Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak bilduko ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta bilduta eskaintzeko helburu dugu. Zeri buruz hitz egin da sarean? Eman diezaiogun begirada bat.
Geneak, genetikak, genomak jakin-min handia pizten dute. Giza genomaren sekuentziazioak hainbat gaixotasunen geneak aurkitzeko aukera eman du. Ez da ez nolanahiko gaia. Koldo Garcia ikertzaileak, besteak beste, geneak ditu maite eta hauen sekretuak erakusten dizkigu Edonola blogean. Oraingoan aro berri bat deskubritzen digu, “Omika” aroa. Nondik dator aro hau? Koldok azaltzen digunez, genoma ikertzeari genomika deitu zitzaion. “Omika”rekin multzoen azterketa definitzen da. Adibidez: proteomika, proteina multzoen (proteoma) azterketa da edo metilomika, metilatuta dauden gene multzoaren azterketa da. Garai berri honek izaki bizidunok nola funtzionatzen dugun eta eboluzioa nola gertatu den ondorioztatzeko baliagarria dela plazaratzen digu Omika Garaia artikuluan.
Amebiasi gaixotasuna klima bero eta tropikaletan ugariak diren Entamoeba histolyca ameba-espezieak sortzen du. Ameba hau heste lodian kokatzen da eta trogozitosia erabiltzen du koloneko zelulei eraso egiteko. Guillermo Roa zientzia-dibulgatzaileak Elhuyar aldizkarian Virginiako Unibertsitateko ikertzaileek amebaren inguruan egindako ikerketa bati erreparatzen dio. Ikertzaileek amebiasia nola sortzen den argitu dute. Dirudienez Entamoeba histolyca ameba parasitoak zelulari zatiak kentzen dizkio oraindik bizirik dagoela, eta zati horiek fagotizatzen ditu. Ondorioz, denborarekin koloneko zelularen barruko kaltzio-kontzentrazioa handitu egiten da eta zelula hil egiten da. Horrela suntsitzen omen du amebak ehuna eta amebiasia gaixotasuna eragiten du. Guztia Amebaren hozkada txikiak artikuluan.
40 urtetik aurrera sarri agertzen da belaunetan, aldaketan, eskuetan edo bizkarrezurrean eragina duen gaixotasun bat: artrosia. Gaitz honen jatorria ez dago argi baina jakin badakigu, artrosia kartilagoen zahartze-prozesuaren ondorioz sortzen dela. Artrosi bi mota daude. Bat, mugatua eta orokorra da, idiopatikoa. Bestea, bigarren mailakoa deritzona, traumatikoa edo metabolikoa izan daiteke edota jada jaiotzatik pairatu daiteke. Iker Villanueva fisioterapeutak asteon artrosia diagnostikatzeko irizpideak eta tratamenduak jorratzen ditu Fisteus blogean. Diagnostikoa lortzeko irizpideetan ez dago adostasunik, antza. Beraz, hainbatek sintometan oinarritzen diren irizpideak jarraitzen dituzte. Aldiz, badago erradiografien emaitzak izaten dituztenak kontuan diagnostikoa egiteko. Eta azkenik, aurreko talde bien arteko konbinazioa proposatzen dutenak ere. Gai interesgarria, batez ere, 40 urte baino gehiago dugunontzat: Belauneko artrosia.
Nagiak ezagunak dira hainbat ordu buruz behera zintzilik emateko gaitasuna duten animaliak direlako. Gizakiok ez gaude prestatuak postura horretan orduak emateko. Horrela egonez gero, gure sabeleko organoek birikiak presionatuko lituzkete, arnas hartze prozesua zailduz. Beraz, gure galdera da, nola da posible hau nagien kasuan? Galesen dagoen Swansea Universityko ikertzaileek nagi hiruhatza den Bradypus variegatus izan dute aztergai. Egindako ikerketaren arabera, nagiek sabeleko organoak ainguratzen dituzte, finkatu egiten dituzte saihets-hezurretan atxikidura batzuei esker. Antton Alberdi biologoak kontatzen digu Euskalnatura blogean: Nola biziraun buruz behera bizitzen.
Gure burmuinean neuronez gain baditugu bestelako zelulak ere. Adibidez, gliak. Gliak nerbio-sistemako zelulak dira eta neuronak baino 10 aldiz ugariagoak dira. Euren zereginen artean neuronak elikatzea dago. Lau glia mota daude: oligodendrozitoak, astrozitoak, zelula ependimarioak eta mikrogliak. Mikrogliak tamaina txikiko zelulak dira eta izena, Santiago Ramón y Cajal ikertzaile nafarrarekin eta Nicolás Achúcarro neurozientzialari bilbotarrarekin lan egin zuen Pío del Río Ortegak jarri zien. Mikrogliari “Hortegaren zelula” ere deitu izan zaio. Achucarro Basque Center for Neuroscience-ko Neurozientzian blogean azaltzen digute mikrogliaren helburu nagusia fagozitosiaren bitartez nerbio-sistema zentrala garbitzea dela. Horrela, hildako edo baliogabeko substantziak deuseztatzen laguntzen dute. Xehetasun gehiago Mikroglia artikuluan.
Charles Hatchett kimiko ingelesak 1801ean niobio elementu kimikoa aurkitu zuen Britainiar Museoan lan egiten zuenean. Bertan, kolunbita pieza bat aztertzen zebilenean antzeman zuen beste zerbait, elementu berriari kolunbioa deitu zion, gerora niobioa deitu zioten. Egun, adibidez, niobioa altzairuaren erresistentzia indartzeko erabiltzen da. Batez ere, aleazioetan erabiltzen da. CEIT-IK4 ikerketa zentroko Tratamendu Termomekaniko taldea muturreko egoerak jasan behar dituzten eta ondorioz, erresistentzia aparta behar duten materialak hobetzeko lanetan ibili dira. 2012an burututako lan baten emaitzak kaleratzeko idatzitako bi artikulu saritu ditu Londresko Materialen, Mineralen eta Meatzaritzaren Institutuak (IOM3). Sariak, Charles Hatchett kimikari ingelesaren omenez izena daramanak, azken bi urtetan niobioaren eta bere aleazioen inguruan plazaratutako artikulu onena saritzen du eta aurten, CEIT-IK4 taldeko lau emakume ikertzaileek jasoko dute berau. Amaia Portugal kazetariak kontatzen digu Berrian: Neurri txikian, uzta handia.
MIT Institutuko ikertzaile talde batek zentral nuklearrak itsasoan jartzeko diseinua landu du. Horretarako petrolio plataformak hartu ditu eredu. Itsas erdian egonik Fukushimako istripuak eragindakoak saihesteko bidea direla uste dute ikertzaileek. Izan ere, ingeniarien ustez ezinezkoa da matxura elektriko baten aurrean ur hornidura etetea. Erregai-barrak itsasoaren azpian egongo zirenez, urak grabitatez zirkulatuko luke hozte-sisteman zehar. Joxerra Aizpurua kazetariak azaltzen digu gaia Argia aldizkarian: Zentral nuklearrak itsasoan?
Iraganak gauza bitxiak gordeta ditu. Duela 250 milioi urte, Pangea eratu baino askoz lehenago, Fuxianhuia protensa izeneko otarrainxka batek sistema kardiobaskular osoa lortu zuen, bihotza eta guzti. Burmuin bat ere elikatzen zuen sistema horrek. Harrigarria kontuan hartuz gero, haren “belaunaldiko” beste kide askok muskuiluen mailako adimena zutela. Ikertzaileek uste dute Fuxianhuia protensa horrek begiak zituela eta hiru nerbio-zentrok kontrolatuak. Gainera, bi lobulu optiko izango zituen burmuinean. Uste dute begi horiek egungo intsektuenak bezain konplexuak izango zirela. Beraz, baliteke egungo intsektuak bezalako artropodoen antzerako bizitza konplexua egon izana Aro Kanbriarraren hasieran. Denboraren urruneko muturrean Fuxianhuia protensak baietz diosku eta Antonio Cantó dibulgatzaileak azaltzen digu Zientzia Kaiera blogean: Aro kanbriarreko bihotzak.