Jon Molinero: “Atzerrira joatea beti da ona ikerlari batentzat”

Elkarrizketak

Peru S Gamarra

jon_molinero_3

Ikertzaile eta zientzialariak askotan atera behar izaten dira gure mugetatik. Hainbeste arrazoi izan ditzakete honetarako: lan aukera berriak bilatzea, lan egiteko beste modu batzuk ezagutzea, esperientzia ezberdinak bizitzea… Kontua da, eta hau gehienek onartzen dute, atzerrira joateak inolako kalterik egiten ez duela eta oso aberasgarria izan daitekeela. Etxetik joateak beldurra eman dezake hasiera batean. Egia da. Beste herrialde batera bidaiatu behar duzu, hizkuntza berri bat ikasi, lan taldearen martxa hartu…

Baina gauza horiek guztiak egitea beti da –edo gehienetan bai, behintzat- positiboa. Askotan, gainera, baita beharrezkoa ere. Ikertzaileek, beren lanean hobetzeko eta hazteko, esperientzia hauek behar dituzte. Lantoki berean bizitza oso bat ematea erosoa izan daiteke –askorentzat oso aspergarria-, baina norberak bere lanean gora joan nahi badu honelako bizipenak ere beharko ditu. Ikuspuntu berriak lortzen dira, hain zuzen ere.

Zientzia Kaiera Jon Molinerorekin bildu da oraingoan. EHUko ikertzaile gazte honek urte batzuk eman behar izan zituen Ameriketako Estatu Batuetan eta bertako esperientziari esker gauza asko ikasi zituen. Baina ez hori bakarrik. Izan ere, han egin zuen lana aitortu nahi izan dute eta duela gutxi jaso du, Roger A. Burke zientzialariarekin batera, herrialde honen Ingurumenaren Babeserako Agentziak (USEPA) ematen duen Scientific and Technological Achievement Award saria (lorpen zientifiko eta teknologikoari saria). Ez da gutxi. Berarekin elkartu gara sari honen gainean hitz egiteko eta bere lana hobeki ezagutzeko.

Lehenik eta behin, zorionak! Zer garrantzi du zuretzat sari honek?

Zure lana kanpotik aintzat hartzen dutenean beti da pozgarria. Egia esan behar badut, lan hau egitea asko kostatu zitzaigun. Oso gogorra eta neketsua izan zen. Hiru urte eman nituen Georgian lan hau egiten eta artikulua publikatzeko –artikuluari esker lortu du saria- arazoak izan genituen. Ez da lan erraza izan, hori seguru. Hori bai, horren ostean errekonozimendu bat jasotzea pozgarria izan da.

Beraz, urte batzuk behar izan dituzue dena egiteko. Zenbat denbora behar izan duzue ikerketarekin hasi zinetenetik artikulua publikatu zenuten arte?

2001. urtean iritsi nintzen Estatu Batuetara eta 2004ra arte ibili nintzen han lanean. Artikulua 2009. urtean kaleratu genuen eta saria orain eman digute. Urte asko izan dira, bai.

Nola azalduko zenioke zure gaiaz asko ez dakien norbaiti egin duzuen lana?

Ikus dezagun… (segundo batzuk hartzen ditu erantzuna eman aurretik). Ez da erraza. Eredu matematiko sinple batzuk garatu ditugu ibaietan egon daitekeen zama organikoa zein den aurreikusi ahal izateko. Zama organiko honek garrantzi handia du ibaietan, izan ere, materia organikoak ibaiak berak duen oxigenoa kontsumitu baitezake. Honek, zuzeneko eragina du bertan egon daitekeen faunan, adibidez.

Zure ustez, zer da saritu nahi izan dutena?

Nire ustez bi gauza saritu dituzte. Alde batetik egin dugun kolaborazio lana dago. Hau da, proiektu hau ingurugiro agentziaren (USEPA, US Environmental Protection Agency) barruan dagoen pertsona baten eta agentziatik kanpo dagoen beste ikerlari baten arteko elkarlana izan da. Ni kanpokoa nintzen eta nire nagusia, berriz, barrukoa. Elkarlan hori asko hartu dute kontutan. Bestalde, egin dugun lanak ere erabilgarritasun publikoa dauka eta hori aintzat hartu dute saria ematerakoan. Bi gauza horiek saritu dituzte.

Joan gaitezen zure gaztarora. Zergatik erabaki zenuen zientzia gizon izatea? Bokaziozkoa izan al zen erabaki hori?

Baietz esango nuke. Biologia ikasten hasi nintzen biologia gustuko nuelako, besterik gabe. Lanak berak asko erakartzen ninduen. Bestalde, ekosistema baten barruan egon daitezkeen osagarri guztiak elkarren artean nola erlazionatzen diren ikasteko gogo handia nuen. Ikasketa hauek gustukoak nituelako aukeratu nituen, egia da.

Ikerlari gaztea zara eta dagoeneko jaso duzu errekonozimendu garrantzitsu bat. Zer gomendatuko zenioke 16-18 urte dituen gazte bati ikertzaile izan nahi duela esango balizu?

Saiatzeko esango nioke. Zalantzarik gabe. Egia da ez dela erraza honetaz bizitzea, baina hori lan askotan gertatzen da. Lehen bazirudien etxegintzan lan egiten zuenak bizitza osorako lana izango zuela, eta gaur egungo errealitatea ez da hori. Lan honetan egonkortasun bat lortzea zaila da, baina saiatzeak pena merezi du. Hori argi daukat. Momentu politak bizi izan ditut lan honekin.

Zure ustez, eta esperientzia baduzu honetan ere, ikertzaile batek beti atera beharko luke kanpora lan egitera denbora batez bada ere?

Ez dakit beharrezko izan beharko lukeen edo ez, baina kanpora joateak gauza on asko ematen dizkizula argi dago. Beste gizarte batzuetan zientziak garrantzi handiagoa du eta toki horietara esperientzia bat bizitzera joatea beti positiboa dela iruditzen zait. Atzerrira joateak onura pertsonal asko ekartzen ditu.


Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.