Izerdiaz

Animalien aferak · Dibulgazioa

Beroa


Lurruntzen direnean, likidoek beroa hartzen dute ingurutik. Horregatik, gainazal batean dagoen ura lurruntzen bada, hoztu egiten da gainazal hori. Beraz, ez da batere harritzekoa lurrunketa izatea ugaztunek duten beroa galtzeko biderik eraginkorrenetako bat, eta bide bakarra ingurumen-tenperatura gorputzarena baino altuagoa denean. Lehorrean bizi diren ugaztunez ari gara, noski.

Animalia batzuetan arnas azalak izaten dira ura lurruntzeko -eta beraz, beroa galtzeko- gune egokienak. Beste zenbaitek ere ur-lurrunketara jotzen dute beroa galtzeko, baina arnas azalaren gaineko ura lurrundu beharrean, izerdia erabiltzen dute. Geu gara portaera horren adibide argia. Beroa barreiatzeko beharra oso handia denean ur bolumen handiak galtzen ditugu izerdiaren bitartez. Ezaguna da, esaterako, futbol-jokalariek gorputzaren masaren ehuneko laua gal dezaketela partida batean; eta kontuan hartu behar da atsedenaldian ura (likido isotonikoen bidez) edaten dutela aldageletan eta baita zelaian bertan ere, ahal duten guztietan. Askoz gehiago izan daiteke erresistentzia-proba luzeetan parte hartzen duten kirolariek galtzen duten ura.

Donostiarra__Portugaleten-1024x768
Irudia: Egungo arraunlariek orduko litro bat ur edan beharko lukete, gutxienez, izerdiaren bidezko galerari aurre egin ahal izateko.

Izerdiaz ari garelarik, Robin Lane Fox (2005) historialari britainiarrari irakurri diogun kontutxo bat ekarri dugu hona. Atenas klasikoan -Atenas Antzinaroko itsas inperioa zenean- trirremeak ziren atenastarren gerra-tresna garrantzitsuenak. Bada, Fox-en arabera, ezaugarri fisiko apartak omen zituzten trirremeetan aritzen ziren arraunlariek. Atera diren kontuen arabera, egungo arraunlariek orduko litro bat ur edan beharko lukete, gutxienez, izerdiaren bidezko galerari aurre egin ahal izateko, baina eskifaia 170 arraunlarik osatzen zutela kontuan harturik, eguneko 2.000 litro ur baino gehiago beharko lukete. Historialariaren ustez handiegia da ur-bolumen hori, bidaiak zenbaitetan luzeak zirelako baina ura lortzeko eta ontziratzeko aukerak ez oso ugariak. Horretxegatik uste du garai hartako arraunlarien ur-beharrak apalagoak izango zirela egungo arraunlarienak baino.

Garai hartako arraunlariek oraingoek baino izerdi gutxiago botatzen bazuten ere, izerdi-bolumena ikaragarria omen zen, kubierta azpiko kiratsa kentzeko lau egunetan behin urez garbitu behar baitzuten. Eta zer esan azpiko lerroan zihoazen arraunlarien egoeraz! Goiko bi lerroen arraunlarien izerdia gainean erortzen zitzaien! Kontuan hartzen badugu arraunlari gehienak atenastar libreak zirela eta diru-truk jarduten zutela trirremeetan, ez dirudi lehorrean zituzten bizi baldintzak erakargarriegiak zirenik.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.