Hainbat bizipen biltzen ditugu urteekin. Bizipen horiek, agian, altxorra dira guretzako edota harri pisutsu bat bailitzan bizkarrean daramatzagu bizitzan zehar. Bizipenok gure izaera moldatzen dute eta norbera, bakoitza den hori, finkatzen dute. Garena, gu geu, besteak beste, bizipenek, emozioek, pertzepzioek eta pentsamenduek osatzen dute. Hori da Mary Whiton Calkinsek ikertu zuena: “self”-aren edo norberaren psikologia.
Sigmund Freudek hainbatetan aipatu zuen Maryk arlo honetan egindako lan bikaina. Izan ere, 1895. urtean Harvardeko Unibertsitatean, haren irakasleen esanetan, ordura arte bertan egindako doktorego-tesirik landuena eta bikainena defendatu zuen. Hala ere, Harvardeko Unibertsitateak ukatu egin zion titulua emakumea zelako.
Mary Whiton Calkins Connecticuten jaio zen 1863. urtean erdi mailako familia batean. Bost neba-arreben artean zaharrena izan zen eta ama gaixorik izan zutenez denbora luzez, familia zaintzeko ardura izan zuen gaztetatik. Hala ere, aitak, apaiz protestantea, ikastera animatu zuen eta goi-mailako ikasketak egiteaz gain, frantsesa eta alemana ikasi zituen ere. Kultura klasikoa eta filosofia ikasi zituen Massachussetseko Smith Collegen. Collegeak, sasoi hartan, unibertsitateetako ateak itxita zeuzkaten emakumeen goi-mailako hezkuntza emateko zabaldu ziren zentro esperimentalak ziren.
Ikasketak burutu ondoren grekoko irakaslea izateko eskaintza egin zioten emakumeen Wellesley Collegen. Bertan zegoelarik, 1890. urtean, psikologia esperimentalaren inguruan plaza berri bat sortu zen eta hau onartu zuen, psikologia alorrean urte betez formatzeko konpromisoa hartu ondoren. Harvardeko eta Clarkeko unibertsitateak ziren Maryk behar zuenari erantzuten ziotenek: biak laborategi esperimentalak zituzten, baita ere psikologiako graduondokoak eta, horrez gain, etxetik gertu zeuden familiaz arduratzen jarraitzeko. Baina arazo txiki bat zuten bi erakundeok, ez zituzten emakumeak onartzen klaseetan.
Maryk Harvarden sarbidea lortu zuen “programa gehigarria” izeneko bidea erabiliz. Programa hau unibertsitateari modu ofizialean atxikirik gabe zegoen hezkuntza informaleko sistema bat zen. 1879. urtean sortu zuten ikusirik zenbat emakumek bideratzen zuen unibertsitatean ikasteko eskaera. Programa gehigarri honetan Harvardeko irakasleek ikasgeletan ematen zutena errepikatzen zuten, klase pribatuak emanez emakumeei. Irakasleek soldata osatzen zuten honekin eta unibertsitateak emakumeen presentzia saihesten zuen ikasgeletan.
Josiah Royce filosofia eta psikologia irakasleak haren klaseetan Mary Whiton Calkins onartzeaz gain, William James irakaslearekin batera ematen zituen doktorego klaseetara joatera gonbidatu zuen. Baina Harvardeko arduradunek ez zuten onartu halakorik. Wellesley Collegek eta Maryren aitak ere (izen handiko apaiza izan zena) unibertsitateko arduradunek iritziz aldarazteko ahaleginak egin zituzten eta, azkenean, onartu zuten Maryren presentzia modu ez ofizialean “ikasle berezi” bezala. 1890. urtean, urtebetez, Psikologia Fisiologikoko eta Hegeli buruzko mintegietan ikasle izateko baimena eman zioten. Klaseko beste ikasleek, gizonezkoak guztiak, ikasgelara joatea utzi zioten Mary ikaskidea zelako. Honen ondorioz, James irakasleak eta Calkins ikasleak harreman estua garatu zuten. Biak klasean bakarrik egoteak aukera on bat eskaini zion Maryri, William Jamesen lana sakon eta zehatz ezagutzeko parada izan baitzuen.
1891eko amaieran, ikasketak amaitu ondoren, Wellesley Collegera bueltatu zen eta bertan psikologia esperimentaleko lehen laborategia jarri zuen martxan, ikastetxean psikologia zientifikoa barneratuz modu honetan. Oso emakume langilea zen eta aurrera egiteko, ezinbestekoa ikusten zuen gehiago ikastea. 1893. urtean, berriz ere, Harvardeko Unibertsitatean baimena eskatu behar izan zuen Hugo Münsterberg psikologo alemanaren klaseetara joateko. Entzule bezala joateko baimena eman zioten. Hiru urtez egon zen Münsterbergekin lanean laborategian, ikastetxean klaseak ematen zituen bitartean.
1894. urtean Münsterberg irakasleak Harvardeko zuzendaritzari eskutitz bat idatzi zion galdetuz ea aukerarik ote zegoen Mary Whiton Calkins doktorego ikasle bezala onartzeko. Irakasleak aipatzen zuen gutunean Mary laborategiko ikaslerik onena zela, haren argitalpenak doktorego ikasleenak baino askoz hobeagoak zirela eta duda barik, Estatu Batuetako psikologia irakasle onenetarikoa zela. Münsterbergen esanetan “Calkins bezalako doktore bat izatea, ohore bat litzateke Harvardeko Filosofia Sailerako“. Erantzuna ezezkoa izan zen. Baina 1895. urteko udaberrian Mary Whiton Calkinsek “An Experimental Research on the Association of Ideas” tesia aurkeztu zuen bere departamentuan eta, araututako tesi defentsa baten ezaugarri guztiak zituen azterketa ez-ofizial bat gainditu zuen tribunal baten aurrean. Tribunalak aho batez goraipatu zuen Calkinsek egindako lana eta bertan inoiz egindako ikerketarik landuena, garatuena eta onena izan omen zela aipatu zuen William James irakasleak.
Harvardek ez zion eman doktore titulua Mary Calkinsi. 1927. urtean Harvarden graduatutako hamahiru psikologo ospetsuek unibertsitateko presidentea zen Abbott Lowelli eskutitz bat bidali zioten Mary W. Calkinsek egindako lana, nazioartean zuen izena eta haren ekarpen ugariak zirela eta doktore titulua eman ziezaiotela eskatuz. Eskakizun haren aurrean honela erantzun zuten Harvardeko arduradunek “ez dago arrazoi nahikorik Mary W. Calkinsi haren doktoregoa aintzatesteko.”
Atsekabea gainditu eta ikertzen eta Wellesleyn irakasten jarraitu zuen erretiroa hartu arte. Besteak beste, Maryk pare elkartuen teknika azaldu zuen. Hau da, kolore bizi bat zenbaki batekin elkarlotzen dugunean, zenbakiak hobeto gogoratzen ditugula antzeman zuen Calkinsek. Hainbat artikulu idatzi zituen, lau liburu argitaratu eta psikologian gauzatu zuen ikerketa lau arlotan murgildu zen: asoziazioan, elementu psikikoan, esperientziaren elementuetan eta norberaren edo “self”aren psikologian.
Estatu Batuetako Psikologia Elkarteko (APA) lehen emakume presidentea izan zen 1905. urtean eta doktore titulurik gabe zendu zen 1930. urtean. Harvardeko Unibertsitateak ez zuen onartu bertan emakumeek egindako lana 1963. urtera arte. Orduan aitortu zioten Mary Whiton Calkinsi haren lana, doktorego-tesia eta titulua.
Iturriak
- García Daude, Silvia (2005): “Mary Whiton Calkins: La Psicología como ciencia del Self”, Athene Digital, 8. alea, 1–28.
- Parodi, Estela (2009): “Mary Whiton Calkins: psicóloga a pesar del rechazo“. La capital, edición impresa.
- UNED (2012): Diccionario biográfico de historia de la Psicología: Mary Whiton Calkins.
- Wikipedia: Mary Whiton Calkins.
Egileaz: Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da.