Mamutaren odola

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Hotza

———————————————————————————————————–

Mamutez (Mammuthus generoa) aritu izan gara hemen dagoeneko. Toki hotzetan bizitzeko moldaera nabarmenak zeuzkaten. Ilaje lodia eta koipetsua, eta belarri eta buztan txikiak ziren beroa gordetzeko (ez galtzeko) moldaera horiek. Horiexek dira oraingo elefanteekin erkatuz gero ikus daitezkeen desberdintasun morfologiko argienak.

Irudia:

1. irudia: Mamut iletsu baten erreprodukzioa. Mamut iletsua, Mammuthus primigenius, Europan Pleistozenoan bizi zen eta duela 3.700 urte inguru iraungi zen.

Mamuten moldaera berri bati buruz jakin dugu 2010eko maiatzean Nature Genetics aldizkari ospetsuak argitaratutako ekarpen interesgarri bati esker. Kasu honetan ez dagokio mamutaren anatomiari, haren fisiologiari baizik. Baina -pentsatuko duzu, irakurle- nola jakin daiteke mamuten fisiologiari buruzko zerbait, duela milaka urte desagertu baziren! Egungo bioteknologiako metodoei zor diegu iraganeko animalia horren fisiologiari buruzko informazioa eskuratu ahal izana. Ondoren azalduko dugu kontua.

Duela berrogeita lau mila urte inguru hil zen mamut baten aztarnen DNA hartu dute bere sekuentzia anplifikatzeko eta ezagutzeko. Horrela lorturiko DNA katetik hemoglobina kodifikatzen duten zatiak (loci) hartu dira eta Escherichia coli bakterio ezagunaren genoman txertatu dituzte, bakterioek “loci” horiek transkriba ditzaten eta dagozkion proteinak -hemoglobinaren kateak kasu honetan- sintetiza ditzaten. Ohikoak diren esperimentuak egin dira gero horrela erdietsiriko hemoglobinarekin, haren ezaugarriak ezagutu ahal izateko.

Ikerlana egin zuen taldeak interes berezia zuen hemoglobinaren funtzioaren eta tenperaturaren arteko harremanean. Izan ere, arnas pigmentuen oxigenoarekiko kidetasuna jaitsi egiten da tenperatura goratzen denean. Hori dela eta, tenperatura apaletan oxigenoarekin konbinatuta gelditzeko joera dute arnas pigmentuek eta hori, mamutaren hemoglobinaren lanarentzat, eragozpen handia izan zitekeen.

2. irudia:

2. irudia: Mamutak eta elefanteak hainbat desberdintasun dituzte. Esaterako, mamutaren hemoglobinak, egoera fisiologiko arruntetan, ondo askatzen du oxigenoa tenperatura hotzetan, elefantearenak tenperatura beroan egiten duen modu berean.

Mamutak animalia homeotermoak ziren, hau da, barne-tenperatura konstante mantentzen zuten. Hala ere, animalia gehienetan tenperaturaren egonkortasun hori ez da osoa izaten. Hotza egiten duenean, gorputzaren luzakinak hoztu egiten dira; bestela energia gehiegi beharko litzateke gorputzaren luzakinak ere bero mantentzeko. Pinguinoen kasuan, esaterako, oso argia da, izotzaren gainean dauden oinetatik bero handia galtzeko arriskua baitute; horregatik gelditzen dira oinak zerotik hurbil, ez dituzte berotzen. Mamuten kasua ez zen, seguru asko izango hain muturrekoa, baina kontu segurua da hankak eta tronpa, neurri txikiagoan, hoztu egiten zitzaizkiela. Hori horrela, elefante baten hemoglobinak ez luke askatuko oxigenoa, konbinatuta geratuko bailitzateke hotzaren eraginez.

Mamutaren hemoglobinaren eta oxigenoaren arteko konbinatze/askatze hori aztertu dutenean ikusi dute mamutaren hemoglobina eta elefantearena desberdinak direla. Mamutaren hemoglobinak, egoera fisiologiko arruntetan, ondo askatzen du oxigenoa tenperatura hotzetan, elefantearenak tenperatura beroan egiten duen modu berean. Beraz, desberdintasun molekular txiki bati esker mamuten hemoglobinak oxigenoa aska zezakeen elefantearen hemoglobinak askatu ezingo lukeen baldintzetan. Garrantzi handiko moldaera da, izan ere, zeren oxigenoa zeluletara ondo iristeko ezinbestekoa baita pigmentuaren zamatze/huste jarduera hori behar bezala gertatzea. Bestela, oxigenoa hartuko zuen biriketan, baina gero hanketan gorde eta, beraz, hankek ez lukete energia-substratuak metabolizatzeko modurik izango.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>