Jaume Navarro: “Zientziaren irudia etorkizuneko promesetan oinarritzea oso arriskutsua izan daiteke”

Elkarrizketak

Peru S. Gamarra

Jaume 2
Jaume Navarro, Kultura Zientifikoko Katedrak eta Ikerbasquek 2013an antolatu duten Donostiako EHUko uda-ikastaroan hitzaldia ematen (Argazkia: Xurxo Mariño)

Gure gizarteak konfiantza handia du zientzian. Hori da, behintzat, urtero egiten diren inkestek erakusten dutena. Gogoko dugu zientzia eta gogoko ditugu zientzialariak ere. Horixe baietz! Izan ere, oso lanpostu gutxi daude zientzialariena baino maitatuagoak direnak. Kuriosoa da, baina errealitatea honelakoa da. Arrazoi asko egon daitezke honetarako, baina bada bat besteen gainetik dagoena: zientziari esker hobeto bizi gara. Eta, gizarteak, badaki hori.

Zientziak Internet, txertoak, hegazkinak eta elektrizitatea bezalako gauza sinestezinak ekarri dizkigu gure bizitzetara. Baina ez hori bakarrik. Kontu hauei guztiei esker gure bizi itxaropena asko luzatu da eta hau da guretzat garrantzitsuena. Ahal bezain bat bizi nahi dugu eta zientziak gure helburu honetan laguntzen digu.

Hala ere, askotan, gure salbazioa izango balira bezala aurkeztu zaigu. “Zientziari esker ez da gerrarik egongo”, edo, “zientziak galdera guztien erantzunak ekarriko ditu” bezalakoak entzun izan dira noizean behin eta holako baieztapenek ez diote inolako mesederik egin. Esan daiteke, batzuetan, zientziak gauza gehiegi egingo dituela agindu digula.

Horixe da Jaume Navarro duela pare bat aste Miramar Jauregian azaltzen saiatu zena. Bera izan zen Kultura Zientifikoaren Katedrak antolatu zituen hitzaldien protagonistetako bat eta Zientzia Kaierarekin hitz egiteko momentu bat hartu du gustura asko. Hau da Ikerbasque-n eta EHU-n lan egiten duen zientziaren historiagileak kontatu diguna.

Zure hitzaldiaren izena “Zientziaren promesak. Perspektiba historiko bat” izan zen. Zure ustez, gauza gehiegi egingo dituela agindu al digu zientziak?

Nire hitzaldian galdera honetan planteatzen dena baino konplexuago den zerbait azaltzen saiatu nintzen. Zientzia eta honen aginduak ez dira banatuta doazen bi gauza. Hau da, promesak ez dira kanpotik planteatzen diren zerbait. Promesak, zientziaren definizioan sartu behar ditugun elementuak dira.

Orokorrean, esan daiteke egin diren agindu horiek behar bezala bete direla?

Batzuk bete dira eta beste batzuk ez. Hala ere, aipatu behar dut, promesen gainean hitz egiten dudanean ez dudala bakarrik betiko promesez hitz egiten. Adibide bat ematearren, ez naiz ari zientziak makina berri bat egin edota ez dakit zein gaixotasun sendatuko duelakoaz. Zientziak egindako promesa bat da, adibidez, promesa epistemikoa. Hau da, zientziari esker ezagutza handiagoa lortuko dugula. Zentzu honetan bai, zientziak bete du agindutakoa. Hala ere, nire ustez, zientzia ez da ezagutza osoa ekarriko digun elementu bakarra.

Bete ez diren horien artean zein nabarmenduko zenuke?

Zientziak bete ezin dituen gauza asko promestu ditu. Hor daude, adibidez, gerra guztiak irabaztearena, mundu mailako bakea lortzearena… Zientzia, batzuetan, gure salbazioa ekarriko duen elementu bezala aurkeztu zaigu eta, hori, ez da egia. Zientziak promesa asko eta oso ezberdinak egin dizkigu eta, dibertsitate hau dela eta, batzuk betetzeko gai da eta beste batzuk ez.

Nahiz eta promesa batzuk bete dituen eta beste batzuk ez, zientziak egiten dituen aurrerapauso horiek beti kontsideratu daitezke gauza positibo bezala, ez?

Planteatzen duzun baieztapen honek arazo batzuk sortu ditzake. Gauza bat zientifikoki eginda dagoelako ona dela baieztatzea gehiegi esatea da. Bonba atomikoa, adibidez, aurrerapauso positibo bat al da? Eta zientifikoki antolatu ziren Auschwitz-eko kontzentrazio esparruak? Honen aurrean bada jende asko honako hau esaten duena: “Kontu horiek ez ziren zientzia izan, baizik eta zientziaren erabilera txar batzuk”. Egiten duten bereizketa hori oso problematikoa izan daiteke.

Zergatik diozu hori?

Etika zientziatik bereiztea ez dago ongi. Zientziaren ezaugarri nagusienetako bat da, zientzia bera gizakiak egindako jarduera bat dela. Ez gehiago ez gutxiago. Hau onartuz, esan daiteke zientzia bera intrintsekoki etikoa dela. Etika ez da kanpotik datorren zerbait.

Sinesgarritasuna galtzen al du zientziak egindako promesa bat betetzen ez duen bakoitzean?

Bai, zalantzarik gabe. Baina ez bakarrik betetzen ez duelako, baizik eta zientziak egiten dituen agindu hauek epe ertain edo luzerako izaten direnez, posiblea delako gizartearen aukerak etorkizunean bestelakoak izatea. Honela, nahiz eta zientziak agindu duen hori etorkizunean bete, izan daiteke gizarteak espero zuena ez izatea. Zientziaren irudia etorkizuneko promesetan oinarritzea oso arriskutsua izan daiteke.

Posiblea da zientzia planifikatzea? Edo ustekabekoa da beti?

Zientzia ezin daiteke planifikatu baina badira gauza batzuk planifikatu daitezkeenak. Zientziaren garapena, adibidez, aurre ikus daiteke. Baita egiten diren berrikuntzen parte bat ere. Zergatik izan zen fisika hain garrantzitsua gerra hotzean? Bada, arma nuklearrak tartean zeudelako. Honi planifikatzea deitu al zaio? Baietz esango nuke. Fisikaren teoriaren garapena erabat ausazkoa al da? Ez, ezta gutxiago ere. Baina gauza guztietan bezala, hemen ere, kontingentziatik asko dago.


Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.