Hitz egiteko ezintasunak dituzten pertsonek hainbat tresna dituzte testua audio bihurtzeko, baina zerbitzu horiek erabiltzen dituzten ahotsak generikoak izaten dira eta sarri ez datoz bat erabiltzen dituen pertsonaren nortasunarekin edo adinarekin. Horregatik, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko Aholab ikerketa-taldeak “TTS Aholab” proiektua garatu du, testua ahots pertsonalizatu eta intuitibo bihurtzeko aplikazioa.
“TTS Aholab” android sistema duten gailuetarako aplikazioa da eta ahots bihurtzen ditu idatzizko testuak. Horrez gain aukera ematen du lokuzioak kudeatzeko testuinguruen edo egoeren arabera sailkatuz: zinemara bazoaz, supermerkatuan erosketak egin behar badituzu eta abar. Sei hizkuntzatan eskuratu daiteke: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, txineraz, eslovakieraz eta katalanez. Ingelesezko eta gaztelaniazko aplikazioa Google Play gunean dago eskuragai. Gainontzeko hizkuntzetan erabili nahi izanez gero, Aholab ikerketa-taldeko Zure TTS plataforman erregistroa egin ondoren, bertatik jaitsi daitezke.
Aplikazioa, Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko telekomunikazioetan ingeniaria den, Daniel Garcia Lorenzo ikasleak garatu du Aholab ikerketa-taldearekin batera. “TTS Aholab” Daniel Garciaren ikasketa bukaerako proiektua izan da eta 2014ko Bizkaiko app onenaren eta Hezkuntza eta Berrikuntza kategoriko aplikazio hoberenaren sariak jaso ditu Start BiscayApp lehiaketan.
Tresna honek erabiltzaileen komunikazioa erraztea du helburu, eta aukera ematen die Aholab taldeak berak garatu duen Zure TTS plataforman dauden ahotsen artean hautatzeko. Aplikazioak, ahotsa konfiguratzen du tonua, abiadura edo intentsitatea bezalako parametroen arabera, ahalik eta gehien hurbil dadin erabiltzailearen gustuetara.
Daniel García Lorenzo sortzaileak azpimarratu du “ahotsa galdu duten lagunei edo ulertarazteko zailtasunak dituztenei dago zuzenduta aplikazio hau. Pertsona hauei komunikatzeko erraztasunak ematea da app honen xedea. Interfaze bat eskaintzen du testua ahots bihurtzeko, eta erabiltzaileen solasaldia ahalbidetzen du”.
Azpimarratzekoa da, aurretik aukeratu eta pertsonalizatu den ahots bat erabili daitekeela. Horretarako, ZureTTS atarian izena eman eta ahots jakin bat hautatzeko aukera izango da, alde batetik; baina, bestetik, ‘Ahotsen Banku’ bat sortzeko helburua ere badu Aholab ikerketa-taldeak. Bertan, erabiltzaileek euren ahotsa eman ahal izango dute grabazio batzuk eginez, guztira 100 esaldi. Banku honetako ahotsak hautatu ahal izango dituzte ahotsik ez duten pertsonek, euren hitzei hotsa emateko.
Ikerketa-taldeko kidea den Inma Hernaezek azaldu duenez, ZureTTS atariak erabilgarritasun handia izan dezake ahotsa galtzen dutenei laguntzeko (laringotomia bat izan dutenentzat, adibidez, edo endekapenezko gaixotasun batengatik ulergarritasuna galtzen doazen pertsonentzako). 100 esaldi grabatu ondoren, jatorrizko ahotsaren antz handia izango duten, ahots sintetikoak eskainiko dira sisteman erabiltzeko prest.
“TTS Aholab” aplikazioak badu baita ere sintesi zerbitzu azkar eta intuitibo bat, hitz egiteko ezintasuna duen pertsonak elkarrizketan zehar izan ditzakeen premiei erantzuteko, eta erabiltzailearengandik ikasten du, esan nahi duena aurreikusi ahal izateko.
Aholab Signal Processing Laboratory UPV/EHUren Ikerketa-Taldea Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan dago kokatuta. Hizkuntza teknologietan esperientzia zabala dauka eta hizkuntza ezagupena, ahots bihurketa eta hizlariaren ezagupena lantzen du. Aholab taldeak sortutako ezagutza gizartera zabaltzeko du xedea eta app irabazlea lan horren fruitua izan da.
Iturriak
- UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Karrera Bukaerako Proiekturako Daniel G. Lorenzok garatutako app batek hiru sari jaso ditu.
- Euskadinnova: TTS Aholab, hitz egiteko ezintasuna duten pertsonen komunikazioa errazteko aplikazioa.
1 iruzkina
[…] honetan sortzen da ZureTTS proiektua, norberaren ezaugarriei egokitutako ahots pertsonalizatuak emateko. Proiektuan, esaldi […]