Etorkizuneko guduetarako armak: soinutik gorako abiaduradun planeagailua

Dibulgazioa · Mugaldea

“Isileko gauzak” ez daude bolada onean… tira ba, badaude bolada onean, eta mundu guztiak jakintzat ematen du hala behar dela… barne jantziak eraman beharraren antzera. Baina azken-azken boladako kontu militarra beste gauza bat da: hiperabiadura, eta zehazkiago, soinutik gorako abiaduradun irristagailu edo planeagailu goi mailakoa, hau da, hypersonic glide vehicles (HGV).

1.- Irudia: Soinutik gorako abiaduradun planeagailu bat.
1. Irudia: Soinutik gorako abiaduradun planeagailu bat.

Izenak berak adierazten du ez direla berez propultsatzen diren ibilgailuak, baina hori bai, gidagarriak dira. Espazio-ontzi baten barruan bidaltzen dira, ICBM edo antzerako baten barruan. Gai dira nonbait atmosfera barruan soinutik gorako abiaduretan distantzia handiak egiteko. Kruzero-misilen azkarren antzerakoak dira baina azpimarratzekoa da ez direla X-51 Waverider edo Ayaks izenekoen antzera propultsatu egiten direnetakoak. Ez dira espaziotik atmosferara berriz sartzen direnetakoak, ez eta BrahMos izenekoaren antzera soinutik gorako abiaduradun misil behe mailakoetakoak. Planeagailu hauen funtsean, osoko eraso berehalakoa delakoaren adigaia dago (prompt global strike): ordu betetik beherako denboran urruneko ituetara iritsi, ohiko arma eznuklearrak erabilita.

Hau guztia dela-eta, Pentagonoak hedabide lagun batzuei helarazi die joan den urtarrilean berri interesgarri bat [1]: WU-14 izeneko kohete txinatar batek Mach 10 bat egin omen du hegalaldi batean, hau da, soinuarena baino hamar aldiz handiagoa den abiadura hartu du, soinutik gorako goi mailatik gertu (Mach 10-25). Beijingek ez du ez baietzik ez ezetzik esan, eta bi esaldiko ohar ilun batean baieztatu du Txinak planeatutako saioak eta zientzi ikerkuntza ohikoak direla, eta ez dutela ikusmiran inongo herrialderik edo iturik [2]. Apur batez beranduago, Aviation Week & Spacee Technology izenekoak gehitu zuen ez zela izan hegalaldi bakarra, eta bi aldiz gertatu zela kontua, 2014ko urtarrilaren 9 eta 19an hain zuzen. Taiyuango espazio-jaurtitzeetarako gunean [3]. Ez ditugu ondorioak ezagutzen. Edonola, Txinatar Herri Errepublikaren barruan gertatu bazen, hegalaldia ez zen 3.000 km baino luzeagoa izango, eta ziurrenik, Gobi eta Taklamakan basamortuetarantz egingo ziren, ohi bezala.

Berri horiek nahiko izan ziren Amerikako Estatu Batuetako Kongresuak ipar amerikar egitasmoaren beste saio bat finantzatzeko [4]. Izan ere, HTV-2 izenekoek porrota jasan ostean, amerikar egitasmoa geldirik zegoen nolabait [5]. Amerikantsy izena hartu duten horiek aspaldi zeuden lanean: gutxienez DARPAk 2003.ean Falcon egitasmoari hasiera eman zionetik, baina ziur aski askoz ere lehenago. HTV-2 hauek Mach 20 bat lortu zuten Ozeano Barearen gainetik 2010.eko apirilaren 22an [6] eta 2011.eko abuztuaren 11n (bideoa). Hala ere, kontrolpetik kanpo gertatu ziren hegalaldi biak, eta berez suntsitu ziren 9 minutu hegaz egon ostean (30 minutu aurreikusita zeudelarik ere) [7][8][9]. Agerian dago militarrek pixka batean haizatu egin nahi zutela arrisku horia edota arrisku gorria, edo dena delakoa. Edozer egingo lukete diru gehiago lortzeko, eta dirua erdietsi zuten bai WU-14 txinatarrari buruzko berriak hedatuz.

Errusiak bestalde, askoz ere egitasmo ilunagoa dauka soinutik gorako abiaduradun planeagailu goi mailako hori dela eta. Badirudi kontinenteen arteko RS-26 Rubezh misil balistiko berriko ojibak dituztela oinarri, misilen aurkako estrategia handinahiaren barruan. Horren barnean daude era berean RS-24 Yars eta urpetik igortzen den R-30 Bulavà direlakoak, eta bai erregai likidoko misil gainastuna, oraindik ere nahiko ezezaguna dena. Azken honi, SS-30 Sarmatian [10] deritzote batzuek. Soinutik gorako abiaduradun ojiba propultsatugabe horien proba bat izan da 2004.ean itxuraz porrota jasan zuena [11], Sei urte beranduago amerikarrek egin zutenak ere ez zuen arrakastarik izan. Azken bolada honetako zurrumurruak 4202 izeneko egitasmo baten [12] berri ematen ari dira. Dombarovsky konplexuan lanean leudeke, eta baliteke honelako planeagailuak garatzen egotea. Baina liteke sateliteen aurkako sistema berri bat garatzen egotea…edo batek daki. Badiotsut hau oso kontu iluna dela.

Arma-lehia baten itxura antzeman ote diozu? Hala dela dirudi. Amerikako Estatu Batuak, Txina eta Errusia gutxienez, lehian ari dira planeagailu hauetako bat abian noiz jarriko. Eta baliteke haietako batek dagoeneko neurri batean lortu eta isilgordean izana.

Baina zertarako balio ote du honelako aparailu batek?

Hainbat kontu daude tartean. Alde batetik, inork ez dio gerra nuklear bati hasiera eman nahi. Izan ere, galduta egongo gizaki oro, hala gertatzekotan. Izatez, Hiroshima eta Nagasakikoa gertatu zenetik, inork ez du arma nuklearrik erabili nahi izan, hain kostu politiko larria dute arma nuklearrek. Beste alde batetik, misilen aurkako ezkutu hain ezagun horiek, hamarkadetan hainbeste dirua eta lana xahutu ostean, hasiak dira ojiba balistikoak geldiarazteko aukera aztertzen. Eta kontuan hartu behar da ojiba horiek gidagarriak ez badira ere, urrunera irits daitezkeela. Hainbat baldintzapen beteta, aukera hori errealitate bihur lezakete Aegis BMD estatubatuarrak edo S-500 errusiarrak, baina oraingoz garatzeko fasean daude horrelako aparailuak.

Misilen aurkako ezkutua erraz apurtu daiteke, baldin eta misil, ojiba eta bestelako aparailu asko bidaltzen badira, ezkutua saturatu arte. Bestetik, gerta daiteke tankera honetako ezkutuak antzerako teknologiako misilak baino garestiagoak izatea. Hala ere, ezkutu bat horrela apurtzeko, oso maila handiko erasoa beharko litzateke, eta horrek ziur aski, nuklearra izango litzatekeen munduko gerra batera eramango gintuzke. Eta egun, itun askok murrizten dituzte igorgailu eta ojiba kopuruak. Ez da egungo kontua ba tramankulu horien kopurua gora egiten egotea. Gainera, inork ez du osoko gerra bat abian jarri nahi. Gatazka peko itu jakin batzuk iritsi baizik ez da egin nahi. Ahal dela, prezisio handiko arma konbentzionalak erabili nahi dira, arma atomikoak desitxuroso geratzen direlako historia-liburuetan. Are hobe distantzia handietara iristeko modurik bada, armadak edo flota handiak mugitu gabe. Izan ere, horrelakoak urrunera eramatea, garestia da, denbora asko behar da eta gainera bada tartean armadak edo flotak etsaiek suntsituak gertatzeko arriskua.

Planeagailu hauek, azkenean lortzen badute beraiengandik espero dena, arazo horiek guztiak batera konponduko dituzte. Esan ohi den bezala, etxean gozo-gozo egonda lortuko da urruneko ituak iristea. Ojiba balistikoak kanpo espaziotik erortzen dira, baina planeagailu hauek nahiko garaiera txikian ibiltzen dira, radarraren horizontetik behera. Horregatik, berandu samar atzematen dira. Misil modernoek ere nekez atzeman eta geldiaraziko lituzkete. Are eraginkorragoak izango lirateke, iristeko laguntza badute. Gidagarritasun honek, ituaren detekzio zehatzerako ahalmenarekin batera, aukera emango du ituak zehatz-mehatz jotzeko. Beraz, nahiko izango da buru bakar bat, arma nuklearrek izaki oro suntsitzen baitituzte hainbat kilometro koadroan.

Ojiba balistika tradizionalak zailak dira suntsitzen, baina, iristeko laguntza hori badaramate, are zailagoa da MIRV direlakoak geldiaraztea, eta MaRV horien bidez, ezinezkoa. Planeagailuak, berriz ere abiapuntura eraman dute ezpata eta ezkutuaren arteko borroka. Ezpatak irabaztekoak ditu, unea, espazioa eta arma aukeratzen baditu, eta nahiko merke ateratzen da azken unean gaurkotzea edo birprogramatzea. Ezkutuak aldiz, bere horretan jarraitu behar du hor tinko, arma guztietarako erasoezin, bere zirrikitu guztietan. Gainera, eten gabe gaurkotu behar da eta horrek kostu handia darama. Laburbilduz, badugu ezpata berri bat, oraingo edo etorkizuneko puskatuko dituena.

Horregatik, pentsatzen hasiak dira ezkutu berriak egin ote litezkeen. Laser-armetan edo partikula azaoetan oinarrituko lirateke, baina oraingoz ez da ezer lortu. Agian etorkizunean behar bezainbesteko denbora eta dirua erabilita… Horra betiko leloa, giza historiaren indarkerian eta ergelkerian gelditu gabe aurrera doana.

Erreferentziak

[1] Gertz, B. (The Washington Free Beacon): “Hypersonic arms race: China tests high-speed missile to beat U.S. defenses.” The Washington Times, 2014ko urtarrilaren 13.

[2] France Presse Agentzia: “China just tested a hypersonic missile vehicle.” Business Insider, 2014ko urtarrilaren 16.

[3] Perret, B.; Sweetman, B.; Fabey, M.: “U.S. Navy sees Chinese HGV as part of wider threat.” Aviation Week & Space Technology, 2014ko urtarrilaren 27.

[4] Gertz, B.: “Congress funds Army’s hypersonic missile after Chinese strike vehicle test.” The Washington Free Beacon, 2014ko maiatzaren 29.

[5] “DARPA refocuses hypersonics research on tactical missions.” Aviation week & space technology, 2013ko uztailaren 8.

[6] AEBko Gobernua: “First Minotaur IV Lite launches from Vandenberg.” Vanderberg-eko hegazki-baseko webgunean, Estatu Batuetako Aireko Indarra, 2010eko apirilaren 22.

[7] Waterman, S.: “Plane’s flameout may end space weapon plan.” The Washington Times, 2010eko uztailaren 22.

[8] DARPA: “DARPA hypersonic vehicle advances technical knowledge.” Prentsa oharra, 2011ko abuztuaren 11.

[9] Rosenberg, Z: “DARPA loses contact with HTV-2.” Flightglobal, 2011ko abuztua.

[10] GlobalSecurity.org: “SS-30 ?? / R-X-? Sarmatian New Heavy ICBM.”

[11] Emelianenkov, A.: ТайныйсоветвособнякеДемидова.” Rossiskaya Gazeta, 2005eko otsailaren 2.

[12] Podvig, P. et al: “Object 370, Project 4202 and construction in Dombarovskiy.” Russian strategic nuclear forces blog, 2013ko otsailaren 6.


Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.
——————————————–

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.