Dosia eta homeopatia

#KZJaia · Dibulgazioa

Botikak, medikamentuak, konposatu kimikoak baino ez dira. Horregatik, haien eraginkortasun terapeutikoa harreman estuetan dago dosiarekin. Bestalde, gizakiok ale indibidualak garenez, medikamentu beraren dosi jakin batek ez du eragin bera guztiongan.

Medikuntza gero eta gehiago saiatzen ari da hori kontuan hartzen. Izan ere, dagoeneko guztiok daukagu barneratuta medikamentuen dosia hartzen duenaren pisuari egokitu behar zaiola. Zer esanik ez, pisua ez da kontuan hartu beharreko aldagai bakarra. Izan ere, gaixotasun larriak tratatzeko aldagai analitiko ugari hartzen dira kontuan, dosi egokiak finkatzeko. Hori egitean, medikuntzak onartzen du medikamentuek eragin sekundarioak sortzen dituztela, eta eraginak ere dosiaren araberakoak direla.

1. irudia: Medikamentuen ohiko eraginkortasun dosia kurba. Ikusi bezala, medikamentu baten dosia gero eta altuagoa izan, eraginkortasuna orduan eta handiagoa da. ED50 parametroa da populazioaren %50ean eraginkorra den dosia.
1. irudia: Medikamentuen ohiko eraginkortasun dosia kurba. Ikusi bezala, medikamentu baten dosia gero eta altuagoa izan, eraginkortasuna orduan eta handiagoa da. ED50 parametroa da populazioaren %50ean eraginkorra den dosia.

Esan bezala, medikamentuak konposatu kimikoak dira, eta gure bizitza arruntean, erraz egiazta dezakegu kontzentrazioaren arabera gertatzen dela konposatu hauen eragina.

Esate baterako, xaboi kontzentratu baten kantitate txikiagoa behar dugu, bolumen berean produktu garbitzaile gehiago daukagulako. Kostaldean burdinazko objektuak arinago herdoiltzen dira, gatz gehiago dagoelako ingurunean. Bestalde, ez genuke sartuko atzamar bat ere ez azido sulfuriko kontzentratutan, mafia-pelikuletan ikasi dugulako sulfurikoa erabiltzen dela gorpuak deuseztatzeko desagerrarazteko Halere, tanta bat azido sulfuriko kontzentratu isurtzen badugu litro bat uretan, atzamarra sartuko genuke beldur barik.

Aurrekoak gure bizitza arrunteko adibide batzuk baino ez dira. Gure esperientziak dira, eta Zientziaren historia osoak bat egiten du gure bizipenetatik ondorioztatzen dugunarekin. Orduan, zergatik sinisten dute batzuek homeopatiaren printzipioetan? Ulertezina da erabat, homeopatiaren funtsezko ideiak ezaguera zientifiko guztien kontra aurka daude eta.

Homeopatiaren aldekoek beti esaten dute norbait produktu homeopatiko bati esker sendatu dela kasuren batean. Izan ere, kasu horiek azaltzeko makina bat arrazoi egon daitezke, ohikoena plazebo efektua delarik. Hori harremanetan dago jasotako giza tratuarekin. Berez, homeopatek denbora gehiago ematen dute gaixoarekin berbetan, eta horrek eragin ona dauka gaixoak bere “medikuarengan” duen konfiantzan. Jakina, gorputzak autosendaketarako gaitasuna dauka, eta hori hobeto lortzen da gaixoak itxaropena badauka horretan. Askotan, produktu homeopatikoekin batera, gaixoak beste substantzia batzuk hartzen ditu, eta askotan, “mediku” homeopatak gomendatuta, hainbat aldaketa egiten ditu bere bizimoduan. Zer esanik ez, gaixoak homeopatia joko du hobekuntzaren erantzulea. Bestalde, ziklikoak diren gaixotasunetan gaixoa medikuarengana hurbiltzen da prozesuaren horren une larrienetan. Gaixotasunaren sintomek berez egingo zuten behera, baina gaixoari irudituko zaio homeopatia izan dela onura ekarri diona. Besteetan, gaixo kroniko askok medikamentu cocktail bat hartzen dute egunero, eta eragin sekundarioak pairatzen dituzte. Horregatik, cocktail hori hartzeari uzten diotenean egun batzuetan zehar hobera egiten dute.

2. irudia: Webean hamaika txantxa daude homeopatiaren aurkakoak.
2. irudia: Webean hamaika txantxa daude homeopatiaren aurkakoak

Oraindik inork ez du frogatu homeopatiak benetako onurak dakartzan ala ez, baina zaleen kopurua gero eta handiagoa da. Zientzia-foroetan, dibulgazio ahalegin handiak egiten baditugu ere, argi dago homeopatiaren zaleentzako, zientzialariok ez garela gustuko informazio-iturria. Agian, hobeto jorratu beharko genuke kontua.


Egileaz: Gotzone Barandika UPV/EHUko Kimika Ez-Organikoko irakaslea da.


“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

kzjaia3

13 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude