CERN, hirurogei urte unibertsoa xehatzen

Amaia Portugal

1954ko irailaren 29an sortu zen Ikerketa Nuklearrerako Europar Erakundea. Sei hamarkadaren buruan, Internet sortu, inoizko partikulen azeleragailu handiena eraiki eta Higgs bosoia detektatu da Genevan dagoen laborategi erraldoi honetan, beste gauza askoren artean.

Partikulen fisikarako munduko laborategi handiena hain da erraldoia, ezen mugaz gaindikoa baita. Izan ere, CERNek egoitza Genevan duen arren, haren korridore luzeetan atzera eta aurrera dabiltzan ikertzaileak maiz sartzen dira Suitzaren ertzean dauden Frantziako lurretan, ia oharkabean. Baina geografikoki ez ezik, zentzu guztietan da mugaz gaindikoa: 100 herrialde baino gehiagotako 10.000 zientzialaritik gora aritzen dira bertan lanean. Hastapenetan, zaila izango zen gaur egungo aniztasun eta elkar ulertze hori irudikatzea. Izan ere, Bigarren Mundu Gerrako txikizioak oso presente zirela sortu zen proiektu hau, oraindik europarrek elkarri mesfidati begiratzen zioten garaian. Hirurogei urte bete ditu orain.

Zehazki, 1954ko irailaren 29an sortu zen ofizialki CERN, haren fundatzaile izan ziren Europako hamabi estatuek (Belgika, Danimarka, Frantzia, Alemaniako Errepublika Federala, Grezia, Italia, Herbehereak, Norvegia, Suedia, Suitza, Erresuma Batua eta Jugoslavia) batzar batean hala adostuta. Zentroaren izenaren jatorria bitxia da oso. CERN frantsesezko Conseil Europeen pour la Recherche Nucleaire izenaren akronimoa da. Horixe zen egitasmoaren jatorrizko izena, baina ofizialki sortzearekin batera aldatu egin zuten, eta Organisation Europeenne pour la Recherche Nucleaire edo Ikerketa Nuklearrerako Europar Erakundea da orain. Bitxia bada ere, CERN akronimoari eutsi zioten, belarrira ondo egiten zuelakoan.

Bigarren Mundu Gerraren bukaeraren testuinguruan, “zientziarako bikaintasun zentro bat sortzea zen helburua, baina aldi berean, zientzialarien arteko hartu-emanak berrabiaraztea ere bai”, azaldu du Agnieszka Zalewska CERNeko presidenteak. Gaur egun, 21 estatu kide ditu; Israel izan da sartzen azkena, aurten, eta Europakoa ez den aurrenekoa ere bada.

Zientzia bakearen alde izan da zentroak 60. urteurren hau ospatzeko baliatu duen leloa. Ez alferrik. Ralf Heuer zuzendari nagusiak esan bezala, “jendeak elkarrekin lan egiten du hemen, haien jaioterria edo kultura edozein dela ere. Guztiok hizkuntza bera hitz egiten baitugu hemen, eta zientziaren hizkuntza da hori, unibertsoaren hizkuntza”.

Unibertsoa ulertu

Unibertsoaren hizkuntzan hitz egiteak ez du esan nahi hark esaten duen guztia ulertzen diotenik. CERNen erronkak bide horretatik doaz, hasieratik: gure inguruan dagoen guztia nola osatuta dagoen ulertu nahi dute, mundua mundu bihurtu zeneko une hori nolakoa izan zen jakin… unibertsoaren jatorria eta izaera xehatu, bestela esanda. Erakundearen izenak ondo dioen bezala, atomoaren nukleoa zen aztertu zitekeen eskala txikiena ahalegin horietan hasi zirenean. Gauzak asko aldatu dira orduz geroztik, eta partikulen fisika are neurri txikiagoetara iritsi da.

Internet edo World Wide Web delakoaren sorleku (1989an) izateagatik ere ezaguna da CERN; horrek gizarteari egin dion ekarpena begi bistakoa da. Baina, meriturik kentzeko inongo asmorik gabe, ezin ahaztu sarea tresna oso praktiko bat besterik ez dela egitasmo erraldoi honetan.

Partikula azeleragailuak dira berez CERNen gako garrantzitsuenetako bat, garrantzitsuena ez badira. Punta-puntako makina hauei esker, partikulek ia argiaren abiaduran egin dezakete talka elkarrekin, eta hala, horien portaera nolakoa den aztertu dezakete ikertzaileek. Ikusten ez ditugun baina gure inguruan edonon dauden elementu horiek guztiek benetan zer egiten duten ikertzea ahalbidetzen dute, nolabait, azeleragailuek.

Irudia: Hadroien Talkagailu Handia. (Argazkia: © 2012 CERN)

Irudia: Hadroien Talkagailu Handia. (Argazkia: © 2012 CERN)

Hain zuzen ere, hala detektatu zuten duela bi urte Higgs bosoia, CERNen historian inoiz egin den aurkikuntza ospetsu eta garrantzitsuena. Teoriak zioen partikulen masa nondik datorren ulertzeko ezinbesteko pieza dela Higgs bosoia, baina ez zen detektatzen erraza. Haren zantzuak antzemateko, ikusten ez ditugun partikula horiek duten abiadura eta portaera induzitu behar dira, eta horretarako balio duen eta ikertzaileei prozesua ikusteko aukera ematen dien tresna batean egin behar da hori: azeleragailua.

Halaxe egin zuten Higgs bosoiarekin, Hadroien Talkagailu Handian (LHC). CERNek bere hirurogei urteko historian izan dituen azeleragailu eta bestelako tresna guztien artean, zalantzarik gabe huraxe da harribitxia. Hogeita zazpi kilometroko luzera duen eraztun magnetiko izugarria da; partikulak argiaren pareko abiaduran jarri nahi badira, naturan duten portaera kopiatu, tramankulu erraldoi hau baino gauza egokiagorik ez dago munduan horretarako.

LHCa 2008ko irailean jarri zuten martxan lehenbizikoz. 2013ko otsailaz geroztik itzalita egon da, atsedenaldi horretan indartu eta datorren urtearen hasierarako inoiz baino potentzia handiagoz lan egiteko moduan egon dadin. Harribitxia inoiz baino sasoikoago itzuliko bada, zalantzarik gabe, CERNek unibertsoaren ezagutzan sakontzen jarraituko du hurrengo hamarkadetan ere.

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Iruzkin 1

Eman iritzia

Arduino, Raspberry Pi eta beste batzuk: Hardware librearen bidea | #KZJaia | Zientzia Kaie...

[…] fabrikatzea edo, diseinu horretan oinarrituta, beste diseinu berriak egitea. Adibide ona da CERN ospetsuak bultzatutako hardware irekiaren biltegia: Open Hardware Repository. Web hori gune bat da […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>