Leicesterko Unibertsitateko Geologia Sailak zuzenduta, berriki plazaratu da lan bat[1], nahiko jakin-mina handia piztu didana: etorkizuneko aztarna arkeologikoak teknofosiltzat jo ditzakegu. Benetan ari naiz, ez da izen-aldaketa deigarri bat bakarrik.
Egileek diote Arkeologian erabili izan den aztarnategi kontzeptua eraldatua gertatuko dela: azken bi mendeetan eta bereziki XX. mendearen erdialdetik aurrera, hala eragin dute bai giza populazioaren izugarrizko gorakadak, bai eta gizakiaren sormen teknikoek. Berez, aztergai hartu behar da teknoestratu bat, iknofosiletan[2] aberatsa, eta erabat berria Lurraren historian. Estratu hau denbora-markagailu izango da denbora luzean zehar. Teknofosil esaten diete autobide bat, sakelako telefono bat edo plastikozko poltsa bat bezalako iknofosil hauei.
Teknoestratu hau oso berezia izango da, naturan sortu ez diren edo naturan oso gutxitan azaltzen diren material ugariz osatua egongo delako. Horra hor besteak beste burdina konbinatugabea edo aluminio, titanio, banadio edo molibdenoa bezalako metalak. Era berean, hor egongo dira wolframio karburoa, boro nitruroa, nanomaterial ugari eta plastiko, kristal eta zeramika moderno asko. Hiri handietan, industri zonaldeetan eta zabortegietan, kantitate handietan sartzen doaz material hauek substratu geologikoan. Areago, gero eta zailagoa gertatzen da material hauen inongo aztarnarik ez duten tokirik aurkitzea, urrun edo hurbil zibilizaziotik.
Bestetik, meatzaritza ehunka edo milaka metrotan behera iristen da Lurrean barrena. Adibidez, TauTonako urre-meategian (Hego Afrikan), 3.900 metrora dihardute lanean meatzariek[3]. Egileen hitzetan, honelakoetan biosferako metazooak lehendabizi sartzen ari dira Lurraren sakonean. Berri-berriak dira halaber Planetaren historian, bestelako astroetara edo urruneko espaziora bidalitako espazio-ontziak. Honek guztiak eta beste zenbait kontuk sortuko dute teknoestratu global hau, extraglobaltzat ere jo litekeena, eta denboran zehar bere horretan jarraituko duten teknofosilez osatua.
Eta gainera, nik uste dut balitekeela etorkizuneko zientzialariek (begi pare bat edo begi gehiago badituzte ere) nahita sortutako teknofosilak aurkitzea: hor ditugu sakoneko erregai nuklearreko biltegiak, berez oso egitura geologiko egonkorretan kokatzen direnak. Naturan berez gerta daitekeen oro, oso urrun dago biltegietan gordeko diren isotopoen kontzentrazio eta proportzioetatik eta bai desintegrazioaren ondorioetatik ere. Honelakoek topatzen dituztenek, jakingo dute espezie adimentsu bat egon zela Lurrean. Lurrak bere honetan jarraitzen duen bitartean, alegiazko begirale horiek aukera izango dute zientzia eta teknologia nuklearra izan dugula egiaztatzeko.
Zer esanik ez, ikasketa honen egileek Haffek proposatutako teknosferaren iraupenarekin uztartu dute teknoestratu honen eragina[4][5]. Alegia, giza espezie teknologikoaren jardueren intentsitatean eta espeziearen biziraupenean bertan kokatzen du honen guztiaren garrantzia. Horren guztiaren arabera gauzatuko dira gure espezieak planeta honetan eta bestelakoetan utziko dituen aztarnak. Edonola, egileek pentsatzen dute kontuak hain garrantzi handia duelarik, Lurrean eraldatuak gertatzen ari direla hainbat ziklo fisiko, kimiko eta biologiko[6]. Besteak beste, Nobel sariduna den Paul Crutzenek aldarrikatzen du Holozenoa bukatu eta Antropozeno izeneko aroa hasi dela[7].
Hasieran esan bezala, izen-aldaketa bat baino zerbait larriagoa dela iruditzen zait hau, eta izan ere, ikuspegi berria izateko aukera dugu orain: eskala kosmikoan oso txikiak eta bizitza laburrekoak izan arren, gure zibilizazio teknologikoaren hondarrek luzaro iraungo dute. Gure ondorengo gizakiei ez ezik, geroago etortzen direnei ere iritsiko zaizkie aztarnak, nolabaiteko eternitatean sartuta. Gure esku dago erabakia: zein herentzia utzi nahi dugu, zein oroimen laga gura dugu betiko?
Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.
[1] Jan Zalasiewicz et al.: The technofossil record of humans. The Anthropocene Review, 2014ko urtarrilaren 7. DOI: 10.1177 / 2053019613514953.
[2] “Aztarna fosilak” ere izenda ditzakegu. Alcalako Unibertsitateko Paleontologia arloko Antonia Andraderen definizioaren arabera, jalkinarekin edo beste bizidunekin elkarrekitearen ondorioz bizidunen jarduerek uzten dituzten aztarnak dira “aztarna fosilak”.
[3] mining-technology.com webgunean: TauTona, Anglo Gold, Sudáfrica
[4] Haff, Peter K. (2012): Technology and human purpose: The problem of solids transport on the Earth’s surface. Earth System Dynamics 3: 417–431.
[5] Haff, Peter K. (2013): Technology as a geological phenomenon: Implications for human well-being. Waters CN et al. (eds.), A Stratigraphical Basis for the Anthropocene. Geological Society, London. DOI 10.1144/SP395.4
[6] Rockström, Johan et al. (2009): A safe operating space for humanity. Nature 461: 472–475. DOI: 10.1038 / 461472a
[7] Crutzen, Paul J. (2002): Geology of mankind. Nature 415: 23 DOI: 10.1038 / 415023a
2 iruzkinak
Pena que solo esté en euskera!!!!!.
Puedes consultar el artículo en castellano en el blog Cuaderno de Cultura Científica: Tecnofósiles.