Asteon zientzia begi-bistan #45

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Argazkia: Donatela Alcala
Argazkia: Donatela Alcala

Dena neurrian egin behar da eta arriskuak ere kontuan hartu behar dira. Ariketa fisikoa egiteko orduan neurri egokia eta arriskuak ere kontuan hartu behar direla esan zigun Jon Irazustak “Ariketa fisikoa argaltzeko pilula ote?” hitzaldian. Ildo bereko gaia dakarkigu Ilargi Agirrek Berrian. Danimarkako ikertzaile talde batek egin berri duen ikerketa baten arabera, kirol gehiegi egitea kaltegarria izan daiteke osasunarentzat. Ikertzaileek diotez, hiru egunetan banatuta, astean ordubetetik lau ordura erritmo motelean kirola eginda nahikoa da. Izan ere, neurrian egitea da gakoa.

Neurriak hartzea ere garrantzitsua da zorriei aurre egiteko. Eskola garaian dauden umeen %15ek zorriak dauzkate, bai eta haur horien gurasoen %27k. Gure buruan geratzen diren laguntxo hauek Pediculus humanus espeziekoak dira. Baina askoz gehiago daude, ia 5.000 espezie ezagutzen baitira. Jabier Agirre medikuak egia ez diren usteak argitzen dizkigu Berrian. Esaterako, zorriek ez dutela saltorik egiten buru batetik bestera. Izan ere, kontaktu estua behar dute buru batetik bestera joateko: Ileko apopilo desatseginak.

Carmat izena jarri diote eta hiru kiloko bihotz artifiziala da eta elektrizitatez hornitzeko bi bateria ditu. 68 urteko gaixo frantses bati jarri zioten eta urtarrilaren 2an alta eman zioten honi. Joxerra Aizpuruk ematen digu honen berri Argian: Bihotz artifizialari esker bizirik.

Horrez gain, Joxerrak Rochesterreko Unibertsitateko Intentsitate Handiko Femtonsegundo Laser Laborategian (AEB) egindako lan baten berri eman digu ere. Ikertzaileok, naturan aurkitu daitezkeen landare hidrofugoak behatuz, haien ezaugarri bat metaletara iragatea lortu dute. Femtosegundo-laser baten bidez metal xaflara izpiak bidaliz, landare hidrofugoen zimurtasun nanometrikoko gainazalaren ezaugarria, metal xafla txiki bati iragatea erdietsi dute: Metal super-hidrofugoa laster merkatuan?

Naturak ezaugarri paregabeak ditu eta hau behatuz asko ikas dezakegu. Amaia Portugal eta Javier San Martín kazetariek naturak emandako datuei erreparatu diete. Amaiak 2011an El Hierroko irlako sumendi batek botatako mikrofosilek, Kanariar Uharteak nola sortu ziren argitzen lagundu dutela kontatu digu: Fosilak, El Hierroko sumendiak jaurti zituen opariak. Javierrek azaldu du Zientzia Kaieran geologiari esker badakigula duela 128 milioi urte Maestrazgoan itsasoa zegoela: Mendia itsasoa zenean.

Ana Galarragak hamaika gai plazaratu dizkigu asteon. Elhuyar aldizkarian hainbat mediotan entzun dugun berri bat azaldu zuen: Hiru pertsonaren DNA duten haurrak sortzeko baimena eman du Britainia Handiak. Teknika honen bidez, amaren DNA mitokondrial akastunaren ondorioz transmititzen diren zenbait herentziazko gaixotasun saihesteko aukera eman nahi du Britainia Handiko Parlamentuak. Horrez gain, Anak azaldu digu uhin grabitazionalen arrastoaren detekzioa baieztatu ezinik dabiltzala. Badirudi arazo handi batekin topo egin dutela zientzialariok, detektatutakoa polarizazioa grabitazio-uhinen ondoriozkoa den edo Esne Bidean dagoen hauts kosmikoak sortua ote den bereiztea. Amaitzeko, ikertzaile gazte baten lana ezagutzeko parada eman digu. Saio Alvarez ikertzaileak, maionesa bezalako emultsioak osasungarriagoak egiteko gauzatzen duen lanaren berri eman digu: Sariei esker, jendeak badaki zertan nabilen.

Jarraian, galdera bat botako dugu airera, ba al dakigu smartphone eta tabletek haurren garapenean eragiten al duten? Iruñe Astitzek Argian gaiari heltzen dio Bostoneko Unibertsitateko ikerketa baten oinarrituta. Ikerketaren arabera haurrek gailu hauekin gehiegi jolastuz gero, besteak beste, hainbat gaitasun ez garatzeko arriskuan jartzen omen dira. Horrela, arazoak izan ditzakete enpatia, interakzio soziala eta arazoen ebazpena bideratzeko.

AEBko hainbat pediatrek 12 urte bitarteko umeei gailu elektronikoen erabilera murrizteko eskaera luzatzen diote gurasoei, ikusirik zer nolako eraginak izan ditzaketen. Hala ere, askok ez dute jarraitzen medikuen gomendioa. Hau berori beste hainbat arlotara eraman genezake. Gotzone Barandika kimikariak kasu bat dakarkigu, homeopatiarena. Gotzonek gogoratzen digu oraindik inork ez duela frogatu homeopatiak benetako onurak dakartzan ala ez, baina zaleen kopurua gero eta handiagoa dela. Beraz, zergatik sinisten dute batzuek homeopatiaren printzipioetan? Ulertezina da erabat, homeopatiaren funtsezko ideiak ezaguera zientifiko guztien kontra aurka daudela jakinik. Zientzia Kaieran: Dosia eta homeopatia.

Eta ez da bakarra, beste kimikari batek, Josu Lopez-Gazpiok Edonola blogean aipatzen digun bezala, homeopatia, plazebo efektua besterik ez da, plazebo efektu garestia: Homeopatiari buruzko kon(tzep)tuak. Edozein modutan, agian, nork jakin… homeopatiarengan sinesten dutenen kode genetikoak honen zergatia azalduko liguke. Baina horretarako, behar bada, hautespen naturala maila molekularrean neurtzen ahalegindu beharko ginateke. Koldo Garcia biologoak seguruenik pentsatuko du zoratuta gaudela holako proposamen bat bideratu dugulako, baliteke. Aitortu dezakegun bakarra da, medikamentu homeopatikoak hartu gabe bururatu zaigula hau guztia.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.