Aro kanbriarreko bihotzak

corazones-cambricos-1

Liluragarria den bizia delako fenomeno horri buruzko zehaztapen gehiago erdiesten goazelarik, ikusten goaz nahiko gauza bitxiak gertatu direla iraganean. Horra hor organo sofistikatu eta konplexuen sorkuntza, ustez behe mailakoak ziren bizi-formetan gertatua. Hil honetan jakin dugu azken-azkenekoa[1]: duela 520 milioi urte Aro Kanbriar hasieran bazeuden sistema kardiobaskular aurreratuak.

Zorrotz eutsi diezaiogun kontuari, zeren eta tartean hainbat milioi daudelarik, dirutan ari garenean bezala gal baitezakegu sena. 520 milioi urte horiek, Lurraren adinaren ia zortziren bat dira. Alegia, Pangea eratu baino askoz ere lehenago. Garai hartan, Panotia banatu berria zen Laurentia, Gondwana, Baltika eta Siberiatik, eta bakterio eta liken batzuk salbuespen zirelarik, beste bizi guztia itsasotik atera gabe zegoen artean, eta lur lehor guztiak harkaitz basamortu ikaragarria ziren. Trilobiteak, jaio berriak ziren orduan; hau da, orain dela denbora asko.

Eta itsas primitibo horretan, hara non Fuxianhuia protensa izeneko otarrainxka batek oso-osorik lortu zuen sistema kardiobaskular bat, bihotza eta guzti. Burmuin bat ere elikatzen zuen sistema horrek. Aurretik ere harritu egin gintuen otarrainska honek, 2012an jakin baikenuen Fuxianhuia honek bazuela egungo izkira, karramarro eta otarraina bezalako malakostrazeoen antzerako burmuina[2]. Agian zu bezalako ugaztun bati ez zaio harrigarria gertatuko, baina kontuan hartu behar dugu bere “belaunaldiko” beste kide askok muskuiluen mailako adimena zutela (eta horrek bere horretan jarraitzen du egun ere). Areago, baliteke Fuxianhuia bakarra ez izana. Tankera horretako burmuinak eta sistema kardiobaskularrek iradokitzen dute agian bazutela oso portaera konplexua, guk uste baina askoz ere lehenago sortua[3].

Konplexutasuna da gakoa, eta begiak dira konplexutasun horretan beste osagaietako bat. Nekez irudika dezakegu bizia eragin zuen lokatz horretatik nola sortu ziren guri begira jar zitezkeen begiak. Eta begiak oso goiz sortu ziren, eta elkarrengandik urrun zeuden phylumetan. Gainera, eboluzio bide berari eutsita gertatu zen beti ere, gene eta proteina beretatik abiatuta[4][5]: zelula fotosentikor batzuk gero eta gehiago sofistikatu ziren, eta prozesu hori are lehenago hasi zen, duela 540 milioi urte. Ziur aski, Fuxianhuia protensa horrek bazituen begiak ere, hiru nerbio-zentrok kontrolatuak. Gainera, bi lobulu optiko izango zituen burmuinean. Hau guztia lehenengoak sortu eta handik hogei milioi urtera. Uste dute begi horiek egungo intsektuenak bezain konplexuak izango zirela[6].

Eta hori dela eta, bi galdera ditugu beti buruan: Zenbat bizitza egon daiteke unibertsoan? Eta zenbat bizitza konplexu egon daiteke? Izan ere, eragozpenik ez daukagu aminoazido batzuk berez erreplikatzen irudikatzeko, baina ez dugu hain erraz irudikatzen lokatz hori bukaeran zuri begira jarri eta adiskide ala janaria ote zaren erabakitzen jarri izana. Beste era batera ikus daitezke gauzak: Zer ote da bizia? Ba ote da oso fenomeno bitxia, mila bira kosmiko behar izan dituena? Edo ba ote da aldiz, kristalen antzera, nonahi errealitatean materiari gertatzen zaion berrantolaketa bat? Eta noraino da “zaila” bizi konplexu hori, telesaioek eraginda negarrez leher egiten duen bizia, edo espazio-ontziak egiten dituena? Sortzeko prest ote dago edonon baldintzapen berberen pean, edo dado partida latz bat gehiago behar ote du?

Zer esanik ez, oraindik ez dakigu galdera horiei zer erantzun, baina badira zantzuak. Horietako batek iradokitzen du bizitza zenbat eta zaharragoa izan hainbat eta ulergarriagoa gertatzen dela bere sorrera. Izan ere, badakigu bizitza oso-oso zaharra dela. Bilduak ditugu duela 3.700 milioi urteko aztarna biologikoak[7], hau da, Lurra sortu eta handik mila milioi urtera edo pixka batez lehenago. Zalantzarik gabe, bazeuden mikrobio sistemak duela 3.480 urte[8], hau da, gutxi gora behera unibertsoaren adinaren lehen laurdena beteta. Horrela, baliteke egungo intsektuak bezalako artropodoen antzerako bizitza konplexua egon izana Aro Kanbriarraren hasieran. Denboraren urruneko muturrean Fuxianhuia protensak baietz diosku. Agian erraza da hau guztia, ezta?

——————————————–

Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

[1] Xiaoya Ma, Peiyun Cong, Xianguang Hou, Gregory D. Edgecombe, Nicholas J. Strausfeld: An exceptionally preserved arthropod cardiovascular system from the early Cambrian.Nature Communications, 2014; 5. DOI: 10.1038 / ncomms4560.

[2] Xiaoya Ma, Xianguang Hou, Gregory D. Edgecombe, Nicholas J. Strausfeld: Complex brain and optic lobes in an early Cambrian arthropod. Nature 490, 258 – 261 (2012). DOI: 10.1038 / nature11495.

[3] Hou, X-G; Siveter, D. J. et al.: Collective Behavior in an Early Cambrian Arthropod.Science 322 (5899): 224 (2008). DOI: 10.1126 / science.1162794.

[4] M. F. Land, D. E. Nilsson: Animal eyes. Oxford University Press, Oxford, 2002. ISBN: 0-19-8575645 / 0-19-8509685.

[5] Kozmik Z. et al: Role of Pax genes in eye evolution; a Cnidarian PaxB gene uniting Pax2 and Pax6 functions.Developmental Cell 5 (5): 773–785. DOI: 10.1016 / S1534 – 5807(03)00325 – 3.

[6] Patterson, J. R.; García-Bellido, D. C. et al.: Acute vision in the giant Cambrian predator Anomalocaris and the origin of compound eyes.Nature 480: 237–240 (2011). DOI: 10.1038 / nature10689.

[7] Ohtomo, Y. et al.: Evidence for biogenic graphite in early Archaean Isua metasedimentary rocks.Nature Geoscience 7, 25–28 (2014). DOI: 10.1038 / ngeo2025.

[8] Noffke, N.; Christian, D.; Wacey, D., Hazen, R. M.: Microbially induced sedimentary structures recording an ancient ecosystem in the ca. 3.48 billion-Year-Old Dresser Formation, Pilbara, Western Australia.Astrobiology 13 (12): 1103-1124 (2013). DOI: 10.1089 / ast.2013.1030.

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #11 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera

[…] Iraganak gauza bitxiak gordeta ditu. Duela 250 milioi urte, Pangea eratu baino askoz lehenago,  Fuxianhuia protensa izeneko otarrainxka batek sistema kardiobaskular osoa lortu zuen, bihotza eta guzti. Burmuin bat ere elikatzen zuen sistema horrek. Harrigarria kontuan hartuz gero,  haren “belaunaldiko” beste kide askok muskuiluen mailako adimena zutela. Ikertzaileek uste dute Fuxianhuia protensa horrek begiak zituela eta hiru nerbio-zentrok kontrolatuak. Gainera, bi lobulu optiko izango zituen burmuinean. Uste dute begi horiek egungo intsektuenak bezain konplexuak izango zirela. Beraz, baliteke egungo intsektuak bezalako artropodoen antzerako bizitza konplexua egon izana Aro Kanbriarraren hasieran. Denboraren urruneko muturrean Fuxianhuia protensak baietz diosku eta Antonio Cantó dibulgatzaileak azaltzen digu Zientzia Kaiera blogean: Aro kanbriarreko bihotzak. […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>