Guztiok ez dugu ingurumen-jarrera berdina

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Ingurune naturalean eragina duten erabaki publikoak hartzeko, garrantzitsua da herritarren lehentasunak kontuan izatea. Egun, herritarrek lehenesten dutena ezagutzeko aukera diskretuko esperimentuaren metodologia erabiltzen da gehien bat. Honetan, analisi ekonomikoa erabiltzen da pertsonek ingurumen-egoeraren inguruan dituzten lehentasunen diru-balioa kalkulatzeko.

UPV/EHUko David Hoyos eta Petr Mariel doktoreek eskala psikologiko bat txertatu dute baliabide naturalen balorazio ekonomikoko ikerketetan. Honen bidez, pertsonen ezaugarri soziodemografikoak eta haien ingurumen-lehentasunak lotu ahal izan dituzte.

ingurumen-jarrera

Baliabide naturalen balorazio ekonomikoaren helburua da dirutan adieraztea ingurumenak ematen dituen ondasunen eta zerbitzuen balioa. Horretarako, ekonomistek aukera diskretuko esperimentuak erabiltzen dituzte: inkesta erantzuten dutenek zenbait aukera dituzte, eta ongizaterik handiena eragiten diena hautatu behar dute haietatik. Inkestan proposatutako aukera bakoitzari kostu bat esleitzen zaio, eta, hala, dirutan adieraz daitezke inkesta erantzuten dutenen lehentasunak. Funtsean, ingurumen-aldaketa jakin bati lotutako gizarte-ongizatea neurtu nahi da, eurotan. Hori guztia oso erabilgarria da aukeraketa sozialen esparruan; izan ere, hala, herritarrek zer eta zenbat eskatzen duten jakin ahal izateko informazio kualitatibo eta kuantitatibo baliagarria eskuratzen dute eragile politikoek. Gainera, lehentasun horiek dirutan adierazten direnez, “kostu-onura” analisi ekonomiko estandar batean sar daiteke informazio hori. Hau da, neurri-unitate berean (dirutan) aldera daiteke zer kostu eta zer onura duen gizartearentzat ingurumen-politika batek.

UPV/EHUko Ekonomia Aplikatua III Saileko David Hoyos eta Petr Mariel doktoreek zenbait tokitan erabili dute eredu hori. Haren bidez aztertutako tokietako bat da Zarautz eta Getaria artean dagoen Garate-Santa Barbara eremu babestua. Eremu hartan egindako ikerketan, baso autoktonoa berreskuratzearen edo mahastiak hedatzearen artean hautatzeko eskatu zitzaien inkesta erantzun zutenei, zoruaren erabilera horiek pertsonengan eragiten duten ongizatea neurtzeko. Alegia, kasu hartan, balio ekologikoak sustatzearen edo zoruaren erabilera komertzialagoak sustatzearen artean hautatu behar izan zuten. Inkestan erantzundakoaren arabera, ondorioztatu zen “eremuaren balio ekologikoen sustapenak 57 eta 265 milioi euroko onura soziala eragiten zuela urtean”, Hoyosek adierazi duenez. Gainera, ikertzaileek ikusi zuten onura sozial hobea lortzen zela balio ekologikoak sustatzean, ustiapen komertzialak sustatzean baino.

Emakumezkoak, seme-alabak dituztenak eta mendizaleak, ingurumen-jarrera hobeagoa

Ikerketa horren emaitzetan sakonduz, ikertzaileek harago joan nahi izan dute. Pertsonen lehentasunen balorazio ekonomikoa egin ondoren, aztertu dute haien ingurumen-jarrerek zer eragin duten lehentasunak adierazteko garaian. Alegia, saiatu dira azaltzen zergatik aldatzen den ingurumen hobekuntzak egiteko ordaintzeko prestasuna lagun batzuetatik besteetara. Horretarako, inkesta betetzen duten pertsonen ingurumen-jarrerari buruzko informazioa (adibidez, birziklatzeko duten joera, naturazaletasuna…) sartu dute lehengo ereduan, zehaztasunez ulertzeko zergatik hautatzen dituzten aukera batzuk edo besteak. Psikologian baliatzen den eskala batean bildutako informazioa erabili dute, inkesta erantzuten dutenen ingurumen-jarrerei buruzkoa, banakoak sailkatzeko.

Horren ondorioz, nabarmentzekoa da ingurumen-hobekuntzak ordaintzeko prestasun handiagoa dutela ingurumena kontserbatzeko ekintzak egitea beharrezkotzat jotzen duten lagunek. Nolanahi ere, lagun horien ezaugarri soziodemografikoak aztertu ondoren, ikusi dute ordaintzeko prestasuna handiagoa dela emakumezkoetan gizonezkoetan baino; handiagoa dela seme-alabak dituzten pertsonetan, seme-alabarik ez dutenetan baino; eta handiagoa dela zenbat eta naturazaleagoa izan.

Aplikazio berri horri esker, naturagune bat herritarren lehentasunak kontuan hartuta kudeatzeaz gainera, politika publiko eraginkorragoak diseinatzeko aukera ere badago; izan ere, Hoyosek adierazi duenez, “herritarrek dituzten lehentasunei buruzko informazio xehatuagoa dute erakunde publikoek; alegia, hobeto ulertzen dute nola banatzen diren populazioan lehentasun horiek”. Gainera, herritarren ezaugarriak zehaztu ondoren, ingurumen-politika espezifikoagoak diseinatzeko aukera ematen du. “Adibidez -azaldu du ikertzaileak-, horretatik ondoriozta daiteke seme-alabarik ez duen eta mendizalea ez den gizonezkoaren profila sentsibilizazio berezia behar duen profil soziala dela”.

Ikertzaileari buruz

David Hoyos (Bilbo, 1974) Ekonomian doktorea da (UPV/EHU). Garapenaren Ekonomiako masterra egin zuen Manchesterko Unibertsitatean, eta Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziaduna da (UPV/EHU). IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak finantzatutako Ingurumen Ekonomiako Unitatean ikertzaile aritu zen 2002 eta 2010 bitartean. Irakasle elkartua da UPV/EHUn.

Baliabide naturalen balorazio ekonomikoa du ardatz ikertzaileak. Gaur egungo ikerketak balorazio ekonomikoko metodoekin lotutako aurrerapen metodologiko eta ekonometrikoak biltzen ditu, bai eta garraioaren eta ingurumenaren arteko erlazioa ere. Ikerketa hau UPV/EHUk finantzatu du, EHUA12/13 proiektuaren bidez.

Erreferentzia bibliografikoa:
D. Hoyos, P. Mariel, S. Hess. ‘Incorporating environmental attitudes in discrete choice models: an exploration of the utility of the awareness of consequences scale’. Science of the Total Environment (2014); in press, – 0048-9697

A. Longo, D. Hoyos, A. Markandya. ‘Sequence effects in the valuation of multiple environmental programs using the contingent valuation method’. Land Economics (2014); in press, – 0023-7639

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Ingurumen-hobekuntzak ordaintzeko prestasun handiagoa dute emakumezkoek eta seme-alabak dituztenek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.