Asteon zientzia begi-bistan #50

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

zientzia begi-bistan #50

Udaberriarekin batera, martxoaren 20an eguzki-eklipsea izango dugu. Eklipsea ez da totala izango baina une garaienean, ilargiak eguzkia estaliko du %70ean. Ez dugu gaua egunez sumatuko baina Pamplonetarioko Miren Karmele Gomezek eta Javier Armentiak azaldu digute, nabarituko dugula argitasunaren jaitsiera: Eklipsea!

Egunak zenbatuz gero, ikusiko dugu gero eta egun gutxiago gelditzen direla eklipsea gerta dadin. Eta, ba al dakizue egun dugun zenbatzeko sistema indiarrek asmatu zutela eta arabiarrek transmititu zutela Europara? Gizakiok zenbatzen hasi ginean, behatzak, markak, soken korapiloak eta hainbat forma erabili genituen kontatzeko. Ana Sáezek, Donostiako San Ignazio Ikastetxeko ikasleak, errepasatzen ditu Galtzadaberri blogean historian zehar garatu diren zenbatzeko sistemak: Zenbakikuntza-sistemak historian zehar.

Iraganeko aztarnak ditu ikergai Historiaurrean aditua den Alvaro Arrizabalagak. Besteak beste, haren lanak Neandertalgo gizakiaren nondik norakoen berri ematen digute eta azken ikerketen emaitzak azaldu zizkigun Neandertalak: amaierarik gabeko ikerketa hitzaldian. Bi gauza azpimarratu zituen Alvarok: neandertalei buruzko ikerketa paradigmaz beteta dagoela eta hauek aldatzen doazela aurkitutako datu berriekin batera. Bestalde, gogoratu zigun, jakin ez badakigu nolakoa zen fisikoki Neandertalgo gizakia, egun gure antzera irudikatzen dugula berau. Zientzia Kaiera blogean jasota dituzue hitzaldian esandakoa hamaika datu interesgarri.

DNA aztertuz mila gauza jakin daitezke. Harrigarria badirudi ere, hizkuntzan jatorria ere ondorioztatu ahal da DNAren bidez. Amaia Portugal kazetariak jakinarazi digu, Harvard Unibertsitateko David Reich genetista ezagunak zuzendutako nazioarteko taldeak, antzinako DNA aztertuz ondorioztatu duela, hizkuntza indoeuroparrak Errusiako hego-mendebaldeko estepatik ekarri zituztela gure arbasoek duela 4.500 urte inguru. Zientzia Kaieran datu guztiak: Europako hizkuntza gehienen sehaska.

Zenbakiekin zerikusia duten gai batekin lotua dago Asier Erramuzpe informatika-ingeniariaren lana. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Biocruces Institutuan lanean dihardu, besteak beste, epilepsiaren kuantifikazio-lanetan eta horretarako metodo aurreratuak eta algoritmoak erabiltzen ditu seinale elektrofisiologikoetatik datuak jasotzeko. Haren lanaren berri eman digute Unibertsiatea.net atarian: Asier Erramuzpe: “Erabat ezberdinak diren bi gairi buruz zerbait dakiten bi pertsona elkartzen direnean, elkarrekintza oso positiboak suertatu ohi dira”.

Aitor Bergara fisikariak gailu berezi bat erakutsi digu asteon, lebitazioa gauzatzen duen gailua, lebitroia (levitron). Izan ere, fisikan lebitazioa nola gauzatzen den, nola den posible hori gertatzea azaltzen digu. Lebitazioa, objektu bat espazioan esekita gelditzerakoan gertatzen dela deritzogu. Hau da, airean zintzilik gelditzen denean gorputz bat beste ezeren laguntzarik gabe eta, nola ez, grabitatearen eraginpean. Zientzia Kaiera blogean azalpenak: Lebitazioaren atzetik.

Elhuyar aldizkarian Egoitz Etxebestek oso gai interesgarri bat ekarri du egunotan. Galdera bati erantzun dio haren artikuluak, nola aldatzen du azaleko kolorea kameleoiak? Egoitzek diosku Genevako Unibertsitateko ikertzaileek egindako ikerketen arabera, kameleoiek azaleko egitura-aldaketen bidez egiten dituztela kolore-aldaketa azkarrak. Hau da, azalak argia desberdin islatzearen eraginez aldatzen dutela kolorea, eta ez, beste animalia batzuek bezala, pigmentuak pilatuz edo barreiatuz: Kameleoiek azaleko egitura-aldaketen bidez aldatzen dute kolorea.

Berrian gure itsasoko hondoak kolorea galdu duela esan digute asteon, kolore gorria. Bai, Kantauri isurialdean Gelidium corneum edo alga gorria izan dugu orain arte, baina badira urteak klima-aldaketaren eraginez desagertzen joan dela. Algak biltzen dituztenek ere nabaritu dute haren galera eta honek itsas hondoko bioaniztasunaren geroa jar dezake kolokan. Saioa Alkaiza kazetariak, EHUko Itsas Bentos Ikerketa-taldekoek arlo honetan egindako ikerketaren berri eman digu. Honen arabera, alga gorrien gainbehera jada ezin da saihestu kaltea eginda baitago.

Argia aldizkarian Nagore Irazustabarrenak itsasoarekin, urarekin lotura duen altxor bat ezagutzeko aukera eman digu, Gipuzkoako kostaldean duguna, Geoparkean. Seguruenik guztiok flyscha izango duzue gogoan, bai, gure kostaldeko flyscha harri bitxia bada ere, altxor hau barnealdean dago, lur gainean eta lur azpian gorderik. Errotez eta kobazuloz osaturik dagoen, flyscharen itzalean dugun altxor karstikoa da.

Geoparkean altxor berri bat dugula jakinarazi dute propio egunotan. Hiru urtez lan bibliografikoa eta eremuko lana egin eta gero, Mutrikuko Olatz auzoko Zelaitzueta haizeolaren berri eman dute asteon. Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzan Nerea Bedialaunetak diosku Europan egon daitekeen burdin laberik handiena izan litekeela Zelaitzuetakoa eta energia hidraulikoa erabiltzen hasi aurretik ere existitzen zela berau: Energia hidraulikoaren garai aurreko burdin laberik handiena aurkitu dute Mutrikun.

Eta bukatu aurretik ezin ditugu ahaztu beste bi gai interesgarri. Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu du oroimenari iruzur egin diezaiokegula eta horren adibide bat ekarri digu: izan ez duten esperientzia baten oroitzapena txertatu diete saguei, lotan zeudela. Argian, Joxerra Aizpuruak bestalde, Saharako hautsak, Ozeano Atlantikoko eta Karibe itsasoko fitoplanktona elikatzen duela kontatzen digu: Saharako hautsa Amazonian elikagai.
—––

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.