Neandertal eta cromagnon gizakiak ez ziren aldi berean Iberiar penintsulan bizi izan

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Washingtongo Natur Zientzien Museo Smithsondarreko Giza Jatorriko Aretoan erakusten den Neandertal gizon baten berregitearen irudia; Shanidar 1 fosilean (80-60 mila urte) oinarrituta dago berregitea (berregitea: John Gurche; argazkia: Tim Evanson)
Washingtongo Natur Zientzien Museo Smithsondarreko Giza Jatorriko Aretoan erakusten den Neandertal gizon baten berregitearen irudia; Shanidar 1 fosilean (80-60 mila urte) oinarrituta dago berregitea (berregitea: John Gurche; argazkia: Tim Evanson)

Neandertal bat eta lehendabiziko gizakietako bat elkartzen irudikatzen genuen irudi hori ez zen Iberiar penintsulan gertatu. Horixe da, hain zuzen ere, Pirinioetatik sartzeko ibilbidean kokatutako hiru kobazuloetan (L’Arbreda, Labeko Koba eta La Viña) gure espezieko lehenengo gizakien aztarnen data berriz jarri eta gero nazioarteko ikertzaile talde batek lortu duen ondorioa; taldeko ikertzaileak Australian National Universityn, Oxfordeko Unibertsitatean, UPV/EHUn, Marylandeko Unibertsitatean, Universitat de Gironan eta Oviedoko Unibertsitatean ari dira lanean.

Historia aurreko aztarnen data ezartzeko orain arte karbono 14 sistema erabiltzen zen, urteek aurrera egin ahala desagertzen den isotopo erradioaktibo bat. 40.000 urte igaro eta gero (gutxi gorabehera lehenengo gizakiak Europara iritsi zirenetik denbora hori igaro baita), oso zati txikia gelditzen da, zati txiki hori erraz kutsa daiteke eta baliteke data berriagoen itxura ematea. 2005. urtean hasi ziren teknika berri bat aplikatzen, DNA probetan kolagenoa purifikatzeko erabiltzen dena. Metodo horri esker, materia organiko originalaren zatia lortzen da, ondorengo kutsadura guztia kenduz.

Teknika berri honekin, zientzialariek ondorio berberak lortu dituzte Europa osoko aztarnategi gakoetan: “Ikusi dugunez, gure espeziea uste zena baino 8.000 urte lehenago iritsi zen Europara, eta gure espeziearen datazio zaharrenak eta neandertalaren berrienak ikusi daitezkeen lekuan antzeman daiteke eskualde marko zehatz batean ez dagoela gainezarpenik” azaldu du Alvaro Arrizabalaga Geografia Historiaurrea eta Arkeologia saileko irakasleak eta, María José Iriarte eta Aritza Villaluengarekin batera, ikerketan parte hartu duen UPV/EHUko ikertzaileetako batek.

Argitaratu berri den ikerketarako aukeratutako hiru haitzuloak Gironan (L’Arbreda), Gipuzkoan (Labeko Koba) eta Asturiasen (La Viña) daude, hau da, Pirinioetako mendebaldeko eta ekialdeko muturretan; penintsularen eta kontinentearen arteko herritarren eta animalien joan-etorria eremu horretan gertatzen zen. Arrizabalagaren hitzetan, “L’Arbreda ekialdeko pasoan dago; Labeko Koba, Deba haranean, Mendebaldeko Pirinioetatik zehar sartzeko igarobidean dago (Arrizabalagak eta Iriartek 1988. urtean urgentziaz induskatu zuten, Arrasateko saihesbidearen eraikuntza lanek hondatu baino lehen), eta La Viñak paradigma balioa du, Goi Paleolitoko sekuentzia bikaina eskaintzen baitu, hau da, azken glaziazioan cromagnonek izan zuten jokabide tekniko eta kulturalaren sekuentzia.”

collage

Aztarnen aukeraketa oso zorrotza izan zen eta hezurrez egindako tresnak edo, horiek ezean, giza jardueren aztarna argiak zituzten hezurrak baino ez ziren onartu; azken kasu horri dagokionez, oro har, haragia kendu izanaren markak zituztenak hautatu ziren, hau da, giharra kentzeko tendoien inguruan ebaketak zituztenak. “Labeko Kobako kurba tinkoena da hiru horien artean, eta hiru horiek dira, halaber, Iberiar penintsulako tinkoenak” azaldu du Arrizabalagak. Labeko Koban 18 aztarnaren data ezarri zen, eta emaitzak bat datoz erabat dagokien kokaleku estratigrafikoarekin; beste era batera esanda, geruza sakonenetan agertutakoak dira zaharrenak.

Azken hiru urteetan Britainia Handia, Italia, Alemania eta Frantziako aztarnategi gakoak ikertzerakoan ikertzaile taldeek lortutako ondorio nagusi berbera lortu dute, alegia neandertalak eta cromagnonak ez omen zirela Iberiar penintsulan ezagutu. “25 urtez esan dugu neandertalak eta lehenengo gizakiak 8.000-10.000 urtez elkarrekin bizi zirela. Gaur uste dugu Mendebaldeko Europan denbora tarte bat izan zela batzuen eta besteen artean; beraz, Ekialde Hurbila bezalako zonaldeetan izandako hibridazioa hemen ez zen gertatu” azaldu du Arrizabalagak. UPV/EHUko irakaslea neandertalen datazioak atzeratzea hizpide zuen beste ikerketa baten egilekide ere bada, 2012an argitaratutakoa. “Datazio-lanak egin genituen berriz ere, ultrafiltrazio tratamendu horrekin, gaztetzen duen kutsadura desagerrarazten duena, Mousteriar aroko aztarnak, neandertalen berezko kultura materiala, penintsularen hegoaldeko aztarnategietakoak. Horietan, duela gutxiko datak lortu ziren (29.000 urtera artekoak), baina datazio berriak 44.000 urtera artekoak dira, Cromagnonei egotzi ahal zaizkien lehenengo datak baino lehenagokoak”, azaldu du UPV/EHUko irakasleak.

Iturriak

R.E Wood, A. Arrizabalaga, M. Camps, S. Fallon, M.-J. Iriarte-Chiapusso, R. Jones, J. Maroto, M. de la Rasilla, D. Santamaría, J. Soler, N. Soler, A. Villaluenga, T.F.G. Higham. The chronology of the earliest Upper Palaeolithic in northern Iberia: New insights from L’Arbreda, Labeko Koba and La Viña, Journal of Human Evolution (2014), http://dx.doi.org/10.1016/j.jhevol.2013.12.017

Julià Maroto, Manuel Vaquero, Álvaro Arrizabalaga, Javier Baena, Enrique Baquedano, Jesús Jordá, Ramon Julià, Ramón Montes, Johannes Van Der Plicht, j, Pedro Rasines, Rachel Wood. Current issues in late Middle Palaeolithic chronology: New assessments from Northern Iberia Quaternary International (2012) doi:10.1016/j.quaint.2011.07.007

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.