Nahiko ezaguna da industria nuklearrak azken hamarkadetan eta munduko toki askotan jasan duen gainbehera. Ibili badabil, baina nekez. Izan ere, bere egoera urrun dago joan den mendeko 40.eko hamarkadan sortu zen Aro Atomiko hartakoitxaropeneta beldurretatik. Energi ekoizpen zibilari dagokionez, Txernobilgo istripua 1986.ean gertatu zenetik, martxan dauden eta egiten ari diren erreaktoreen kopurua ez atzera ez aurrera dago. 2007-20010 tartean hobera egin zuen apur batez, Fukushimako istripuek erabat geldiarazi zuten kontua 2011.ean. Ordutik, hainbat herrialdek energia nuklearretik kanpora egin dute, eta beste hainbat herrialderi nabarmen ahuldu zaie horretarako kemena.
Ez da mundu guztia energia nuklearraren aurka jarri egun batetik bestera. Berez, azkeneko gauza besterik ez dira izan Fukushimako istripuak eta beren diru-kostua (100.000-250.000 milioi dolarean estimatua)[1]. Industria hau maldan behera zetorren gutxienez 1979.ean Isla Tres Millasen gertatu zen istriputik, eta lehenagotik ere: 60.eko hamarkadaren bukaeran eta 70. hamarkadaren erdialdean iritsi zen industria nuklearra une gorenera. Geroago, 80.hamarkadan konektatu ziren zentralak sarera[2]. Hortik aurrera, badaezpadakoa da industria honen ibilbidea.
Eragile asko egon dira gainbehera honen atzean. Besteak beste, oso kontuan hartzekoa da hasieran izugarrizko eraikuntza-kostuari egin behar zaiola aurre. Hitza eman zitzaigun denok izango genuela auto nuklear bat aparkalekuan eta zilarrezko jantzi batzuk armairuan, baina erreaktore nuklearrak garestiak dira oso[3][4]. Energia Nuklearrerako Agentziak estimatzen du 5.000-6.000 milioi dolareko kostua dakartela hirugarren belaunaldiko erreaktoreek, gutxi gorabehera 1,4-18 gigawattekoak beraiek. Pixka bat merkeagoak dira txinatarrek egiten badituzte[5]. Edonola, oso ohikoa da 10.000 milioi eurotik gorako kostua izatea bi erreaktoreko zentral ereduzko batek. Diru asko da, eta arrisku handia, diru-arriskua hain zuzen ere.
Eta hori, gauzak ondo doazenean, ez baita beti hala gertatzen. Berriki, EPR europar berria bezalako diseinuek, ustez etorkizun handia zutela ere, aurre egin behar izan diete denetariko gainkostuei eta atzerapenei. Hala gertatu zaie Famanville-3 (Frantzia) eta Olkiluoto-3 (Finlandia) zentralei. Zentral frantziarrak, 2012.ean jarri beharko zen abian[6], 3.300 milioi euroko kostua aurreikusten zelarik[7]. Finlandiakoa berriz, 2009.ean hasi beharko zen, tartean 3.000 milioi euroko kostua zuela[8].
Biak ala biak geldirik daude oraindik, eta areago, bukatzeke daude. Electricité de Francek espero du Flamanbville-3 2016an abian jartzea, gutxienez 8.500 milioi euroko kostua aurreikusita[9]. Olkiluoto-3 ostera, geldirik egon da hainbat bider, Finlandiako ziurtasun nuklearreko zaindariak hainbat abisu helarazi zizkiolako. Hau ere 2018-2020 tartera arte atzeratuko dela uste dute[10], antzerako kostua aurreikusita[11]. Eztabaidagai da bi zentral nuklear hauek inoiz abian jarriko ote diren, honelako atzerapenak eta dirutza tartean egonda. Eraikitzen ari diren lau EPR zentraletatik, Taishaneko (Txina) biak baizik ez bide datoz aurreikusitako epe eta kostuekin.
Aurreko hauek ez dira bakarrak. Uste izan zen hirugarren belaunaldikoak diren 13 ABWR (General Electric-Hitachi/Toshiba) erreaktoreek berpizkunde nuklearra ekarriko zutela baina haietatik bat bera ere ez dago abian, lerro hauek idazten ari naizen unean. Haietatik bederatzi Japonian daude, eta Fukushimaren istripua gertatu ondoren, batzuk geldirik daude, edo eraikitze prozesu geldoan sartu dira. Hala ere, baliteke haietako baten bati berrabiatzeko baimena ematea. South Texas (Estatu Batuak) eraikitzeko egon ziren bien egitasmoa bertan behera utzi zen 2011ko apirilean[12], gainkostuak eta arazo ekonomiko eta politikoak zirela kausa[13]. Lugmenekoak (Taiwan) aurrekontuetatik gora zeuden (7500 miloi dolar), eta joan den hilean geldiarazi ziren, erreferendum bat egiteko zain geldituta[14]. Bestalde, ez dakigu Mitsubishik egin behar zituen APWR erreaktoreekin zer gertatuko den[15].
Edonola, batzuk sasoi hobean daude. Estatu Batuetako Westinghouse enpresak bere AP1000 erreaktorea dauka, eta errusiarrek beren VVER-1000/12000 erreaktorea. Azkenik, Kanadako Candu enpresa egitasmoak betetzen eta erreaktoreak abian jartzen doaz. Baina prozesu geldoa da, eta unitate gutxi daude egitasmoetan aurreikusita. Haien erdia, Txinan eta Errusian ari dira eraikitzen[16]. Erritmo horri eusten badiote, hurrengo urteetan askoz ere gehiago izango dira itxiko dituzten erreaktoreak, zabalduko dituzten erreaktoreak baino.
Garbi dago hau ez dela berpizkunde nuklear bat, ez behintzat duela hainbat urte irudikatzen zigutenaren antzerakoak behintzat. Zoritxarrez, nabari da erregai fosilak (petrolioa, gasa eta ikatza) direla planetako energi iturri nagusia. Energia berriztagarrien artean, hidroelektrikoak baizik ez dira aipatzekoak, gutxi gorabehera energia nuklearraren parean. Energia eolikoa eta eguzki-energia munduaren energia osoaren %1era ere ez dira iristen. OCDEko herrialdeetan %6ra iristen da energia eolikoa. Gainontzeko energiak ez dira kontuan hartzekoak mundu mailan aritzeko behintzat[17]. Nik, egia esan, ikatza eta denetariko pozoiak airera igorri baino lehen, energia nuklearrari eutsiko nioke, aukera egitera behartzen banaute. Energia nuklearrek behintzat, istripu kasuetan baizik ez dute hondamendirik eragiten, eta hondakin solidoak errazagoak dira tratatzen. Energia fosilak aldiz, izugarrizko hondamendia dira berez, eta aurrera doaz egunero-egunero, ezer gertatuko ez balitz bezala. Datozen belaunaldiek egin beharko diote aurre horri guztiari. Hala uste dut, eta hala diot. Zer egingo diogu ba?!
Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da
[1] Fitzpatrick, F.: Robots have failed Fukushima Daiichi and Japan. Fortune / CNN Money, 2013ko martxoaren 20a.
[2] International Atomic Energy Agency, Reference Data Series 2: Nuclear power reactors in the world, 2013. IAEA, Viena, 2013. ISBN 978–92–0–144110–2.
[3] Tolley, G. S.; Jones, D. W.: The Economic Future of Nuclear Power. Chicagoko Unibertsitatean egindako ikerketa, 2004.
[4] Nuclear Energy Agency (OCDE): Economics of nuclear power.
[5] Nuclear Energy Agency (OCDE): Economics of nuclear power FAQs.
[6] Nuclear Engineering International: Flamanville-3 concrete poured, 2007ko abenduaren 6a.
[7] World Nuclear News: Construction of Flamanville EPR begins, 2007ko abenduaren 4a.
[8] Areva: EPR in Finland: Foundation stone-laying day at Olkiluoto-3. Fabrikatzailearen 2005eko irailaren 12ko prentsa oharra.
[9] Le coût de l’EPR de Flamanville encore revu à la hausse. Le Monde / France Presse, 2012ko martxoaren 12a.
[10] Nikula, P.: Areva ajaa Olkiluodon työmaata alas. Kauppalehti egunkaria; 2014ko otsailaren 28a.
[11] Rosendahl, J. & De Clercq, G: Finnish nuclear plant delayed again as Areva, TVO bicker. Reuters, 2014ko otsailaren 28a.
[12] Wald, M. L.: NRG abandons project for 2 reactors in Texas. New York Times, 2011ko apirilaren 19a.
[13] Souder, E.: NRG ends project to build new nuclear reactors. Dallas News, 2011ko apirilaren 19a.
[14] Hung, F.; Hudson, D.: Taiwan to halt construction of fourth nuclear power plant. Reuters, 2014ko apirilaren 27a.
[15] World Nuclear News: Mitsubishi delays certification of APWR, 2013ko azaroaren 12a.
[16] International Atomic Energy Agency / Power Reactor Information System (PRIS): Under construction reactors
[17] International Energy Agency (OCDE): Key world energy statistics, 2013. OCDE/IEA, París, 2013.
1 iruzkina
[…] Sumendien aktibitateak eta lurrikarek kalteak sortzen dituzte eta egon badaude ere, izugarrizko kalteak sortzen dituzten bestelako hondamendiak. Hor ditugu, esaterako, industria nuklearrean gertatutakoak: 1986. urteko Txernobilgo istripua eta 2011. urteko Fukushimako istripua. Aro Atomikoaren gertakari larriak. Honek gertatu ondoren […]