Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak bilduko ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta bilduta eskaintzeko helburu dugu. Zeri buruz hitz egin da sarean? Eman diezaiogun begirada bat.
7K gehigarrian Liher Unanuek beira eta kristalarekin sortutako zalantzak argitzen dizkigu. Azken finean ez dira berdinak. Kristalak prozesu geologikoetan du sorrera, naturan dauden mineralak sortzen baitute. Aldiz, beira modu naturalean sortu daiteke baina baita modu artifizialean ere: Kristala eta beira, berdin ala ezberdin?
Itziar Garate ikertzaileak Artizarra aztertzen du. Izan ere, Artizarrak baditu oraindik ere hamaika sekretu isilpean. Sekretuak argitzen joateko zientziak badu bidelaguna, Venus Express espazio-ontzia. Artizarraren inguruan biraka dabil eta haren instrumentuei esker hainbat irudi eta datu eskuratzeko aukera dute zientzialariek. Artizarra agerian uzten digu Elhuyar Aldizkarian Itziar Garatek: Atmosfera planetarioak: Artizarraren kasua.
Zer da erresonantzia magnetiko nuklearra? UPV/EHUko Kimika Fakultateko hiru ikaslek, Uxuak, Eiderrek eta Sarak erantzuten dute galdera Nola ikasi kimika kuantikoa izutu gabe blogean. Erresonantzia magnetiko nuklearra taula periodikoko zenbait nukleoren propietate magnetikoetan oinarritutako fenomeno fisiko-kimiko bat da. Fenomeno honek hainbat aplikazio gaitu ditu, esaterako, medikuntzan diagnosi teknika berriak garatzeko aukera ahalbidetu du. Horri erreparatzen diote gure ikasleek: Erresonantzia Magnetiko Nuklearra Medikuntzan.
Gure zerebroak jakin-mina sortzen duen elementua da. Haren funtzionamendua eta ezaugarriak ezagutzeko bideak eraikiz, teknologiaren aplikazioa ezinbestekoa izan da medikuntzan. Arestian aipatutako erresonantzia magnetikoen ildotik, Achucarro Basque Center for Neuroscienceko Managerrak fMRI edota Erresonantzia Magnetiko bidezko Irudi funtzionala teknologia ezagutzera ematen digu. Zertarako teknika hau? Gure zerebroaren prozesuen nondik norakoak ezagutzeko: Burua astun nabaritzen dut. Gehiegi pentsatzen ari zara akaso?
Mikel Irastorza biologoak ere zerebroa izan du hizpide Euskalnatura gunean. Kasu honetan gizakion eta txakurren zerebroak aztertu dituzten ikerketen berri eman digu. Hungariako Zientzien Akademiak, erresonantzia magnetiko bidezko irudien teknika erabiliz, 22 pertsona eta 12 txakurren zerebroak aztertu ditu. 200 soinu entzuterakoan gizakion eta animalien zerebroek zein eskualde aktibatzen zuten aztertu dute. Emaitzen arabera, gizakien eta txakurren zerebroen patroiek antzekotasun harrigarriak omen dituzte: Obeditu soilik ala ulertu ere egiten dit?
Ekuazio diferentzialak ingeniaritza, ekonomia eta beste hainbat esparrutan gertatzen diren fenomenoak deskribatzeko eredu matematikoak dira. Propio, ekuazio mota bat dakarkigu Elisabete Alberdi irakasleak: EDA. EDA edo Ekuazio Diferentzial Arrunta, aldagai bakarraren menpe dagoen funtzio bat emaitzatzat duen eta deribatu arruntak agertzen direneko ekuazioa da. Buruxkak Liburutegi Digitalean hauek askatzeko zenbakizko metodoak planteatzen dizkigu Elisabete Alberdik: EDAk askatzeko zenbakizko metodoen bila.
Ariketa fisikoa onuragarria da. Ez dugu zalatzarik, ezta? Baina zeintzuk dira ariketa fisikoak osasunean dituen onurak? Jon Irazusta fisiologoak bihotzean eta odol-hodien sisteman jardurea fisikoak duen eragina azaltzen digu Zientzia Kaieran. Adibidez, bihotz eta odol-hodietako gaixotasunak pairatzeko arriskua adierazten duen hainbat parametroren kontzentrazioak ariketa fisikoaren bidez murriztu daitezkeela: Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat, nola eta noiz. II. Bihotz eta odol-hodien sistema.
Lehen begi-kolpean Literatura eta Matematika jakintza-arlo desberdinak direla esango genuke segurtasun handiz. Hala dirudien arren ez dira oso alderatuta dauden munduak. Amaia Portugal kazetariak Berria egunkarian Literatura eta Matematika uztartu zituen hitzaldi bat du abiapuntu aurrekoa baieztatzeko. Marta Macho ikertzaileak eta Javier San Martín zientzia kazetarik literaturan matematikari egindako erreferentziak sarritan agertzen direla erakutsi zuten. Matematika gure bizitzan dago eta edonon dagoenez literaturan ere badago: Bi mundu ez hain ezberdinak.
Bukatzeko, teknologiaren historian hainbatetan gertatutako kasu batekin amaituko dugu: asmatzaileen lanez jabetu diren maltzurrotaz. Nagore Irazustabarrenak Argian AEBn pertxen asmakizunarekin gertatutakoa kontatzen digu. Alanbrezko pertxa Timberlake Wire and Novelty Companyren bulegoetan lan egiten zuen Albert J. Parkhousek asmatu omen zuen, baina tamalez ez dago hori egiaztatzen duen agiririk. Asmakizunaren patentea enpresako nagusia zen John B. Timberlakeren izenean dago onartuta. Bidegabekerien istorioa teknologiaren historian: Asmakizuna saltzea da gakoa.
1 iruzkina
: Asteon zientzia begi-bistan #2 – http://t.co/5IUObVguJF http://t.co/FMzudQgBvW