Arrakasta teknologikoaren formula

Amaia Portugal

MITeko bi ikertzailek ekuazio bat sortu dute, teknologia batek datozen hilabete eta urteetan izango duen garapena neurtzeko. Patenteei eta batez ere haien kalitateari erreparatu diete horretarako, kantitateari baino gehiago.

Komunikazio optikoa eta haririk gabekoa, hiru dimentsiodun inprimagailuak eta erresonantzia magnetiko bidezko irudigintza dira, gaur egun, azkarren garatzen ari diren teknologiak. Hala adierazi dute Christopher Benson eta Christopher MageeMITeko ikertzaileek, Plos One aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Ez da bi adituk emandako iritzi edo balorazio soila, ekuazio baten emaitza baizik. Izan ere, formula matematiko bat garatu dute, teknologia mota batek datozen hilabete eta urteetan izango duen garapena neurtzen duena.

Guztira 28 teknologia motaren balizko arrakasta neurtu dute formula garatzeko prozesuan, eta patente sortak baliatu dituzte teknologia horien ordezkari gisa, eta ekuazioaren oinarri. Hala, AEBtako Patente Bulegoan erregistratuta dauden milioi erditik gora patenteri erreparatu diete, aztergai izan dituzten 28 teknologia horiek ondoen ordezkatzen dituzten patente sortak identifikatu dituzte eta horien gainean egin dute lan, izaten ari diren garapen maila iragartzeko baliagarriak diren parametroen bila.

Christopher Magee MITeko ikertzaileak urteak daramatza askotariko teknologien berrikuntza eta arrakasta aurresateko kontuan hartu beharreko ezaugarri egokienen bila. Eskarmentu horri esker, ondorioztatua zuen patenteak lehengai fidagarria direla aztertu nahi zuen teknologia horietako bakoitzaren ordezkari moduan, eta horregatik, patenteetan ezarri dute ekuazioaren abiapuntua.

1. irudia: Formularen arabera, 3D inpresioa da azkarren garatzen ari den teknologietako bat. (Argazkia: Ludovic Hirlimann / CC BY-SA 2.0)

1. irudia: Formularen arabera, 3D inpresioa da azkarren garatzen ari den teknologietako bat. (Argazkia: Ludovic Hirlimann / CC BY-SA 2.0)

Horren ondotik, AEBtako bulegoan erregistratutako ideia eta gailu guztien artean, aztergai zuten teknologia mota bakoitza ondoen ordezkatuko zuten patenteak identifikatzea zen hurrengo urratsa. Sailkapenari erreparatu diote horretarako. Patente bat erregistratzen denean, atal batean edo batzuetan sailkatu beharra dago, eta gainera, sailkapena desberdina da herrialde edo eremu bakoitzeko sistemaren arabera.

Esaterako, litekeena da patente fotovoltaiko bat baterien atalean sailkatzea AEBtako bulegoan, baina gailu erdi-eroaleen atalean izena emanda agertzea patentea beste herrialde batzuetan ere indarrean jartzen bada; hau da, nazioarteko patente izateko erregistratzen bada. Hori horrela, teknologia mota bakoitza ondoen ordezkatzen duten balizko patenteak AEBtan eta mugaz gaindi zer sail zehatzetan erregistatuta ageri diren ebatzi dute ikertzaileok, eta sailkapen irizpide horiek betetzen dituen patente sorta aukeratu dute aztergai izan duten 28 teknologia horietako bakoitzarentzat.

Behin patenteak hautatuta, horien balizko parametroen artean, teknologiaren garapen maila iragartzeko aproposenak xehatu dituzte. Artikuluan azaldu dutenez, bi parametro nagusiren arabera definitu dute ekuazioa. Batetik, izandako aipu kopurua; hau da, zenbatetan egin zaion erreferentzia lehenengo patente honi beranduago atera diren beste patente batzuetan, edo zenbatetan jo den aurreneko patente hori abiapuntu edo inspirazio iturritzat, nolabait esatearren. Eta bestetik, aztergai den patentearen argitalpen data: zenbat eta berriagoa izan, orduan eta azkarrago garatu ohi da hari lotzen zaion teknologia mota.

Bensonek azaldu duenez, aipaturiko bi parametro horiek ahalmen handiagoa dute garapen maila aurresateko, adibidez, teknologia mota bakoitzak duen patente kopuruak baino. “Normalean, teknologia batek patente gehiago dituenean azkarrago garatu beharko luke, baina hara non, hori ez den horrela. 3D inpresioak 300-500 patente baino ez ditu, eta erdi-eroaleak bezain azkar hobetzen ari da, nahiz eta azken honek 150.000 patente inguru eduki”, azaldu du.

2. irudia: (Argazkia) 2. irudia: Artikuluaren arabera, online ikaskuntzari lotutako teknologiek etorkizun oparoa dute. (Argazkia: Algogenius / CC BY 2.0)

2. irudia: Artikuluaren arabera, online ikaskuntzari lotutako teknologiek etorkizun oparoa dute. (Argazkia: Algogenius / CC BY 2.0)

Hala, neurtu nahi zituzten 28 teknologia motei dagozkien patente aproposenak identifikatuta eta parametro iragarle egokienak aukeratuta, Bensonek eta Mageek ondorioztatu dute komunikazio optikoak eta haririk gabekoak, hiru dimentsiodun inpresioak eta erresonantzia magnetiko bidezko irudigintzak dutela etorkizun oparoena. Gaur egun motelen garatzen ari diren teknologiak dira, aldiz, bateriak, aerosorgailuak eta errekuntza motorrak.

Gainera, gorabidean dauden 11 teknologia motaren artean, datozen hamar urteotan azkarren garatuko direnak zeintzuk izango diren ere iragarri dute artikuluan: online ikaskuntza eta irudi digitala. Elikagaien ingeniaritza eta fusio nuklearra, ordea, motelago garatuko dira.

Bensonek ohartarazi duenez, “gure metodoak ñabardura asko ditu, eta ez zait iruditzen publiko orokorrari zabaltzeko modukoa denik. Uste dut egokiagoa dela guk geuk hura behar duenarekin elkarlanean baliatzeko, berari laguntzeko ulertzen zeintzuk diren interesatzen zaizkion etorkizuneko ahalmen teknologikoak”.

Erreferentzia bibliografikoa:
Christopher L. Benson, Christopher L. Magee. Quantitative Determination of Technological Improvement from Patent Data. Plos One, April 15, 2015. doi: 10.1371/journal.pone.0121635

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>