Zientzia, barrez eta zinez

Antonio Martínez Ron

Dibulgazio lanetan ari garenoi oso maiz egiten dizkigute zentzu gabeko ikasketei buruzko galderak. “Nolatan ari da norbait txakurrek txiza egiteko moduaz ikertzen?” edo “Zer axola zaigu kakalardoak Esne-bideaz baliatuta orientatzen badira? Erantzuna ez da samurra, zeren eta barrea eragiten duten ikasketa guztiak ez baitira tankera berekoak. Batetik badira zuzen egiten ez diren zientzi lanak, gezurrezko korrelazioak baieztatzen dituztenak. Areago, badaude hedabideetan azaltzen diren beste ikerketa batzuk, baina norbaiten diru-laguntza interesatua hartu dutelarik hauek ez dute inongo zientzi baliorik ez eta garrantzirik. Bukatzeko badira egunero lanean ari diren zientzialarien lanak, itxuraz txikiak eta batzuetan barregarriak, baina zientziaren aurrerabidea ahalbidetzen dutenak.

Itxuraz barregarriak diren ikerketa hauen erakusleiho onak dira Ig Nobel Sariak, 1991tik Annals of Improbable Research aldizkariak antolatuak. Urtero-urtero ematen dira Harvard Unibertsitateko ekitaldi dibertigarri batean. Benetako Nobel Saridunak joaten dira bertara. “Antinobel” deitu ohi diren sari hauek asmo modura dute gizarteari lehenago barrea eta gero hausnarketa eragitea. Erakunde batzuk kexuka ibili dira sari hauekin, zientzia barregarri uzten dutelakoan, baina ohartu gaitezen sariok sakoneko mamia dutela. Izan ere, esan beharrekoa da bertan saritutako batzuek benetako Nobel Saria lortu dutela beranduago; beste batzuek parte hartu dute gizakiontzat oso garrantzitsuak izan diren ikerketa batzuetan.

Esate baterako, 2000. urtean, Andréy Gueim fisikariak, Ig Nobel saria hartu zuen, imanen bidez igelei lebitarazteagatik. 10 urte beranduago, 2010.eko urriaren 5ean, Fisikako Nobel Saria hartu zuen Konstantín Novosiólovekin batera, grafenoaz egindako lanagatik. 2006.ean, Bart Knolsek hartu zuen Ig Nobel hau, bere ikerketan agerian utzi zuelako Anofeles eulitsua Limburger gaztak eta oin usainak erakarria gertatzen dela. Lan hauen emaitzei esker, Afrikako hainbat tokitan, malariaren aurka erabiltzen da gazta hau.

Hainbatetan, egileak jolasean aritzen dira lanaren izenburuarekin, beste terminologia bat erabilita lana ez balitzateke bereiziko gai berberari buruzko beste lanetatik. Beste batzuetan, itxuraz ganorabakoa den ideia batek dei larria egiten dio zientzialarien komunitateari. Adibidez 2012.ean, Craig Bennett neurozientzialariak eta Abigail Baird psikologoak, Neurozientziako Ig Nobel saria lortu zuten, erresonantzia magnetiko funtzionalak egiteagatik hildako izokinekin. Kontua barregarritzat jo daiteke, baina neurria hartuko zaio, baldin badakigu zinez frogatu zutela hildako izokin baten eskaner-seinaleek gezurrezko emaitza positibo bat eman dezakeela, eta horrelaxe ahalbidetu zutela burmuin-irudien analisian zuzenketa estatistiko bat sartzea.

Zientziak maiz egin izan du aurrera zalantza hutsaletatik edo gauza txikiak aztertzetik abiatu eta berebiziko emaitzak lortuta. 2009.ean The Nation aldizkarian argitaraturiko artikulu batean, Rober Matthewsek berrikusi egin ditu itxuraz garrantzirik gabeak ziren hainbat kontu, gizakiak egin izan dituen aurkikunde handiei lotuak. Horrelako bat da Pascal eta Fermaten dado-jokoa, probabilitatearen teoria garatzea ahalbidetu ziena. Horrelakoa da era berean Richard Feymanen pasadizua, kafetegi batean plater bat erortzen ikusi zuenekoa. Azpimarratu beharrekoa da beraz adituak ez direnek barregaritzat edo garrantzirik gabekotzat jotzen dutenak oso garrantzi handia izan dezakeela zientziaren aurrera bidean.

Batzuetan, hutsala ematen du, edo txantxa bat izan daiteke buru-belarri aztertzea kakalardo pilotagileek izarretan zer ikusten duten, haurdun dauden emakumeak aurrera zergatik erortzen ez diren, edo basahateen nekrofilia homosexuala zergatik gertatzen den. Hala ere, nano hauek dira Zientzia Erraldoiaren ibilbidea bideratu dutenak. Izan ere, zentzugabekeria bat da pentsatzea zientzia guztiak gertuko helburu bat izan behar duela edota helburu miresgarriak lortu behar dituela epe laburrerako. Ikerketa gehienetan, saiatzen dira erdi mailako galderei erantzunak ematen, edota bidean urrats laburrak ematen.

Noizean behin, pauso txiki horiek lurralde berri baten mugara hurbiltzen gaituzte. XVII. mendearen bukaeran, Anton van Leeuwenhoek merkatariak, aurkitu zuen gauza txikiak handituta ikus zitzakeela bere kristalak leunduz. Horrela, erraz ikus zitzakeen “pizti” txiki batzuk, besteak beste bere espermatozoide propioak. Jakin-min hark hasiera eman zion mikroskopiari, eta esan genezake Leuwenhoek Ig Nobel bat mereziko zuela bere garaian. Hurrengo batean, irakurle, pentsa ezazu ondo, zientzi artikulu baten izenburuarekin barreka hasi baino lehen.

—————————————————————–

Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da.

—————————————————————–

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Iruzkin 1

Eman iritzia

Zientzia, barrez eta zinez | ZIENTZIA | Scoop.it

[…] Antonio Martínez Ron Irudia: Evan Ackerman Dibulgazio lanetan ari garenoi oso maiz egiten dizkigute zentzu gabeko ikasketei buruzko galderak. “Nolatan ari da norbait txakurrek txiza egiteko moduaz ikertzen?” edo “Zer axola  […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>