Asteon zientzia begi-bistan #28

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Argazkia: Pedro Terrades
Argazkia: Pedro Terrades

Astea Medikuntzako, Fisikako eta Kimikako Nobel sarien iragarpenarekin hasi dugu eta Berriak zein Elhuyar aldizkariak honen berri eman digute.

Garuneko posizionamendu sistemaren parte diren zelulen gainean egindako aurkikuntzengatik Medikuntzako Nobel sariarekin saritu dituzte John O’Keef neurofisiologoa eta, May-Britt Moser eta Edvard Moser neuropsikologak. Berrian kontatzen digute: Orientatzen laguntzen duten zelulen ikertzaileei eman diete Nobel saria eta baita ere Elhuyar aldizkarian Ana Galarragak: Garunaren GPSa aurkitu dutenek jasoko dute Medikuntzako Nobel Saria.

Fisikako Nobel saria hiru ikertzaile japoniarrek jaso dute ezagunak ditugun LED argiak asmatzeagatik. LED argietan oinarritutako argi-iturriek hamar aldiz energia gutxiago kontsumitzen dute eta hainbat abantaila gehiago ere badituzte. Ana Galarragak kontatu digu guztia Elhuyar aldizkarian: LED argi urdinean oinarritutako argi-iturria asmatzeagatik, 2014ko Fisikako Nobel saria eta Arantxa Iraolak Berrian: LEDek argitutako Nobel saria.

Eric Betzig, Stefan W. Hell eta William E. Moerner zientzialariek gure begirada mikrotik nanora eramateagatik jaso dute 2014ko Kimikako Nobel saria. Bereizmen handiko fluoreszentzia-mikroskopia garatu dute ikertzaileok eta ondorioz, mikrobiologiatik nanobiologiarako jauzia eman da azken urteotan. Eider Cartonek kontatzen digu Elhuyar aldizkarian: Mikroskopia nanoskopia bihurtu zutenentzat 2014ko Kimikako Nobel saria eta Jon Rejadok Berrian: Nobel saria, bizia gertuago ikusarazteari.

Nobel sariez gain, duda barik, beste berri batek izan du oihartzuna medioetan, ebolaren gaitzak. Oihan Vitoriak, Berriako kazetariak, Donostia ospitaleko infekzio gaixotasunen zerbitzuko burua den Jose Antonio Iribarrenekin hitz egin du jakiteko zeintzuk diren gaixotasunaren sintomak, nola antzematen den gaixoak ebola duela eta zeintzuk diren ezarritako protokoloak. Elkarrizketa interesgarria: Muturreko neurriak hartzea dagokigu, arrisku gabe ere.

Ebolatik diabetera. Harvard Unibertsitateko ikerlariek intsulina ekoizten duten zelulak sortu dituzte laborategian, gaixo bati transplantatzeko moduko kopuruan. Egindakoak, 1 motako diabetea sendatzeko bidea ireki du. Momentuz frogatan ari dira ikertzaileok baina dena ondo bidean, hurrengo urteetan gaixoek tratamendua jasotzen hastea espero dute. Berrian: 1 motako diabetea sendatzeko bidea ireki dute Harvardeko ikerlariek.

Genetikak ere izan du bere tokia asteon. Koldo Garcia biologoa Zientzia Kaiera blogean kolaboratzen hasi da eta genetikaren historia hurbilduko digu, baina batez ere, ikasleen jakin-mina asetzeko asmoz idatziko du artikulu-sorta bat. Asteon lehen artikulua argitaratu du eta genetikaren ibilbidearen abiapuntua zein izan zen azaltzen digu, Gregor Mendelen lana gogoratuz: Genetikaren ibilbidea (I): Ilarrei begira. Genetikaren historia hurreratuz gain, Koldok genoma ikertzen du eta badu ere bestelako interesa, zelula mota batek zer egiten duen ikertzea. Hori egiteko bi modu nagusi daudela azaltzen digu Edonola blogean: aktibo dauden geneak aztertzea (transkriptoma) edo zelulan eragiten ari diren proteinak aztertzea (proteoma): Gauza bat da esatea eta beste bat egitea.

Amaia Portugalek ere genetika izan du hizpide Zientzia Kaiera blogean asteon argitaratu duen artikuluan. GIANT izeneko nazioarteko ikerketa partzuergoak egindako ikerketa bati erreparatu dio. Europar jatorriko 253.288 lagunen DNA aztertu dute proiektuan baitan eta honi esker, gizakion garaieran inpaktua duten 697 aldaera genetiko identifikatu dituzte: Txiki edo handi egiten gaituzten 697 arrazoi.

Argia aldizkariko blogetan bi gai jorratu dituzte. Alde batetik, Beñat Jauregik eboluzioa eta elikadura bateratzeko bost aholku eman dizkigu. Horien artean barazki eta fruitu sorta zabala jateko, elikagai ezberdinen kontsumoa bermatzeko eta ahal bada, sasoikoak izan daitezela: 15 proposamen eboluzioa eta elikadura bateratzeko (I). Bestalde, Arantxa Zabala ingeniariak Higgs bosoiaren historia dakarkigu. Noiz plazaratu zen teoria, noiz frogatu zen hau eta, Higgs eremuaren eta partikulen ezaugarriak zeintzuk diren: Nola topatu zen Higgs bosoia?

Amaitzeko, Antonio Cantó dibulgatzaileak satelite espioia dirudien Yaogan 21 aurkezten digu. Yaogan 21 satelitea joan den irailaren 8an 4B ibilaldi luzea izeneko espazio-suziri txinatar baten aireratu zen Taiyuan-Wuzhai kosmodromotik. Yaogan 21 satelitea zibila dela esan dute, lurreko begirale bat omen da baina satelite militar espioien ezaugarriak ditu: Txinatar begiak zeruan.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.