Londresko University Collegeko zenbait ikertzailek ikusi dutenez, garuneko eremu zehatz batek aktibitate handia du norabait iristeko zer bide hartu erabakitzen ari garen unean. Kortex entorrinala da eremu hori, gure burua kokatzeaz arduratzen den burmuineko zati berbera.
Aurtengo Fisiologiako Nobel saria John O’Keefe, May-Britt Moser eta Edvard I. Moserrek jaso dute, garunaren GPSa aurkitzeagatik. Zuzenago esanda, gure posizionamendua edo nora begira gauden jakin dezagun, ugaztunoi seinaleak bidaltzen dizkigute garuneko zenbait zelulek, eta zelula horiek identifikatzeko egindako ekarpena saritu du Suediako Karolinska Institutuak.
Hain zuzen, Londresko University Collegen (UCL) egiten du lan sarituetako bat den John O’Keefek, eta alor horrekin zerikusia duen artikulu bat argitaratu berri dute unibertsitate bereko zenbait ikertzailek. Non gauden baino gehiago, aztertu dute zer mekanismo ditugun nora eta nondik goazen jakiteko: helmuga batera iristeko zer norantza eta jarraibide hartu behar ditugun garunaren zer eremuk esaten digun. Ikusi dutenez, kortex entorrinalak zerikusi handia du horretan. Burmuinaren zati horri berari egozten zaio lehendik, hain zuzen, posizionamendu seinaleak igortzeko ardura.
Horrenbestez, nora begira gauden eta nora begira jarri behar dugun gure helmugara iristeko, bi argibideak toki bertsutik datoz. Hala azaldu dute Current Biology aldizkarian plazaratutako artikuluan.
UCLko Hugo Spiers doktorea da ikerketa honen arduraduna. Berak azaldutakoaren arabera, “Londresko taxi gidariekin egin izan diren azterketek erakutsi dutenez, zein ibilbide hartu erabakitzeko egiten duten lehen gauza zera da, zer norantzan jo behar duten kalkulatu. Orain badakigu kortex entorrinala dela kalkulu horien erantzulea, eta badirudi erregio horretatik datozen seinaleen kalitateak zehazten duela pertsona bat nabigazioan trebea den ala ez”.
Izan ere, kortex entorrinalean aktibitatea antzemateaz gain, pertsona batzuengan besteengan baino handiagoa dela ikusi dute egindako esperimentuetan. Horrek lagundu dezake azaltzen zergatik moldatzen diren batzuk hain ondo orientazio kontuetan, eta aldiz, zergatik galtzen diren beste batzuk hain erraz.
Zehazki, hamasei boluntariok hartu dute parte lan honi dagozkion esperimentuetan. Ordenagailu batekin simulatutako forma karratuko ingurune batean mugitzeko eskatu zieten ikertzaileek. Horma bakoitzak paisaia baten irudia zuen, eta izkina bakoitzak objektu bat, guztiak desberdinak. Parte hartzaileak izkina zehatz batean zeuden kokatuta, eta beste izkina batean zegoen objektura jotzeko agintzen zitzaien.
Spiersek azaldu duenez, “ikusi nahi genuen garunaren zer eremu zeuden aktibo parte hartzaileak nondik jo erabakitzen ari ziren bitartean. Harritu ginen ikusi genuenean kortex entorrinaletik zetozen garunaren seinaleen indarrak eta sendotasunak eragin nabarmena zutela pertsona horiengan, halako oinarrizko jarduera bat burutzeko”.
Ikerketa honetan ikusitakoak eragin anitzagoak izan ditzakeela uste dute artikuluaren egileek. Orientazio ariketa konplexuagoei ere aplikatzeko modukoak izan daitezkeela, bai eta zenbait gaitz neurodegeneratibo aztertzeko baliagarriak ere. Esaterako, jakina da erregio entorrinala dela Alzheimerraren gaitzak kaltetzen duen garunaren lehen zatietako bat. Jakina da, era berean, kalean galtzeko joera dela gaixotasunaren ageriko aurreneko sintometako bat. Hori horrela, artikulu honetan azaldutakoek lagundu dezakete urrats berriak egiten, diagnostiko goiztiarra eta monitorizazio eraginkorra garatzeko.
Erreferentzia bibliografikoa
Chadwick, Martin J. et al. A Goal Direction Signal in the Human Entorhinal/Subicular Region. Current Biology, 18 December 2014. doi: 10.1016/j.cub.2014.11.001
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.