien epitelioko zelulek sodio eta kloruro ioiak barneratzen dituzte. Beraz, alderantzizko lana egin behar dute izokinen brankiek egoera batean eta bestean.
Bale urdina ikusi zuten joan zen asteburuan Bizkaiko itsasoetan. Lehen nahiko ugaria zen horiek ozeanoetan eta itsasoetan ikustea baina ehizaren eraginez gutxi gelditzen dira. Badirudi azken urteotan populazioak berreskuratzen ari direla eta egungo kalkuluen arabera, 10.000-20.000 ale inguru bizi dira, gehienak Pazifikoan daude. Bideo ikusgarria ere daukazue ikusgai.
Medikuntza
Virginia Apgar medikuaren inguruan aritu gara aste honetan. Anestesiologian eta pediatrian aditua izan zen eta jakina, Apgar test famatu horren sortzailea izan zen. Haur jaioberriak behatzen zituen eta erditzera zihoazen emakumeei laguntza eskaintzen zien. 1953an ikerketa bat publikatu zuen. Bertan, jaio berrien bizitasuna neurtzen zuen lehendabiziko eskala islatu zuen (Apgar testa gerora deitu zutena). Egun, erditu eta minutu bat beranduago egiten da proba, eta berriz, bost minutu igaro direnean puntuazio txikia lortu bada. Froga horretan kontuan hartzen diren aspektuak hauek dira: frekuentzia kardiakoa, arnasketa-esfortzua, erreflexu presentzia, muskuluen tonua eta kolorea. Aspektu horiek guztiak 0tik 2ra bitartean puntuatzen dira. Irakur ezazue haur jaioberrien zaindariak bere bizitzan zehar egindako lan guztia. Mirestekoa benetan.
Osakidetzaren Donostia Unibertsitate Ospitaleko (BioDonostia) Ugalketa Lagunduko Unitateko ikertzaileek eta UPV/EHUko Informatika Fakultateko Sistema Adimendunak taldekoek, enbrioiei kalitate enbrionarioan oinarrituta probabilitatea ematen dien metodo berri bat proposatu dute azterlan batean. Hainbat teknika proposatu dituzte transferitzeko enbrioiak hautatzerakoan enbrioiek inplantatzeko zenbateko gaitasuna daukaten iragarriko duten modeloak egiteko. Orain, BioDonostiak eta UPV/EHUk heldu dioten erronka horri esker, espero da aurreko ugalketa zikloetan transferitutako enbrioi guztiekin (arrakastatsua izan zen ala ez ziur jakin ez arren bat ere bazter utzi gabe) ikasitako modeloek emaitza hobeak ekarriko dituztela.
Kimika
Josu Lopez-Gazpio kimikariak beti ekartzen dizkigu gai interesgarriak. Jarraian azalduko diguna ere bada horietakoa. Girotu dezagun kontua. Irailaren 19an Facua kontsumitzaileen elkarteak jakinarazi zuen “Dalsy 20mg/L” sendagaiaren E 110 izeneko koloratzaileak ondorio kaltegarria ekar ditzakeela botika hartzen duten haurren arretan eta jardueran. Horrek kezka handia eragin zuen, ezinbestean. Lopez-Gazpiok dakarkigu erantzuna. Dalsy sendagaia sukarrari eta min arinei aurre egiteko errezetatzen da, eta ibuprofenoa du oinarri. E 110 egunero jaten ditugun elikagai askotan dago; esate baterako, gozokiak, marmeladak, arrain prozesatuak, artozko aperitiboak, etab. Elikagaien gehigarriei buruzko 1223/2008 Europako Araudian azaltzen da koloratzaileak aipatutako ondorio horiek eragin ditzakeela. Kimikariak azaltzen digunez, dena izan daiteke toxikoa. Horregatik definitzen da ADI Eguneko Ingesta Onargarria(Acceptable Daily Intake) delakoa egunero har daitekeen substantzia jakin baten kantitate modura. Eta ondorio honetara iristen da kimikaria: “Kantitate horrek ez luke osasun-kalterik eragingo, bizitza osoan zehar egunero hartuta ere”. Hau da, eta Lopez-Gazpioren esanetan, koloratzailearen albo ondorioak nabaritzeko ia 3 botila Dalsy edan beharko lituzke egunero. Irakur ezazue artikulua osorik, gomendagarria benetan!
Osasuna
Lucía Gricman psikologoa da eta Argian argitaratutako elkarrizketan eromenaz, medikalizazioaz eta psikoanalisiaz hitz egin du. Buenos Aireseko zentroan egonaldi terapeutiko intentsiboa egiten dituzte, aurrez zentro psikiatrikoan sartuta egon diren pazienteekin. Baina errehabilitazioaz gain tailerrak ere egiten dituzte sormena eta espresioa sustatzeko (txotxongiloen bidez, irrati bidez…), “sormenetik abiatuta berreskuratu daitekeelako gizartearekiko lotura”, azaltzen du. Eromenaz ere hitz egin du: “Egin behar duguna da pertsona bere komunitatetik ahalik eta gertuen mantendu. Eta ez naiz ari beti zoriontsu egoteaz, sendatzea ez delako ez sufritzea, sufrimendu hori eramateko eta horri aurre egiteko baliabideak izatea baizik”.
Meteorologia
Nola iragartzen zituzten urakanak, haien norabidea eta indarra duela ez urte asko? Bertan sartuz eta neurketak eginez. 1943.urtetik aurrera aritu izan dira “Urakan ehiztariak” fenomeno meteorologiko hau aztertzen. Hegazkin batean sartzen ziren eta hegan egiten zuten urakanaren begiraino eta hortik ateratzen zituzten datuak. Egun ere horrelako misioak egiten dituzte. 1945ean gertatu zen istripu bat mota honetako misioa egiten ari zirela. Estatubatuarren armada PB4Y-2 (BuNo 59415) hegazkin batean zioan tripulazioko zazpitik sei kide hil ziren. 1 Kategoriako tifoi batek jo zuen.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.