Hogeita hamar urte bete eta laugarren hamarkadarantz hurbiltzen doazela, hainbat emakumeri, abian jartzen zaie erloju biologikoa, eta ama sena pizten zaie nonbait. Askok pentsa lezakete adin tarte horretako emakumeek baizik ez dutela erloju biologikoa, baina ez da hala. Denok gara horrelako erloju baten jabe gure bizitza osoan zehar. Izan ere, hipotalamoan badugu denbora neurtzen duen mekanismo bat.
Arroz arau baten tamainakoa da, eta bera da gure eguneroko jarduera intelektual eta fisiologiko guztien erantzule, bai eta portaeraren erantzule ere. 24 orduetan zehar aritzen da, ziklo zirkadiano deritzen horiekin bat eginez. Ziklo hauek argia/iluntasuna edo lo/esna bezalako txandekin moldatzen dira. Fisiologiaren alderdi hau aztertzen duen Kronobiologia izeneko zientziak aurrerapen handiak egin ditu, eta agerian utzi du uste baino garrantzitsuagoa dela gure erlojua dagokion orduan jarrita izatea. Ordutegiaren aldaketek, hau da, kronoeraldaketek, honako arazo larriak eragin ditzakete besteak beste: insomnioa, loditasuna, 2 motako diabetesa, eta zahartze goiztiarra.
Izatez, erraza da erlojua dagokion orduan jartzea. Nahiko da errutina jakin bat betetzea: 6-8 ordu lo egin, neurri osasuntsuan jatea, kirola,… Baina aipatu errutina hori da gakoa. Adituek, aholkatzen dute gauza bakoitza egunero ordu berean egitea: norberak gustukoa duen orduan, baina ordu berean lo egin, ordu berean jan, ordu berean kirola,… Ereduak sortzea da kontua. Izan ere, txandaka lan egiten dutenek, gehiagotan pairatzen dituzte kronoeraldaketak, eta kronoeraldaketek dakartzaten eragozpenak.
Errutinek, ohitu egiten dute organismoa, eguneko ordu jakin bakoitzean hormona jakin batzuk ekoitzi ahal izateko. Errutinak hausten badira, gorputza “erotu” egiten da. Azpimarratzekoa da errutinazko bizitzak ez duela zertan aspergarria izan: noizean behin aldaketak egin daitezke, baina oro har eredu berberak mantentzen badira egunero, gorputza hobeto dabil. Izatez, zientziak egiaztatu du argaltze-tratamendu bat hartu nahi dutenek ondorio hobeak lortzen dituztela hirurak baino lehen bazkaldu eta bederatziak baino lehen afaltzen badute.
Beste alde batetik, ez dago esan beharrik minbiziaren tratamenduak zein garrantzi duen, eta bere aurka erabiltzen den kimioterapiak ere desberdin eragiten du, ematen den orduaren arabera. Ezin ahaztuzkoa da erloju biologikoak bere kontrolpean duela hainbat hormonaren segregazioa, eta hormona hauek elkarrekintzak pairatzen dituztela medikuntzako tratamenduekin. Kronoterapia deritzo medikuntzako tratamendua eman behar den egun-ordua kontuan hartzen duen teknika hau. Minbiziaren kasuan, uste dute ziklo zirkadianoa betetzen duela tumoreak eragiten dituen zelula-zatiketak, eta zatiketa hau ez dela berdin gauzatzen egunaren edozein ordutan. Beste alde batetik, neurriz erabiltzen ez bada kimioterapia, ehun osasuntsuak ere kaltetuak gertatzen dira. Horrela bada, zorrotz zehaztu behar da zelula arruntak noiz ez diren hain sentikorrak, hain zuzen ere kimioterapia ordu horietan ezartzeko. Izan ere, ordu horietan, zelula-zatiketa geldoago gertatzen da, besteak beste hezur-muinean eta hestean.
Hain larriak ez diren esparruetan ere, lagungarria da kontu honekin jakitun egotea. Adibidez, heparinak koagulazioaren aurkako jarduera eraginkorragoa du gauean egunean baino; beraz, horren arabera antolatu behar dira dosiak emateko orduak. Era berean, azido azetilsalizilikoko pilula bat luzeago gelditzen da gorputzean, goizeko zazpiak aldera hartuta, arratsaldean hartuta baino.
Gaixotasunak ere sentikorrak dira zikloekin. Asma-krisiak larriagoak gertatzen dira goizeko ordu txikietan, eta ziklo zirkadianoen arabera erabiltzen dira bronkodilatadore berriak, gaixoaren arnasa ahalik eta gehien hobetzeko. Aditu batzuek ikusi dute lotara joan aurretik botika behin hartuta ondorio hobeak lortzen direla egunean zehar botika hainbat aldiz emanda baino.
Esan beharrekoa da bizitzan zehar ziklo zirkadianoa moldatzen doala, baina organismoa zahartzen doan neurrian, organismoaren osagai guztiak ere zahartzen doaz, eta hala gertatzen zaio erloju biologikoari ere. Horrela, ezaguna da loaldia zatikatu egiten dela, eta lehen eten gabe lo egiten zutenak hainbat aldiz esnatzen direla, eta lo-kuluxkak egiteko beharra sumatzen dutela. Zikloen luzera ere murriztu egiten da eta hau bereziki garrantzitsua da melatoninaren erritmoan, zeren eta hormona hau baita sistema zirkadianoaren seinalea gorputzaren beste ataletara eramaten duena. Adinduengan oso nabarmena da kontua, lehen baino goizago hasten direlako logura sumatzen, eta halaber, gaztetan baino ordu pare bat lehenago esnatzen direlako.
Laburbilduta, gure barnean bada “tik tak” bat, denborak aurrera egiten ari dela gogorarazten diguna. Hala ere, guk nahiko egokiro molda dezakegu erloju hori, ahalik eta luzeen eta egokien funtziona dezan.
Erreferentzia bibliografikoak
M Garaulet, P Gómez-Abellán, JJ Alburquerque-Béjar, Y-C Lee, JM Ordovás and FAJL Scheer. “Timing of food intake predicts weight loss effectiveness”. International Journal of Obesity 37, 604–611; doi:10.1038/ijo.2012.229
Ortiz-Tudela E, Lurisci I, Beau J, Karaboue A, Moreau T, Rol MA, Madrid JA, Lévi F, Innominato PF. “The circadian rest—activity rhythm, a potential safety pharmacology endpoint of cancer chemotherapy”. Int J Cancer. 2014 Jun 1:134(11):2717—25. doi:10.1002/ijc.28587
Elisabet Ortiz-Tudela, Antonio Martinez-Nicolas, Manuel Campos, María Ángeles Rol, Juan Antonio Madrid; “A New Integrated Variable Based on Thermometry, Actimetry and Body Position (TAP) to Evaluate Circadian System Status in Humans”, PLOS Computacional Biology, 2010.
Egileaz: Maria José Moreno (@mariajo_moreno) kazetaria da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.
1 iruzkina
[…] Denbora neurtzeko gailua dugu erlojua. Eguzkiko erlojuak, digitalak, hareazkoak, atomikoak, ezin dugu ukatu, hainbat mota daude eta horien artean badago bat berezia: erloju biologikoa. Izan ere, hipotalamoan badugu denbora neurtzen duen mekanismo bat, arroz arau baten tamainakoa da eta […]