Fukushimaren nondik norakoak, #Zientziatekan

Dibulgazioa · Ekitaldiak

Duela lau urte, martxoaren 11n, historiako bigarren istripu nuklearrik garrantzitsuena gertatu zen Japonian, Fukushimako istripua. Richter eskalan bederatzi graduko lurrikara baten eraginez, 15 metroko altuerako tsunamia sortu zen eta honek Japoniako 14 erreaktore nuklear kaltetu zituen. Horien artean, Fukushima-Daiichi zentraleko 4. erreaktoreak jaso zituen kalte handienak. Istripuaren eraginez 80.000 bizilagun atera zituzten euren etxeetatik beste toki batzuetara eramateko. Egun, ingurumenean eta osasunean pairatutako ondorioak ikusten hasi berriak bagara ere, istripuaren eragina osotasunean ezagutzeak eta neurtzeak luze joko du eta, baita ere, zentralean bertan dauden erreaktoreen hustuketak eta konponketak.

fukushima 1

Japonian lurrikarak eta tsunamiak ezagun samarrak badira ere, noizbehinka gertatzen diren fenomenoak direlako, Fukushimako istripuaren aurretik erreaktore nuklearren sare garrantzitsua zegoen barreiatuta herrialdean, guztira 54 erreaktore. Sare honek bertan kontsumitzen zen energia elektrikoaren %25a baino gehiago ekoizten zuen. Izan ere, 2011. urtea baino lehenago Asiako herrialde hau segurtasun nuklearraren arloan adibidetzat jotzen zen. Horrela izanik, galdera bat egiten diogu geure buruari: nola gerta zitekeen beraz horrelako istripu handia? Eta horrez gain, zelakoa izan zen ezbeharraren kudeaketa? Zeintzuk izango dira honen ondorioak?

UPV/EHUn Fisika Aplikatuan Katedraduna den Fernando Plazaolak erantzungo ditu aurreko galderak martxoaren 24an, arratsaldeko 19:00etan, Bilboko Alondegian eskainiko duen ‘Fukushimaren nondik norakoak ’ izeneko hitzaldian.


Hitzaldia Zientziateka ekimenaren parte da. Zientziateka, hilean behin UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bilboko Alondegiak puri-purian dauden zientzia arloko gaiak jakitera emateko antolatzen duten jarduera da.

OHARRA: Hitzaldia Alondegiko Mediateka aretoan eskainiko da doan. Sarrerak hartu behar dira Bilboko Alondegiko informazio-gunean entzule moduan joateko. Sarrerak aretoa bete arte banatuko dira. Bertara hurbiltzea ezinezkoa bazaizue, zuzenean jarrai dezakezue ekitaldia streaming bidez eitb.eus-eko kanalean.

2 iruzkinak

  • Pena bat bertan ezin egotea. Posible balitz aurrerago internet bitartez hitzaldia entzutea gustatuko litzaidake.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.