Duela hilabete batzuk plazaratu zen zientzia-ikerketa batean, ondorioztatzen zen “krisi garaian jaiotako umeak osasuntsuagoak direla”. Zer esanik ez, hedabide askok bildu zuten izenburu hori, baina kontuan sakondu beharrean gaude, ezin baikara cherry picking edo froga osatugabe batekin itsutu eta azkenean sasizko zerbait hedatu.
Sasizkoak hedatzen dira, kasu indibidualak aipatzen direnean, edota baieztapen bat egiten denean informazio asko isilpean gordeta, edota aurkako datuak isiltzen direnean.
“Krisi garaian jaiotako umeak osasuntsuagoak dira” baieztapena egin zen, ustezko azalpen batzuk emanez: langabeziak gora egiten duenean, emakume ugalkorrak osasuntsuago daude, gehiago egiten dute lo, alkohol gutxiago edaten dute eta gorputz-masako indize txikiagoa dute.
Oso hedabide gutxik plazaratu zituzten ordea ondorioztapen zehatzak: langabezia-garaian, jaiotze tasak behera egiten du, baina umeentzako baldintzapen onak betetzen dituzten senitarteek ekartzen dituzte umeak mundura. Alegia, haurrak egiten dituzten emakumeak, gazteak dira, eta beraien familiak egonkorrak dira. Azken hau garrantzitsua da, zeren umearen amak lanik izan ez arren, amaren aitak lana izaten du, eta erraz har dezake familia osoa bere gain. Gauzak horrela, erraz uler daiteke “krisi garaiko umeak osasuntsu izatea”. Ez al da hala? Portzentajeen kontua besterik ez da: haur gutxiago jaiotzen dira, eta jaiotzen direnak gizarte eta ekonomia maila altuko edo ertaineko familietan jaiotzen dira.
Egia esan, datu guztiak bildu ziren plazaratutako lan horretan, eta beraz ezin esan daiteke inongo gezurrik esan zenik zenbakietan. Hautatutako izenburuan dago huts egitea: baieztatzen den hori ez da guztiz moldatzen errealitatearekin, eta zer esanik ez, jendeari gaizki-ulertua eragin diezaioke. Zehatzagoak izango ziren esan izan balute krisi garaian jaiotze tasek behera egiten dutela baliabide urriko senitarteetan. Hala esan behar izan zuten, esan beharreko hori begi-bistakoa bazen ere.
Izan ere, RTVE behartua gertatu zen barkamena eskatzeko. Esan behar da hala egin zuela, Izquierda Pluraleko Ricardo Sixto legebiltzarkideak galdera bat egin ostean parlamentuan. Berez, kolokan jarri zuen legebiltzarrean RTVEren sinesgarritasuna Sixtok, eta bere ustez, erraz egotz lekioke nazio-gurutzada katoliko bati, ikerkuntzaren ondorioak hain era lerratuan eman izana.
Ematen du bada politikan baliagarria denean baizik ez dela erabiltzen zientzia, eta hori etsigarria da, hobe bailukete zientziari emandako diru-laguntza urriez hausnarketa sakonak egitea.
Erreferentzia bibliografikoa
Ainhoa Aparicio, Libertad González (2014): “Newborn Health and the Business Cycles: Is it Good to be Born in Bad Times?”, Barcelona GSE Working Paper, núm. 702.
Egileaz: Maria José Moreno (@mariajo_moreno) kazetaria da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.
1 iruzkina
[…] Gerta daiteke datuak nahita hautatuak izatea. Hain zuzen ere, “cherry-picking” esaten zaio ikertzaileen abiapuntuko hipotesiaren alde egiten duten frogak edo argudioak […]