Arduino, Raspberry Pi eta beste batzuk: Hardware librearen bidea

Josu Jugo

Software librea aski ezaguna dela esan daiteke. Aldiz, pixkanaka gauzak aurrera badoaz ere, neurri handi batean hari bera duen hardware librearen mugimendua ez da hain entzutetsua.

Software librearen gaur egungo garrantzia eta hedapena ezin da ukatu, [1]. Hasieran esparru mugatu batzuetan bultzatu zen, batez ere unibertsitate gune batzuetan, Linus Torvalds eta Richard Stallman bezalako ekintzaile ospetsuen eskuetatik, denborarekin esparru guztietara zabaldu dira kode irekian oinarritutako programak. Adibidez, Euskal Herriko Unibertsitatean ere badago talde bat, ITSAS Software Libre Taldea, software librearen erabilpena bultzatzen duena. Talde horretan hardware librearekin zerikusia duten ekintzak ere antolatzen dira [2].

Seguruenik, GNU/Linux sistema eragilea da mugimendu horren adierazle nagusietako bat. Sistema hau oso arrakastatsua gertatu da informatika-sistema anitzetan, bai ahalmen handiko web zerbitzarietan, eta baita ere sistema txertatu txikietan.

1. irudia: Software librearen ikur baten logoa.

1. irudia: Software librearen ikur baten logoa.

Hainbat kontuk eragin dute arrakasta hau. Kodea era askean eskuragarria izatea da arrazoi nagusietako bat. Horrela, programa bera erabiltzeaz gain, kodean bertan gauzatu daitezke egin nahi edo behar diren aldaketak. Halere, horrek ez du esan nahi software librearen inguruan ez dagoenik negoziorik. Hori bai, software komertzialaren aldean, negozio-eredua bitxia da. Askotan, eskaintzen den zerbitzuaren balioa produktuan egon ordez, produktuaren laguntza-zerbitzuan datza.

Baina software libreak ahalbidetzen duen gauza garrantzitsu bat da kosterik gabeko irakaskuntza, bereziki garrantzitsua baliabide urriko herrialdeetan. Pentsa liteke ezaugarri hau informatika arlora mugatzen dela, baina software libreak esparru guztietan erabilgarriak diren hainbat tresna sortu ditu. Open Office tresna ofimatiko ezaguna da horren adierazle bat.

Kode irekiak bultzada handia eman dio software-diseinugintzari eta bide bat ireki du esparru horretan, baina beste bide paralelo bat eragin du diseinugintza elektronikoan: hardware irekia. Kasu honetan, diseinua bera irekia da, eta horrek posible egiten du txartelak fabrikatzea edo, diseinu horretan oinarrituta, beste diseinu berriak egitea. Adibide ona da CERN ospetsuak bultzatutako hardware irekiaren biltegia: Open Hardware Repository. Web hori gune bat da fisika esperimentaleko zentroetan lan egiten duten elektronika diseinatzaileak hardware irekiko diseinuetan elkarlanean aritzeko, software askearen mugimenduaren filosofiari jarraiturik.

2. irudia: Arduino UNO txartelaren irudia.

2. irudia: Arduino UNO txartelaren irudia.

Filosofia honen beste adibide garbia da Arduino tresna. Arduino baliagarria da konputazio sistema sinpleak sortu eta mundu fisikoarekin lotura errazteko, hainbat sentsore eta eragingailuren bitartez. Bere abantailen artean, aipatzekoak dira bere prezio txikia eta eskuragarritasun handia. Tresna hau mikrokontrolagailu sinple batean oinarritzen da eta defini daiteke kode irekiko plataforma fisiko bezala. Horrez gain, txartel horretarako garapen-ingurune bat ere eskuragarria da, bere programazio-lengoaia propioa izanik. Arduinoa erabilgarria da elementu interaktiboak sortzeko, informazioa sentsoretatik lortuz eta hainbat irteera fisiko kontrolatuz: argiak, motorrak, bozgorailuak,…. Proiektu hauek aurrera eramateko, Arduino txartel batek beregain lan egin dezake, edo beste txartel batzuk ere erraz gehi daitezke, “etxean” egindakoak edo erosita. Arduinok zabalpen handia duenez, konpainia askok eskaintzen dituzte berarekin bateragarriak diren txartelak. Horretaz gain, kable bidez edo gabeko baliabideak erabilita komunika daiteke beste plataformekin, ordenagailu batekin adibidez.

Are gehiago, Arduinoren diseinuan oinarrituta, antzerako beste txartel batzuk lor daitezke, Arduinorekin bateragarriak. Honen adibidea da Zum txartela, Espainiako Bq enpresak diseinatua, ekoiztua eta banandua. Azpimarragarria da ekoizpen-gunea Nafarroan dagoela.

Esan den bezala, txartel honen erabilpena zabalduta dagoenez, bere oinarrizko ezaugarriak eta proiektuen deskribapenak azaltzen dituzten liburuak ere eskuragarri daude. Hau da, dokumentazio ugaria ere badago, hori baita askotan software librearen puntu ahulena: dokumentazio egokia eta errazaren falta.

Badago beste adibide on bat: Raspberry Pi proiektua. Software librea tresna itzela da baliabide urriekin irakaskuntzan aritzeko, baina konputagailu bat behar da. Raspberry Pi proiektuak, oso konputagailu merkea garatzea zuen helburu, baita lortu ere. Berez, Raspberry Pi txartela kostu baxuko eta kreditu-txartel tamainako konputagailua da, telebista edo pantaila batean konekta daitekeena eta ohiko teklatu eta sagua erabiltzen duena. Hasieratik, informatika inguruko ezagutza zabaltzea eta ezagutza horren ikasketa erraztea izan zen proiektua bultzatu zuen fundazioaren helburua. Gauzak horrela, esan daiteke irakaskuntza errazteko zirkulua itxi egin dela, proiektu horri eta software libreari esker.

3. irudia: Raspberry Pi txartel bat.

3. irudia: Raspberry Pi txartel bat.

Tresna hauek edo antzerako beste hainbat erabiliz, izugarri erraztu da elektronikan oinarritutako proiektuak garatzeko bidea. Webean adibide onak aurki daitezke: robot mugikorrak, sistema domotikoak, segurtasun-sistemak, … Izan ere, aukera ugari dira.

Kontuan hartzen badugu kostua nahiko baxua dela eta daudela txartel hauen programazioa errazteko tresnak, esan dezakegu gure irudipena baizik ez dugula muga.

Izan dadila aurkezpen hau gonbite eta animoa diseinu elektronikoaren munduan proiektuak garatzeko.

Erreferentziak:
[1] Free Source Foundation, http://www.fsf.org, 2015
[2] ITSASek antolatutako jarduerak, http://www.ehu.eus/eu/web/itsas/jarduerak, 2015

——————————————————————-

Egileaz: Josu Jugo UPV/EHUko Elektrizitatea eta Elektronika saileko irakaslea da.

——————————————————————-

“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

kzjaia3

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #47 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera

[…] abantailen artean, aipatzekoak dira bere prezio txikia eta eskuragarritasun handia. Datu guztiak, Arduino, Raspberry Pi eta beste batzuk: Hardware librearen bidea […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>