Homo omnium rerum mensura est (Hala ote?)

#KZJaia · Dibulgazioa

Protagoras (490-420 Ka) izeneko filosofo greziarrarena omen den aforismo ezagun horren euskal itzulpenak honela dio: Gizakia gauza guztien neurria da. Baieztapen hori agian egia da izakiak berak egindako gauzei buruz dihardugunean, baina fenomeno natural askoren tamaina kuantifikatu nahi dugunean, ez gizakia bera, ez eta gizakiok naturari eragin diezaiokegun ondoriorik ikaragarriena ere, ez dut uste neurritzat har ditzakegunik.

Keopsen piramidea
1. irudia: Keopsen piramidea.

Protagorasek ezagutu zezakeen giza-lanik handiena Keopsen piramidea izan zitekeen, greziarra bizi izan zeneko sasoia baino 2.100 urte inguru lehenago eraikia. Azken estimazioen arabera, eraikuntza hori altxatzeak 15.000 bat langile eta hamarren bat urte eskatu zituen. Lan eskerga, duda barik, baina gizakiaren neurrikoa. Pertsona heldu batek oso erraz imajina dezake zer den hamarkada bat igarotzea. Batek baino gehiagok denbora-tarte hori baino gehiago emango zuen doktorego-tesia burutzen… Protagorasen sasoian Atenasen 315.000 pertsona inguru bizi zirenez, filosofo horrek erraz imajina zezakeen piramidea eraikitzen aritutako langile-kopuruaren tamaina, Atenaseko bizilagunen %5eko pertsona-multzoaren parekoa baitzen. Jende mordoa, baina begipean erraz hartzeko modukoa, izan ere San Mames barria hereneraino ere ez genuke beteko jende guzti horrekin… Ezin uka 45 mende geroago egiptoar haiek egindako lanak oraindik orain miresten gaituela

1945eko abuztuaren 6ko 8ak inguru ziren Hiroshimaren gainean Enola Gay zeritzon B-29 modeloko hegazkin estatubatuarretik “Little Boy” izeneko bonba jaurti zutenean. 12,5 kilotoneko potentzia zuen, hau da TNTaren (TriNitroToluenoa) 12.500 tonaren suntsipen-ahalmena. Eman dezagun trailer kamioi batek 25 tonako pisua garraiatzen duela. TNT guzti hori garraiatzeko 500 trailer beharko genituzke. Trailer baten luzera maximoa 18,5 metrokoa izanik, eta trailerren artean metro t’erdiko tarte estua utzirik, TNTz zamatutako 10 kilometroko trailer-ilara eratuko genuen, Getariatik Oriorainoko kostaldeko errepide-tartea, gutxi gorabehera… Interneten bilaketa-lan handirik egin gabe ere, edonork aurki ditzake Little Boy lehertu osteko Hiroshimaren argazkiak eta sumatu zer gerta zatekeen trailer-ilara luze hori lehertuko balitz… Ikaragarria, ezta?

Gizakiak inoiz lehertutako bonbarik indartsuena, Estatu Batuen eta Sobiet Batasunaren arteko “gerra hotzaren” unerik gorenetarikoan, 1961eko urriaren 30ean, errusiarrek Tsar bonba jaurti zuten, inolako helburu militar zuzenik gabe, soilik estatubatuarrei erakusteko zer nolako teknologiaren jabe ziren eta “abisu” bat bidaltzeko… Tsar bonbaren potentzia 50 megatonakoa izan zen, hau da, 4000 bat aldiz indartsuagoa Hiroshimakoa baino!!! Hau bai ikaragarria… Arestian erabilitako trailerren adibidea berriz erabilita, kasu honetan trailer-ilararen luzera 40.000 Km-koa izango zen, doi-doi poloetan zehar Lurraren ingurumaria osoa estaltzeko bezain beste… Gogoratzen al duzue “metroaren” definizio klasikoa? Imajina dezakezue lehertzerakoan entzungo zen danbada? Nik ez… Trailer-ilara luzea, baina altuera nahikoa harrapatuz gero, ISSan egonalditxoa eginez-edo, oraindik “gizakiaren neurrikoa”.

Ikasturte hasieran nire ikasleei leherketa bi gogoratzen dizkiet: gure unibertsoa sortu zuen eta big bang moduan ezagutzen den “leherketa itzela” da lehena, eta, bigarrena, gure eguzki-sistemaren eraketa desarratu zuen izar baten supernoba motako leherketa da. Jazz band estatubatuarra “jazbana” moduan euskaratu badugu, Fred Hoyle astronomo ingelesak asmatutako big bang onomatopeia famatua “bigbana” moduan euskaratzeko ez dut uste inori baimena eskatu beharko diodanik… Baten batek kontrakorik esaten ez duen bitartean, hitza geureganatu dugun seinaletzat hartuko dugu grafia “jator” hori.

Bigbana aspaldian gertatu zen, duela 13.800 milioi urte inguru hain zuzen ere, hori izanik gure unibertso ezagunaren adina. Eragiketa matematiko erraz batez, pasa ditzagun urteak segundotara:

13800000000 urte x 365,25 egun/urte x 24 ordu/egun x 3600 segundo/ordu = 4,35×1017 segundo

Supernoba-motako leherketa batean masa handiko izar bat lehertzen da. Halako gertaera astronomiko batean askatzen den energia ikaragarria da, 1028 megatonakoa hain zuzen ere. Bilioi (1012) bat aldiz gure Lur planetaren masa TNT beharko genuke tamaina horretako leherketa eragiteko. Ezin duzuela TNT-masa guzti hori imajinatu? Lasai nik ere ez…

Duela 66 bat milioi urte inguru dinosauroen nagusitasunarekin amaitu zuen meteoritoaren Chicxulubeko talkan 108 megatoneko energia askatu zela estimatu da, hau da, Hiroshimakoa bezalako 8.000 milioi bonbek askatuko zutena bezain beste. Istant batean energia-kopuru guzti hori bortizki askatuta, ez da harritzekoa orduko biosferan eragindako triskantza gertatzea. Bada, supernoba batean askatutako energiarekin konparatuz, ahuntzaren gauerdiko eztul batena baino ahulagoa izango zen, izan ere supernoba batean 100 trilioi (100×1018) Chicxulubeko meteoritok askatuko zuten bezain beste energia askatzen da. Imajina dezakezue zer den hori? Ez, ezta? Lasai, nik ere ez…

Operation_Upshot-Knothole_-_Badger_001
2. irudia: 1961eko urriaren 30ean gizakiak inoiz lehertutako bonbarik indartsuena jaurti zuten errusiarrek.

Konpara dezagun Tsar bonbaren energiarekin, ikaragarritzat hartu dugun leherketa horretako energiarekin… Gizakiak inoiz eragindako leherketarik indartsuenarekin… Zatiketa erraz bat eginez konturatuko gara supernoba batean askatzen den energia 2×1026 Tsar bonba lehertuz askatuko zena bezain bestekoa dela. Eta bonba-kopuru hori unibertsoaren adinaren artean zatituko bagenu? Zatiketa erraz hori eginez agertzen zaigun zenbakia, nire ustez, giza-neurriz kanpokoa da: 4,6×108 Tsar bonba/segundo!!! Hau da, supernoba motako leherketa batean askatzen den energia da, unibertsoaren sorreratik gaurdaino, segundoro 460 milioi Tsar bonba lehertzean askatuko zen bezain besteko energia! Eta supernobak baino ehun aldiz indartsuagoak diren hipernobak ere gertatzen dira… Jabetzen al zarete emaitzaren neurriaz? Lasai, ni ere ez…

Supernoba-leherketak aski ezohikoak dira, izan ere gure galaxian mende bakoitzeko supernoba-motako leherketa bat gertatzen omen da. Baina gure unibertsoan ehun mila milioi galaxia baino gehiago daudenez, astronomoek urtero supernoba piloa beha dezakete. Okerrena da oso-oso urrun daudela… Gure galaxiaren, Esne-Bidearen, satelitea den Magallanesen Hodei Handia izenekoan lehertu zen supernoba (1987A izenekoa) oso-oso ezaguna egin zen; alde batetik, azken mendeetan gugandik gertuen lehertu den supernoba izan delako eta, bestetik, astronomoek gaur egun duten tresneria oso aurreratuari esker, datu interesgarri asko bildu izan ahal dutelako. 1987ko otsailaren 23an behatu zuten astronomoek lehen aldiz eta, planeta osoko populazioa kontuan hartuta, berri horrek doi-doi 6 urte lehenago Tejero koronelak eta enparauek eragindako aztoramena baino handiagoa eragin zuen, astronomoen artean batik bat. Egia esanda, zaharrak berri, izan zen, egiatan izarra supernoba moduan behatua izan baino 168.000 urte lehenago lehertu baitzen. Supernoba-motako leherketa batean askaturiko energiaren gehien-gehiena, % 99,9tik gora, leherketan sortutako neutrinoek disipatzen dute, hauek eskandaluzko kopuruan eratzen baitira. 1987A supernoban 1055 neutrino eratuko zirela kalkulatu dute astrofisikariek, zeintzuetatik Lurrean 25 besterik ezin izan ziren detektatu! Astrofisikariak beti kexu dira neutrinoak detektatzea oso-oso zaila delako. Datu horiek ikusita, arrazoia ez zaiela falta aitortu beharko diegu.

Irakurritakoa irakurri ondoren, baten bat geratzen al da artikulu honen izenburuarekin ados dagoenik? Zalantzak ditut…


Egileaz: Jesus Mari Txurruka UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko irakaslea da.


KZJaia2

Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.