Citius, altius, fortius

Dibulgazioa · Mugaldea

1881ean, Henri Didon apaiza dominikoak, eskola batean zegoen kirol-ekimen bat inauguratzen ari zelarik, “citius, altius, fortius” jaurtiki zien bertan zeudenei. Pierre de Coubertin ere bertan zegoen, eta hainbat urte beranduago, moldatu egin zituen hitz horiek, olinpiadetako lema modura. Askok uste dute baroiak bota zituela hitzak lehendabizi, baina esan bezala, ez zen horrela izan.

Mugimendu olinpikoaren ustez, hitz horiek dira Olinpiaden ikur egokiena, bai kirol eta teknikaren ikuspegitik, bai eta irakaskuntza eta moralaren ikuspegitik ere. “Azkarragoa, garaiagoa, indartsuagoa” itzuli izan da, baina ñabardura batzuk gehitu behar zaizkio itzulpenari. Izan ere, nekez goraipa daiteke inor “garaiagoa” izateagatik.

citius
1. irudia: “Citius, altius, fortius” edo “Azkarragoa, garaiagoa, indartsuagoa” izan da Joko Olinpiko modernoen ikurra.

Citius et altius

Azken ikerketa batzuek aditzera eman dute animalien artean bilatu nahi izanez gero, bisonteak eta sugandilak izan litezkeela kirolari trebeenak.

Jauzi altuagoak egiten dituztenen artean, Psammodromus algirus dugu: sugandila buztanluzea. Carl Bergmannek 1847an esan zuen klimarik hotzenetan bizi diren animaliek gorputz handiagoa dutela, eta beroa hobe kontserbatzen dutela, klima beroagoetan bizi direnek baino. Hasiera batean, animalia endotermoez aritu ziren. Izan ere, animalia hauek, besteak beste ugaztunek, barne beroa sortzen dute gastu handiko metabolismo-mekanismoen bidez. Journal of Evolutionary Biology aldizkarian berriki argitaratu den artikulu batean aldiz, aldarrikatu da fauna ektotermoan ere betetzen dela arau hori. Animalia ektotermoek, gorputz-tenperatura jakin bati eusteko, kanpo beroa erabiltzen dute, gehienetan Eguzkitik hartuta. Animalia talde horretan daude narrastiak eta urlehortarrak, besteak beste.

2. irudia: Sungandila buztanlueza (Psammodromus algirus), zonalde garai batean.
2. irudia: Sungandila buztanlueza (Psammodromus algirus).

Ikertzaileek, sugandila honen ale batzuk aztertu dituzte, eta 300-2.550 metroko tartean, Sierra Nevadan egiaztatu dute tamaina handiagoa dutela zonalde garaiagoetan bizi direnek, hau da, klima hotzagoetan bizi direnek.

Baina sugandila buztanluzeak badu beste ezaugarri bat, bera bizi den tokian oso lagungarri gertatzen zaiona. Ez da “azkarrena”, baina izatez, geldotasunean datza bere ezaugarri hori. Izan ere, zientzialariek egiaztatu dute 2.000 metrotik gora bizi direnek handiagoak direla eta beroa polikiago galtzen dutela, zonalde beroagoetan bizi izanda txikiagoak direnak baino. Hala ere, gorago bizi diren horiek, denbora gehiago behar dute berotu ahal izateko.

Beren hitzetan, aurreikus daiteke Bergmannen legea indarrean egongo dela ektotermoetan ere, baldin eta berotzeko ahalmen txikiago bat konpentsatuta badago gorputz handiago bati lotuta dagoen bero-kontserbazio handiago bati esker.

3. irudia: Chkchalakh lakuaren ekialdean aurkitutako bisonte izoztua. Kanpo gorputzaren egitura osorik dago, muturra, belarriak, buztana, eta genitalak barne. Barne organoak ere ondo kontserbatu dira, eta digestio-traktuko, sabeleko eta hesteetako edukiak ere aurkitu dira.
3. irudia: Chkchalakh lakuaren ekialdean aurkitutako bisonte izoztua. Kanpo gorputzaren egitura osorik dago, muturra, belarriak, buztana, eta genitalak barne. Barne organoak ere ondo kontserbatu dira, eta digestio-traktuko, sabeleko eta hesteetako edukiak ere aurkitu dira.

Fortius

Historiaurreko bisontea da taldeko “indartsua”. Scientific Reports aldizkarian argitaratu den lanak honako hipotesia egiaztatzea zuen helburu: ugaztun handien larruazal azpiko gantzak agian funtsezko funtzioa bete zuen Paleolitoko eta Mesolitoko giza ehiztarien elikaduran.

Ikerlariek, hiru bisonteren gantza aztertu dute. Siberiako permafrostean aurkitu zuten eta kalkulatu dute duela 8.000-9.000 bizi izan zirela. Haien larruazal azpiko gantzean, egungo bisonteenean baino lau aldiz omega-3 kantitate handiagoa aurkitu dute. Hau ulertzeko, pentsa liteke bisonte horiek goroldio asko jaten zutela, hain zuzen ere goroldio hondarrak aurkitu baitira bere digestio-aparatuan. Zientzialariek diote egun bizi den gizakiaren lehenengo aldaera anatomiko hark eguneko kcal gehiago behar zituela egungo gizakiak baino. Ehiztari-biltzaile batek 4.000 kcal baino gehiago hartzen zituen egunero, eta baliteke bisontearen larruazal azpiko gantza energia-hornidura horretan parte garrantzitsua izana. Horrela uste baino askoz ere omega-3 gantz-azido gehiago hartuko zituzten garai hartako gizakiek, ez zuten behar ez arrainik ez landarerik.

Historiaurreko gizakiaren elikadura-ohiturak ezagutuko bagenitu, ikerlarien ustez, hobeto ulertuko genituzke garai hartako gaixotasunak, gizaki haien hezur-hondarretan sumatzen direnak. Horrela, aukera izango genuke egungo elikadura-ohiturak ere hobetzeko.

Erreferentzia bibliografikoak:

Zamora-Camacho F. J, Reguera S. y Moreno-Rueda G. (2014). Bergmann’s Rule rules body size in an ectotherm: heat conservation in a lizard along a 2200-metre elevational gradient. Journal of Evolutionary Biology, 27 (12), 2820–2828. DOI: 10.1111/jeb.12546

Guil-Guerrero J. L. et al. (2015). The PUFA-Enriched Fatty Acid Profiles of some Frozen Bison from the Early Holocene found in the Siberian Permafrost. Scientific Reports, 5, 7923. DOI: 10.1038/srep07926.


Egileaz:

Javier San Martín (@SanMartinFJ) kazetaria da, eta artikulu hau “Activa Tu Neurona” blogaren (@ACTIVATUNEURONA) kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin.


Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.