Zaila da inork besteen oroimenean biziraungo duen jakitea. Paolo Coelhok gizagaixo baten istorioa idatzi zuen behin: emakume bat zaintzen ari zen, eta emakumeak ezin zuen gogoratu ez gizona, ez bere laztanak eta xuxurlak, ez eta gizonak egunero beragatik hartzen zuen maitasunezko ardura. Zergatiaren berri eskatu ziotenean, “Nik badakidalako bera nor den” erantzun zuen. Alzheimerrek istorio ugari eragin ditu azken urteotan. Zinemak eta eleberri grafikoek ederki islatu dituzte gaixotasun honek jota daudenak eta beraien zaintzaileak. Orain, Bartzelonako unibertsitate batek aurkitu du proteina batek kognizio ahalmen batzuk berreskuratu ditzakeela neuroendakapen gaixotasunak pairatzen dituzten animalietan. Hori hasierako urrats bat da, Alzheimerren istorio horien gidoiak aldatzeko bidean.
Hor dugu Antonio Mercerok zuzendu zuen filmeko pertsonaia, Manuel Alexandrek antzeztua. Film hori da post honi izena eman diona. Badugu era berean Emilio, “Arrugas” Paco Roca eleberri grafikoaren protagonista. 2008an, Komiki Sari Nazionalak irabazi zuen azken horrek, baina edonola, beste kide batzuk ere izan litezke tartean, Sofia edo zu zeu urte batzuk barru.
Hasiera batean etxeko giltzak galduko zenituzke oharkabea. Itxuraz kasualitateagatik, ahaztu egingo zenuke arratsalde batean nora joan behar zenuen. Gero, ez zenuke asmatuko jantziak zein ordenatan jarri behar zenituen, edo zalantzatan ibiliko zinateke jantzi bakoitzerako bere tokia asmatzeko. Azkenean, ez zenuke ezagutuko ez ispiluan dagoen aurpegia, ez eta inguratzen zaituzten lagunak eta senideak. “Eta zu nor zara?” hasiko zinateke galdezka, eta zure bizitza osoa, gogoratzeko borroka bilakatuko litzateke.
Bartzelonako Unibertsitateko talde honek laguntza eman dezake borroka horretan.
Ikerketa
Alzheimerren, neuronen arteko konexioak galtzen dira, eta neuronak beraiek ere hil egiten dira. Azken hipotesiak hainbat gertaerarekin uztartzen dute Altzheimer: Aß42 peptidoak zahartzaroan nolabait eragiten duen plaken eraketa eta tau izeneko proteinaren haril neurofibrilar disolbaezinak.
Erreelina proteina funtsezkoa da neuronen garapenean eta nagusien burmuninaren plastizitatean. Ikerketa honetan ikerlariek agerian utzi dute erreelina proteina honek baduela Aß42 peptidoarekin elkarrekintza egin eta toxizitatea jaistea. Izan ere, uste da peptido hau dela Alzheimer gaixotasunean kaltegarrien direnetako bat. Berez, joera handia dauka zuntzak eratzeko eta plaketan metatzeko.
Aurretik egiaztatua zegoen Alzheimer kasuetan erreelinan zerbait aldatzen zela, eta proteina honek zeregin bat zuela neuronen biziiraupenean eta gizaki helduen burmuinaren funtzionamenduaren hainbat alderditan. Lluís Pujadasen hitzetan ordea, ezezaguna zen Aß42 peptido, tau proteina eta erreelina proteinaren arteko elkarrekintza.
Ikerkuntza preklinikoa hau, Daniela Rossiren doktorego-tesiaren atal bat da. Bertan azaltzen da erreelinak Aß42 peptidoarekin duen elkarrekintzaren eraginez atzeratu egiten dela amiloide zuntzen eta plaken eraketa. Horrela, kognizio-endekapena saihesten da Alzheimerrek jotako arratoietan. Lanak bada, babes funtzio hau ulertzeko hipotesi bat dakarkigu: laborategiko saioetan kognizio-galerak berreskuratu izana, erreelinaren seinalizazio bidea aktibatzeko ondorio bat izango litzateke. Bide hau, homeostasikoa da, hots, burmuinaren funtzionamendua erregulatzen du, kognizioaren eta neuronen plastizitatearen ikuspegitik. Hori dela-eta, onuragarria gerta liteke erreelina kantitatearen emendapen bat.
Nature Communications aldizkarian argitaratu den artikulu honek zabaldu egin ditu Alzheimerren aurkako terapia itu berrien inguruko ikerkuntza aukerak. Saio berrietan, erreelinaren seinalizazio bidea erabiliko da farmako berrien sintesirako ardatz gisa.
Mercerok baieztatzen du bere zinemaren hiru ezaugarriak biltzen direla bere film honetan: maitasuna, umorea eta samina. Hortxe dugu bada Emilioren istorioa, Paco Rocaren lagun baten aitak inspiratuta.
Esan ohi dugu gizakiaren oroimena ahula dela. Horrexegatik eraikitzen ditugu ziur aski bibliotekak, fonotekak, fitxategiak…eta ziur aski horregatik egiten ditugu tankera guztietako bildumak. Ez gogoan izan nahi ditugulako gordetako gauzak: bildumagilea ahanzturatik ihesi dabil, gauza horiek lagun dituela.
Iturria: Pujadas L., Rossi D., Andrés R., Teixeira C.M., Serra-Vidal B., Parcerisas A., Maldonado R., Giralt E., Carulla N. & Soriano E. & (2014). Reelin delays amyloid-beta fibril formation and rescues cognitive deficits in a model of Alzheimer’s disease, Nature Communications, 5 DOI: 10.1038/ncomms4443
Javier San Martínek (@SanMartinFJ) idatzi du artikulu hau(Activa tu Neurona blogaren kolaborazioa).
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.
3 iruzkinak
Kaixo!
Duda barik artikulu hori interes handikoa da. Gaur eguneko ikerketak Alzheimerraren inguruan doaz elektroiak nukleoaren inguruan doazen bezala, ez dute inoiz muina ikutzen. Argi dago ez dakigula zein den Alzheimerraren etiologia eta horrek izugarri zailtzen du haren ikerketa. Zorionez laborategiko modeloak ditugu eta hauen laguntzarekin hurbilketa (askotan nahiko gordina) lor dezakegu. Nire esperientziak esaten didanez hauekin lan egiteak onuragarria izan liteke, baina oso nabaria da modeloak ez direla pazienteak. Hauek bakarrik izaten dituzte gaixotasunaren aktore batzuk, baina errepartoaren beste zatia falta zaie. Gaur egun Beta amiloidea “starring” delakoa da, baina ene ustez modaren antzekoa da, hurrengo urteetan tau izan liteke, sistema kolinergikoa edota diabetesa.
Bukatzeko esango dut, artikulu honek esaten duenak laguntza ttiki bat eskaitzen duela ikerketa globalari nahiz eta, nere ustez, laguntza hori ez joan norabide zuzenen.
Iruzkin interesgarria, zurea, zalantzarik gabe. Eskerrik asko!
[…] Geneak eta bakterioak hor utziko ditugu eta neuronetara goaz Alzheimerraz hitz egiteko. Javier San Martín kazetariak Bartzelonako Unibertsitateko ikerketa talde baten lanaren berri ematen digu Zientzia Kaieran. Ikertzaileek antzeman dute proteina batek kognizio ahalmen batzuk berreskuratu ditzakeela neuroendakapen gaixotasunak […]