Gure antzera irudikatzen dugu Neandertalgo gizakia

#KZJaia · Dibulgazioa · Ekitaldiak

Nondik gatoz eta nora goaz? Historian zehar gizakiok galdera hauei erantzutea izan dugu helburu eta, baliteke hori izatea, gure arbasoen inguruan dugu jakin-minaren oinarria. Alvaro Arrizabalaga historiaurrean aditua da, UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzailea eta lehen gizakiek utzitako arrastoak ditu ikergai. Horiei esker, besteak beste, neandertalen nondik norakoak aztertu ditu eta horrez gain, haren ikerketa-taldearekin batera sasoi hartako ingurugiroa berreraikitzeko lanetan dabil, azterketa paleoklimatikoaren bidez. Azken honen helburua da garaiko paisaia, landaredia eta bestelakoak ezagutzea, garaiko klimaren zein zen jakiteko asmoz. Horrek, klimaren definizioak, neandertalek zituzten bizi-baldintzak zeintzuk ziren ezagutzen lagunduko liguke.

Egiten diharduen lanari buruz eta baita ere, neandertalei buruzko azken ikerketek plazaratu duten emaitzen berri eman zuen Alvaro Arrizabalagak, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatzen duen #Zientziateka ekitaldian. Bertan, esandakoaren arabera, argi utzi zuen Arrizabalagak, neandertalei buruzko ikerketak ez duela momentuz amaierarik.

Orain arte egindakoa lana bada ere, Arrizabalagaren ustez, ikerketa lerro honek ez du amaierarik eta sarritan, aurkitutakoaren arabera, aurreko ikerketak eskainitako iritzia aldarazten du emaitza berriak. Horrez gain, kuriosoa badirudi ere, neandertalei buruz hitz egiten dugunean, inor ez dela neutrala azpimarratzen du. Zergatik ote? Oso mundu dinamikoa delako, oso informazio objektibo gutxi dagoelako inplikatua eta baita ere, faktore guztiz subjektiboak daudelako tartean. Izan ere, denok dugu esateko zerbait, “neandertalak ez zirelako guztiz desagertu, guztiok baitugu euren zati txiki bat geneen artean”.

Baina nolakoak izan ziren neandertalak? Nola bizi ziren? Gizaki hauek mintzoa zuten, okrearen hautsa bezalako koloratzaileak erabiltzen zituzten. Ikusi denez, batzuek ehorzketan egiten zituzten, soina apaindu egiten zuten eta neandertal berrien artean kanibalismoa praktikatzen zen, batzuk antropofagoak ziren. Baina badira ere galderak zintzilik. Adibidez, gai ote ziren neandertalak portaera grafikoa, artistikoa izateko? Kantabriako El Castillo kobazuloko indusketetako aztarnek horrela ematen badute aditzera ere, momentuz adituak ez dira ados jartzen honen inguruan.

Alvaro Arrizabalagak azpimarratu zuen ere, egun ezin dugula jakin nolakoak ziren Neandertalgo gizakiak. Ez dakigu bizarrik ote zuten, tatuatuak zeuden edota zein itxura zuten, baina egiten ditugun neandertalen erreprodukzioek, gugandik gero eta gertuago dagoen gizaki bat irudikatzen dute.

neandertala trajearekin
Irudia: Mettmaneko Neandertalen Museoan dagoen, trajeaz jantzitako neandertal baten erreprodukzioa. (Argazkia: H. Neumann)

Max Planck Institutuko laborategietan egiten dira neandertalen arrastoen DNA analisiak. Hau da, egun, horretarako prestatua dagoen bakarrenetarikoa. Baina aurkitutako aztarna fosilak ez dira asko. Hezur fosilak oso gutxitan agertzen dira eta bestelako arrastoak askoz informazio apalagoa, xumeagoa ematen digute. Neandertalen inguruan aurkitutako aztarna ugarienak dira ehizatzen zuten animalien arrastoak eta erabiltzen zituzten gauza eta tresnei buruzko aztarnak, sedimentuekin batera. Hauek, arestian aipatu bezala, ez dute informazio oso esanguratsua eskaintzen.

Neandertalen ikerketa paradigmaz beteta dago. Lehenak 100 urte iraun zuen, 1856. urtean neandertalen lehen hezur arrastoak aurkitu zirenetik 1979. urtera arte. Lehen paradigma honen arabera, neandertala gure aurretik zegoen espeziea zela pentsatzen zen. Eta hau desagertu egin zela modu automatikoan, gure espeziea Europara etorri zenean. Paradigma honen oinarrietako bat zen espezien bien material kultura oso desberdina zela eta kultura bien arteko etenak markatzen zuela desagerpen horren muga.

1979. urtean paradigma hau aldatu egiten da Frantzian Saint-Césaireko kobazuloan, Paleolitoko testuinguru batean, neandertal hezurdura bat aurkitu zutenean. Horrek iradoki zuen ordezkapena ez zela izan automatikoa, baizik eta, agian bi espezieen artean harremana egon zela. Hamar urte beranduago, Iberiar penintsulan egindako datazioek, besteak beste, Castilloko kobazuloan egindakoek, agerian utzi zuten gizaki modernoaren etorrera Europara ustez baino arinago gertatu zela, pentsatzen zena baino 5.000-6.000 urte lehenago.

Azkenik, 1992tik aurrera paradigma berri bat finkatuta gelditzen da: hego Europako penintsulan badagoela bi espezien arteko elkar bizitza, eta nahiko luzea, 10.000 urtetan zehar. Baina paradigma hau, Alvaro Arrizabalagak azaldu zuen moduan, aldatu beharrean aurkitzen gara datozkigun azken emaitzen ondorioz.

Izan ere, azken aurkikuntzen arabera, Neandertalgo eta Cro-Magnon gizakiak ez ziren inoiz elkartu Iberiar penintsulan, ezta mendebalde Europa osoan ere. Emaitzen arabera, bi espezien presentzia-erregistroen artean 1.000 urte inguruko aldea zegoela ondorioztatu baita. Datu hauek, besteak beste, albo batera uzten du gure espezieak neandertalengan izan zuen ustezko kultura eragina. Arrizabalagaren hitzetan, Neandertalgo gizakiak ez zuen Cro-Magnongo gizakiaren portaera imitatu hau ikusi ondoren, ez baitziren elkarrekin bizi Europan.

Xehetasun guztiak, Alvaro Arrizabalagaren “Neandertalak: amaierarik gabeko ikerketa” hitzaldi interesgarri honetan:

Las investigaciones más recientes sobre los Neandertales

Egileaz: UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra (@Zientzia), zientzia gizarteratzea helburu duen erakundea da. Horren baitan, besteak beste, Bilboko Alondegian (@alhodingabilbao) puri-purian dauden zientzia arloko gaiak jakitera emateko #Zientziateka hitzaldia antolatzen du hilean behin.

Artikuluaren testua Zientzia Kaierako editoreak (@UxuneM) landu du, #Zientziatekako hitzaldian eskainitako datuekin.


“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

kzjaia3

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.