Heterotermiaz

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Hotza

———————————————————————————————————–

Lehenago adierazi dugun bezala, animalia endotermoen beroa beraiek sortzen dute, duten metabolismo-jarduera altuari esker; ektotermoei, berriz, kanpotik datorkie beroa. Homeotermoak, gehienetan, endotermoak dira, eta alderantziz, poikilotermoak ektotermoak; baina badago salbuespenen bat edo beste. Gainera, ektotermia eta endotermiaren arteko muga ez da oso argia. Ikus ditzagun mugan dauden animalia batzuk.

Dermochelys coriacea bezalako itsas dortokek igeri egiten sortzen duten beroa gordetzen dute eta horri esker, 10º C-ko aldea manten dezakete kanpoarekiko; horretxegatik, izan ere, joan daitezke ur hotzetara janari bila, beste dortoka batzuk egin ezin dezaketena.

Dermochelys coriacea

1. irudia: Dermochelys coriacea espezieko dortoka kumea.

Ezpata-arrainak beroago mantentzen ditu begiak eta garuna ehizatzen ari den artean, eta marrazo eta atunek ura baino nabarmen beroago mantentzen dituzte muskuluak bidaia luzeak egiten dituztenean.

Txitxarra apatxeak eta beste intsektu batzuek izerdia botatzen dute eta horrela gradu batzuk hotzago egon daitezke. Eta beste batzuek, esfingidoek kasu, beroa sor dezakete beharrezkoa denean.

Indiako pitoiak eta beste suge batzuek dar-dar egiten dute arrautzak txitatzen dituzten bitartean eta horrela zortzi gradu igo dezakete gorputz-tenperatura.

Lokartzen direnean, tenperatura beheratzen uzten dute saguzarrek eta txori batzuek; inguruneko tenperaturaraino hel daitezke horrela. Gehiegi jaisten bada, berriro pizten dute “berogailua”.

Monotremek (platipusek eta ekidnek) 32 °C-ko tenperatura mantentzen dute, plazentalioetan ohikoa dena (37 °C) baino nabarmen beherago. Martsupialio gehienek 35 °C-koa mantentzen dute.

2. irudia: Short-beaked Echidna (Tachyglossus aculeatus), Mount Field National Park, Tasmania, Australia.

2. irudia: Monotrema familiako Tachyglossus aculeatus espezieko animalia. Gaur egun Australia eta Ginea Berrian baino ez dira bizi, nahiz eta behinola askoz hedapen handiagoa zutenaren datuak dauden. Ornitorrinko eta ekidnak dira espezieak dira monotremak. (Argazkia: JJ Harrison, Wikipediaren bidez, CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Hirakoideoek (damanek) tenperatura konstante mantentzeko zailtasunak dituzte. Hori dela-eta narrastien moduko jokabideetara jo behar dute zenbaitetan; izan ere, eguzkitan jartzen dira, sugandilak bezala, bero mantentzeko.

Sator biluziak ez du eraentzen gorputz tenperatura; horren ordez, bizi den barrunbearena mantentzen du, 30 °C normalean. Bera da ugaztun ektotermo bakarra, eta luzeago arituko gara sator honetaz beherago.

Animalien gorputz-tenperaturari dagokionez, beraz, gauzak ez dira beti zuriak ala beltzak, grisak ere izan daitezke, edo orain zuriak eta gero beltzak, eta alderantziz. Heterotermia esaten zaio horri.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>