Kutsatzaile kimikoen eragina haurren garapenean

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Gaur egun, konposatu organokloratuak debekatuta dauden arren ingurunean dauzkagu. Izan ere, lehenagoko erabileraren ondorioz, toki askotan ditugu oraindik, besteak beste, elikadura-katean eta lurzoruan.

Aipatu ditugun konposatuak kutsatzaile kimikoak dira eta hauen eragina aztertzen dihardute hainbat ikertzailek. Horien artean ditugu INMA (Haurtzaroa eta Ingurumena – Infancia y Medioambiente) ikerketa-proiektuko parte hartzaileak. Proiektu honen ikerlerroa da, ingurunean dauden kutsatzaile kimikoek zer eragin izan dezaketen haurren garapenean aztertzea. Horren baitan, UPV/EHUko doktorea den Aritz Aranbarrik ikertu du zer eragin duten hiru konposatu organokloratu motak garapen neuropsikologiko goiztiarrean: hexaklorobentzenoak (HCB), diklorodifenildikloroetilenoak (p,p’-DDE) eta poliklorobifeniloak (PCBak).

Ikertzaileak azaldu duenez, garapen-funtzioak (besteak beste, lengoaia, motrizitate xehea eta larria, arreta, oroimena…) genetikak gidatzen dituen arren, haurra inguratzen duen guztiak ere badu eragina garapen-funtzioetan, bai eta jaio aurreko fasean edo fetuaren garapen-fasean zerekiko esposizioa izan duen ere.

Zumarragako Ospitalean eta Zumarraga, Beasain eta Azkoitiko osasun-zentroetan gauzatu da ikerketa, haurdunaldi-prozesuan artatze-lanetan aritzen diren profesional guztien laguntzaz. Ikerketarako eremu hori hautatu zen Gipuzkoako industriaren muinetik hurbil dagoelako eta eskualdean ospitalea dagoelako. Ikerketan parte hartu duten pazienteek beren borondatez egin dute, eta Aranbarri doktoreak adierazi duenez, “ikerketak % 71ko adierazgarritasuna izan du; oso emaitza ona da hori, mota horretako ikerketa publiko batentzat”.

haurren garapena eta kutsatzaileak

Lanaren oinarria ikerketa epidemiologiko bat izan da eta horren baitan, datu asko bildu behar izan dituzte. Batetik, amari dagozkion datuak lortu dituzte: konposatuen odoleko maila haurdunaldiko lehen hiruhilekoan eta zilbor-hesteko odoleko maila haurra jaiotakoan. Bestetik, Osakidetzako ohiko kontsultak baliatuz, amaren bizi-ohiturei, dietari eta abarri buruzko informazio osagarria lortu dute. Horrez gain, fetuaren garapenaren segimendua egin dute (haurdunaldia monitorizatuz), eta, ondoren, hainbat datu hartu dituzte haurraren zenbait hazkuntza-fasetan. Haurrei hartutako datu hauek, umeek mediku kontsultara egindako ohiko bisitetatik lortu dira (neurri antropometrikoak eta abar), eta garapen kognitibo eta motorra aztertzeko ebaluazio neuropsikologiko osagarri bat egin dute haurrek 26 hilabete zituztenean. Orotara, 537 haur ebaluatu zituen Aritz Aranbarri ikertzaileak.

Emaitza adierazgarriak

Odoleko kontaminazio-neurrietatik lortutako emaitzek adierazten dute konposatu organokloratu horien mailak oso antzekoak direla halako ikerketak egin dituzten beste herrialde garatu batzuetako mailekin alderatuta. “Oso-oso maila baxuak dira”, ondorioztatu du Aranbarri doktoreak. Oso maila baxuak izanik ere, Gipuzkoan PCBen maila handiagoa da estatuko beste toki batzuekin alderatuz, eta maila hori bat dator tokiko industria-historiarekin.

Halako ikerketa batean, ikertzen den aldagaian eragiten duen guztia izan behar da kontuan, ondorio faltsuak saihesteko. Hortaz, haurren garapenari lotutako aldagaien efektua kontrolatu ondoren (besteak beste, familiaren testuingurua eta maila soziala, haurdunaldiaren ezaugarriak eta haurren garapen antropometrikoa), ikertzaileak ondorioztatu du erlazio esanguratsua dagoela jaio aurreko organokloratuekiko esposizioaren eta garapen motor txikiagoaren artean. Hau da, ikusi da garapen motor txikiagoa -betiere, normaltasunaren barnean- hauteman zaien haurrek lotura dutela konposatu horien maila handiagoko jaio aurreko esposizioarekin. Batzuen eta besteen arteko garapen motorraren aldea ez da klinikoki esanguratsua, ez da patologikoa; estatistikoki esanguratsua da populazioaren ikuspegitik, “garapen-parametro normaletan baitaude”, adierazi du. Bestalde, ez da inolako erlaziorik hauteman konposatu horien eta garapen kognitiboaren artean. Esan beharra dago laborategietako ikerketetatik eta lanbidearekin lotuta edo ingurumen-istripuen ondorioz esposizio akutuak izan dituzten gizakiekin egindako ikerketetatik ondorioztatzen direla, batez ere, konposatu horiei esleitzen zaizkien propietate neurotoxikoak.

Garunaren garapenean, efektu biologikoez gainera, eragin handia du pertsonaren ingurune sozialak. Ikerketa honen ondorioek berresten dute lotura positibo eta esanguratsua dagoela familia-testuinguruaren kalitatearen eta garapen kognitibo goiztiarraren artean; baina, bestalde, eragin hori ez da hauteman funtzio motorretan, eragin biologikoen mendekoago baitira.

Ikertzaileak ondorioztatu duenez, “osasun publikoaren ikuspegitik dira garrantzitsuak emaitzak; izan ere, kontuan hartuta oso maila baxuak aurkitu direla, populazio-mailan beren eragina hautemateko moduko neurotoxikotasuna dute konposatu horiek”. Ondorio horiek bultzada ematen diote halako substantziekiko esposizioarekin lotutako arriskua zein den jakiteko eta murrizteko estrategian aurrera egiteko mundu mailako ideiari.

Ikertzaileari buruz:

Aritz Aranbarri Paredesek (Azkoitia, 1982) psikologiako ikasketak Salamancako UPSAn egin ditu eta Neuropsikologia eta Jokaeraren Neurologiako masterra (UAB, Bartzelona) eta Psikologia Ikerketa masterra (UPV/EHU, Donostia) egin ondoren tesia burutu zuen. Impact of prenatal organochlorine compounds on early neuropsychological development tesia idatzi du UPV/EHUko Psikologia Fakultateko Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena Sailean, BioDonostia Osasun Ikerketako Institutuko Ingurumen Epidemiologia eta Haurren Garapeneko ikerketa-taldearekin lankidetzan, eta Eduardo Fanoren eta Jesus M. Ibarluzearen zuzendaritzapean.

Gaur egun, haurren neuropsikologoa da, eta BioDonostia Institutuko ikertzailea, neurozientzien ikerketa-arloan, Osasun Mentaleko eta Arreta Psikiatrikoko ikerketa-taldean. Neurogarapen goiztiarreko patologien detekzio goiztiarraren proiektua garatzen ari da Bidasoko eskualdean. Halaber, BioDonostiako Institutuko Ingurumen Epidemiologiako eta Haurren Garapeneko ikerketa-taldearekin aritzen da lankidetzan, eta UPV/EHUko irakasle da Psikobiologiaren arloan.

Erreferentzia bibliografikoa:

J. Forns, N. Lertxundi, A. Aranbarri, M. Murcia, M. Gascon, D. Martinez, J. Ibarluzea (2012). Prenatal exposure to organochlorine compounds and neuropsychological development up to two years of life. Environment International, 45, 72-77. DOI: 10.1016/j.envint.2012.04.009

J. Forns, A. Aranbarri, J. Grellier, J. Julvez, M. Vrijheid, J. Sunyer (2012). A conceptual framework in the study of neuropsychological development in epidemiological studies. Neuroepidemiology, 38(4), 203-208. DOI: 10.1159/000337169

Iturria:

UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Inguruneko kutsatzaile batzuek moteldu egiten dute haurren garapen motorra.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.