Javier Meana: “Enpresa farmazeutikoak gai dira pandemia mehatxu txiki bat mehatxu erraldoi batean bihurtzeko”

Elkarrizketak

Peru S. Gamarra

DOCU_GRUPO

Kafetegi batean egunkaria irakurtzen gaudela, bat-batean titular honekin egiten dugu topo: “Hegazti gripea, pandemiaren arriskua”. Artikulua irakurtzen hasi eta gorputzean beldurra sartzen zaigu. Ekidin nahiko genukeen nolabaiteko ezinegona. “Gaixotasun hau ez da edonolakoa. Badaramatzagu hilabete pare bat albiste hauek entzuten eta badirudi kontua ez dela txantxetakoa. Milaka lagun hilko al dira munduan? Hobe dugu denok horretarako prestatzea…”, pentsatzen dugu.

Ez gara beldur hori dugun bakarrak. Lanean, eskoletan, metroan, autobusetan… jende guztiak berdina komentatzen du. Benetan gertatuko ote al da? Gainera, mundu mailako erakundeek (Munduko Osasun Erakundeak, adibidez) bere iritzia eman dute gaiaren gainean eta denek dute kezka bera: ez daude seguru pandemiarik egongo den edo ez (ez, behintzat, 100%an), baina arriskua hor dago eta gizartea horretarako prestatu behar da. Herrialdeek, arrisku horren aurrean, txerto eta medizina mordoa erosteko erabakia hartu dute. Ez dira beren herritarrak izango hurrengo hilabeteetako prentsan agertuko direnak. Ez, behintzat, hildakoen albisteetan. Eta dirutza gastatzeko erabakia hartu da.

Hala ere, dirua ez da txertoetan bakarrik xahutu. Enpresek eta eskolek, garbitasunaren aitzakiarekin, hamaika produktu erosi dituzte. Honela, denok ohitu gara eskuak produktu garden eta likatsu batekin garbitzera. Prebentzioa, guztiaren aurretik. Baina, denbora aurrera joan ahala, ez dugu gaixorik ikusten gure inguruan. Milaka lagun hil beharrean, gutxi batzuk daude eztularekin. “Katarro normalak jende gehiago hil duela esango nuke”, pentsatu dugu denok. Azkenean ez da pandemiarik egon, zorionez, baina denok dugu engainatu gaituztenaren inpresioa.

Enpresa farmazeutikoek asmatu al zuten hau dena duela 6-7 urte? Urteak pasatu dira harrez geroztik, baina, zer gertatu da gastatu zen diru guztiarekin? Zientzia Kaiera Javier Meana farmakologoarekin elkartu da gai honetaz eta beste askotaz hitz egiteko. Hauexek dira Medikuntzan eta Kirurgian doktorea den eta EHU-n Farmakologian katedraduna den ikertzailearen hitzak.

– Farmakologian katedraduna zara eta baita Medikuntzan eta Kirurgian doktorea ere. Nola azalduko zenioke zure lana honetaz guztiaz tutik ere ez dakien norbaiti?

Irakasle edota ikertzaile bezala galdetzen didazu?

– Biak noski…

Irakasle bezala, nire helburua da farmakologia ikasleei irakastea eta, batez ere, Medikuntza ikasketak burutzen dituzten 5. mailako ikasleei ematen dizkiet klaseak. Farmakologia klinikoa ikasgaia da ematen dudana eta, klasean, ikasi dituzten gaixotasun bakoitzarendako zein sendagai erabili behar duten erakusten saiatzen naiz. Irakasgai konplikatua eta, gainera, urtero gauza berriak ikasi behar ditugu. Eguneratua egotera behartzen zaituen irakasgaia da eta etengabe egon behar dugu gauza berriak irakurtzen.

– Eta, ikertzaile bezala?

Farmakologia sail batean egiten dut lan eta, bertan, sendagaiekin lotuta dauden ikerketak burutzen ditugu. Jendeak kokatu gaitzan, gure ikerketa taldea neuropsikofarmakologiaren barruan sartzea gustatzen zait. Honela identifikatuta geratzen gara. Gure jardun nagusiari dagokionez, aipatu beharra daukat gaixotasun mental ezberdinen oinarri biologikoak identifikatzen saiatzen garela. Gaixotasun psikiatriko larrien oinarri biologikoak aztertzen ditugu, alegia. Eta, zein gaixotasun? Bada, depresioa, eskizofrenia… Bestalde, gaur egun dauden sendagai ezberdinak aztertzen ditugu ere. Psikiatrian eta baita Medikuntzan ere, urteetan zehar, paradoxa bat eman izan da: sendagaiak funtzionatzen zuela bagenekien baina ez genekien ongi nola funtzionatzen zuen. Badirudi arraroa dela esaten dudan hau, baina oso gauza arrunta da. Hau medikuntzaren historia da, besterik gabe. Adibide batekin ongi ulertuko da. 150 urtez egon gara aspirina hartzen eta bagenekien efektiboa zela, baina bere akzio mekanismoa nolakoa zen 90ko hamarkadan ikasi genuen. Izan ere, Nobel saria eman zioten hau aurkitu zuenari. Oso arrunta da hau guztia Medikuntzan.

– Zaila da ulertzen komentatzen duzuna…

Ez, ez. Begira, beste adibide batekin azalduko dizut. Badira sendagai asko bere abiapuntua landare batean izan zutenak. Landare horiek belaunaldiz belaunaldi erabili izan dira eta efektiboak ziren. Ondoren, XIX. mendeko kimikariak etorri ziren eta bere sintesi kimikoa egin zuten. Interesatzen zitzaien produktua hartu eta hau isolatzeko gai izan ziren. Urteetan egon gara medikamentu hauek hartzen eta ez genekien ongi bere funtzionamendua nolakoa zen.

Javier Meana, zientziatekan
Javier Meana, Bilboko Alondegiko #Zientziateka saioan hitzaldia ematen.

– Aldatu dezagun gaia. Enpresa farmazeutikoek ez dute bat ere fama onik gure gizartean. Askotan, deabruarekin lotzen dira. Zergatik gertatzen da hau?

Nik uste gai honetan badela gizartearen partetik hipokresia puntu bat ere. Gaian sartu aurretik gauza bat garbi utzi nahiko nuke: enpresa farmazeutikoen etsairik txarrenak farmakologoak gara. Hau garbi dago. Sektore publikoko farmakologoak dira sendagaiak erabili behar direla erakutsi behar dutenak. Beraiek dira konbentzitu behar gaituztenak. Hau da, marketinga froga zientifikotik banatu behar dute eta gizarteari erakutsi sendagaiak benetan direla erabilgarriak. Hori gure lanbidearen parte da. Eta honek zer esan nahi du? Bada, askotan farmazeutikei ezetz esatea.

– Eta zergatik dute hain fama txarra enpresa hauek gure artean?

Enpresa farmazeutikoak enpresa pribatuak dira. Kotxeak edota armak egiten dituzten enpresak bezalakoak, alegia. Ez gehiago ez gutxiago. Egia da ere enpresa farmazeutiko hauek zalantzan jarri daitezkeen praktikak eta lan egiteko moduak ere izan dituztela, modu suabe batean esateagatik. Hala ere, enpresa hauek beharrezkoak ditugun produktuak egiten dituzte eta beraien existentzia beharrezkoa da gizartearentzat. Gainera, dituzten ezaugarriak kontutan hartuta, enpresa hauek multinazionalak izan behar dute.

– Eta, zergatik?

XIX. mendeko farmazeutikoek beren etxean egiten zituzten sendagaiak. Gaur egun, ordea, dugun legislazioa kontutan hartuta, ezinezkoa da hau gertatzea. Orain egiten ditugun medikamentuek sekulako kontrolak pasatzen dituzte. Merkatuan dagoen edozein produktuk baino askoz ere fuerteagoak. Sendagai bat sortzen denetik merkatura ateratzen den arte, 10 urte kalkulatzen dira. Denbora tarte hau askoz ere handiagoa da abioi edota kotxe bat fabrikatzeko baino. Patenteek, gainera, 20 urte irauten dute medikamentuen kasuan eta, patente hau, produktua sortzen den unetik eskatzen da. Beraz, 20 urteko patente eskubidea lortzen baduzu eta, 10 urte itxaron behar badituzu merkatura atera arte, honek esan nahi du, 10 urte ibiliko zarela inbertitzen eta ez duzula bueltan ezer ere ez lortuko. Hau da, enpresa farmazeutikoek beste edozein enpresak baino denbora tarte gutxiago dute bere inbertsioak berreskuratzeko. Bestetik, garapen farmazeutikoa hasi zuten 10.000 molekuletatik, bakar batek bakarrik lortzen du merkatura iristea. Hau da, enpresa farmazeutikoek planteatzen dituzten molekula gehienak bidean geratzen dira. Oso negozio arriskatuak dira eta honegatik da beharrezkoa enpresa mota hauek multinazionalak izatea. Enpresa txiki batek ezin dezake hau guztia jasan.

– Egia da lehen enpresa txikiak bazirela…

Bai, baina enpresa hauek desagertzen joan dira. Enpresa handiagoetan sartuz joan dira pixkanaka. Oso inbertsio handiak dira behar dira medikamentuak egiteko, oso denbora luzean gainera, eta aukera gutxi daude arrakasta lortzeko. Honegatik erabiltzen dute hainbeste diru enpresa hauek bere marketingean. Dirua berreskuratzeko edozein enpresak baino denbora gutxiago dute, eta ezinbestekoa da beraientzat marketing ona egitea. Inbertsio erraldoi honek sendagaien prezioak justifikatzen ditu. Patenteak bukatzen direnean, prezioak nabarmen egiten du behera.

– Hala ere, askotan esan izan da enpresa hauek gaixotasunak asmatu dituztela beren produktuak saltzeko. Hor dago hegazti gripearen adibidea. Gaixotasun hura erreala izan zen edota negozio bat?

Gai hauetaz hitz egiten denean, kontuan izan behar dugu gauzak ez direla zuriak edo beltzak. Konplexuagoa da. Hasteko, esan beharra dago, enpresa farmazeutiko batek negozioa egiteko aukera bat ikusten badu, horren bila joango dela. Honetarako gainera, makinaria potente bat dute marketing-aren ikuspuntutik. Enpresa hauek gai dira mehatxu txiki bat mehatxu erraldoi batean bihurtzeko. Hala ere, ez dugu ahaztu behar, honelako mehatxu bat dagoenean beti egoten dela ziurgabetasun puntu bat. Ez dakizu ongi zer gertatu daitekeen. Honi guztiari, alerta maila nolakoa izan behar zuen erabaki behar zuten pertsonek enpresa hauetan interes pertsonalak zituztela gehitzen badiozu… Eta egon da ere kasuren bat non sendagaia bera gaixotasuna etorri aurretik eginda egon den. Hori bai dela grabeagoa…


Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.