Askok dute hizkuntzak jakiteko irrika, baina gehienetan, grina amets hutsal modura gelditzen da, gauzatu gabe. Dela diru falta, dela denbora falta, dela borondate falta, gehienek alde batera uzten dute asmoa, kontuari urte berrian berriz ekiteko. Ziur aski hau gertatzen da lelo ezagun horrek eraginda “txikitan ez bada, jai duzu”.
Ez da ordea erabat egiazkoa leloa, zeren eta nagusi izanda ere posible baita hizkuntza bat ikastea. Hala ere, egia da haurren burmuina plastikoagoa dela, hau da, errazago sortzen ditu neurona-lotura berriak. Horrela, umetan oharkabean ikasten dugu hizkuntza. Berez ingurutik hartzen ditugun hizkuntz datuez elikatzen dugu gure burmuinaren berezko hizkuntz ahalmena.
Hainbat estrategiak hartzen dute parte jabekuntza honetan, eta besteak beste, nagusien aurpegiari erreparatzen diote haurrek. Berriki frogatu da gainera ume elebidunek azkarrago eta luzeago irakurtzen dituztela nagusien ezpainak.
Haurrak, zortzi bat hilabete dituztela, zezelka hasten dira, eta horrekin batera nagusien ahoari erreparatzen hasten dira, ezpainetan informazio oparoa erdiets daitekeelako. Zer esanik ez, elebidunek ere erabiltzen dute estrategia hau, eta izan ere, informazio gehigarria behar da hizkuntzen arteko desberdintasunak ikusteko edota inguruan hizkuntza bat baino gehiago daudela ikusi ahal izateko.
Ikerketa honek lagundu dezake garapenaren aldi goiztiarretan gertatzen diren hizkuntz jabekuntzako zailtasunak ulertzen. Burmuinean gertatzen diren aldaketei dagokienez, elebidunen eta elebakarren artean ez bide dago alderik beren ama-hizkuntza entzuten dutenean. Bada ordea aldea ama-hizkuntza duten horretaz mintzatzen direnean. Zehazki, frogatu da elebakarrek eta elebidunek burmuinaren ale desberdinak aktibatzen dituztela, jarduera jakin batzuk egiteko unean. Era berean, agerian geratu da elebakarrek azkarrago egiten dituztela jarduera jakin batzuk.
Emaitza hauek plazaratu dituen ikerketaren arabera, hizkuntza bakarra erabiltzen dutenek, elebidunek baino gehiago erabiltzen dituzte lengoaiarekin zuzenean uztartuta dauden burmuin aldeak. Horrela, elebakarrek gehiago erabiltzen dituzte ezkerreko zirkunboluzio tenporala. Elebidunek aldiz, gehiago erabiltzen dituzte lengoaiaren kontrolarekin uztartuta dauden aldeak. Horrelakoa da adibidez atzeko zinguluaren zirkunboluzioa. Hala ere, hitzak entzutean ez da alderik sumatzen elebakarren eta elebidunen artean.
Baina adi!! Hau entzunda elebakarrak ez lirateke poztu beharko, azkarragoak izanda hobeak direlakoan. Burmuina tartean dagoela, gehien erabiltzen duena gertatzen da irabazle, eta kasu honetan, elebidunak gailentzen dira, ez baita beti kontua zerbait azkarrago egitea, ondo egitea baizik.
Badakigu gizaki gehienek ondo eta luze bizi nahi dutela, eta hori kontuan hartuta, ez litzateke txarra, ez, norberak hizkuntza bat baino gehiago jakitea. Gaixotasun neurodegeneratiboak dira XXI. mendeko “izurriteetako” bat, eta bizi-itxaropena gora doala, tankera horretako gaitzek gero eta gehiago jotzen dute gure gizartea. Zientziak ordea, agerian utzi du hizkuntz kontrol exekutiboerako burmuin alde berean kokatzen direla Parkinson gaixotasuna eta elebiduntasuna. Ikusi dute bada hizkuntza batetik bestera aldatzeko, edo hizkuntzak elkarrekin ez nahasteko trebetasuna harremanetan dagoela bekoki aurreko garun-azalarekin eta kortex azpiko egitura batzuekin. Izan ere, zonalde hauetan kontrolatzen dira jarduera-aldaketa guztiak, hizkuntzazkoak zein gainerakoak.
Garbi dago beraz elebiduntasunak kontrol berezi bat behar duela, eta bestetik Parkinson gaixotasunak hain zuzen ere kontrol-trebetasun hauei eragiten diela.
Elebidunek pentsa lezakete “eta?”. Horra: Jared Diamondek iritzi-artikulu batean adierazi zuen duela bost bat urte eleaniztasuna oso onuragarria dela gure burmuinerako. Amerikako Estatu Batuetako zientzialari honek “Kolapsoa” eta “Armak, germenak eta altzairua” bezalako obra bikainak plazaratu ditu, eta aditzera eman izan du hainbat ikerketatan ikusi izan dela elebidunek hainbat kognizio-abantaila dituztela, eta zahartzaroan babes handiagoa dutela Alzheimer gaixotasunaren aurka. Diamondek, Papuako Goi Zonaldeetan landa-lan egiten ari zela, oso komunitate bitxia ezagutu zuen: banako bakoitzak bost hizkuntza erabiltzen zituen, eta gizon bat hamabost hizkuntzatan mintzatzen zen.
Ikerketa hauek agerian utzi zuten elebidunek lau urte eta erdi beranduago garatzen zutela dementzia, eta gainera, zientzialariek egiaztatu zuten sexuak, adinak, lanbideak edo jatorriak ez dutela inongo eragina horretan. Baliteke beraz buru-entrenamendu hau ariketa oso onuragarria izatea burmuinarentzat, zeren eta hiztun elebidunak eten gabe aktibatu behar baititu selektiboki hizkuntza desberdinetako soinuak, hitzak, kontzeptuak eta gizarte-arauak.
Oraindik ere batzuek pentsatuko dute ez duela merezi lau urte eta erdiko etekin hori ateratzeko hizkuntza bat ikasteko ahalegina egitea. Hala ere, pentsa: jo dezagun (burmuina ondo mantenduta ala ez) 90 betetzen ditugunean hilko garela. Nola bizi nahi zenituzkete azkeneko lau urte eta erdi horiek?
Eta batzuek pentsatzen badute helduaroan egonda beranduegi dela, berriz esan behar dut ez dagoela adin-mugarik honetan hasteko. Izan ere, zientzialari talde batek frogatu du parean daudela elebiduntasunak eragiten duen onura eta helduaroan ikasitako hizkuntza batek eragiten duen onura. Hori bai, helduaroan ikasten den hizkuntza hori, murgiltze metodo baten bidez erdietsi behar da, hots, ama-hizkuntza ikasteko prozesuaren antzeko zerbait izan behar da.
Materia zuriaren funtzioa aztertu dute eta ikusi dute mielina-estalkia hobea dela, bai elebidunetan, bai eta helduaroan hizkuntza bat ikasten duenengan ere. Materia zuria delako honek neuronen luzapen diren axoiek estaltzen dituzte. Mielina izeneko gantz-geruza bat dira izatez. Substantzia honek isolamendu funtzio bat betetzen du, eta berari esker informazioa ez da galtzen, eta neuronen arteko komunikazioa hobea da.
Horrela ba, mielina-hobekuntza hori berdin lortzen da ama-hizkuntza bitaz jabetuta zein helduaroan hizkuntza batez jabetuta: bietan ere aktiboki erabiltzen dira bi hizkuntza, eta gainera, antzerako eragina gertatzen da hizkuntza horiek bizitza osoan erabilita, zein bizitzako une jakin batean bakarrik erabilita.
Bestela esanda, murgiltze sistema goiztiarrak zein berantiarrak egitura-aldaketak eragiten ditu, eta ondorioz, zahartzaroan burmuineko materia zuria hobeto manten daiteke.
Gauzak horrela, what are you waiting for?
Erreferentzia bibliografikoak
- Pons, F.; Bosch, L.; Lewkowicz, D. J. “Bilingualism Modulates Infants’ Selective Attention to the Mouth of a Talking Face“. Psychological Science online, 2015. DOI: 10.1177/0956797614568320
- María-Ángeles Palomar-García, Elisenda Bueichekú, César Ávila, Ana Sanjuán, Kristof Strijkers, Noelia Ventura-Campos, Albert Costa (2015), ” Do bilinguals show neural differences with monolinguals when processing their native language?“, Brain and Language, volum 142, març 2015, págs. 36-44. doi:10.1016/j.bandl.2015.01.004
- Gabriele Cattaneo, Marco Calabria, Paula Marne, Alexandre Gironell, Jubin Abutalebi, Albert Costa (2014), ” The role of executive control in bilingual language production: A study with Parkinson’s disease individuals“, Neuropsychologia, volumen 66, enero 2015, pp. 99-110. doi:10.1016/j.neuropsychologia.2014.11.006
- Diamond J. “The Benefits of Multilingualism”, Science, octubre 2010, pp. 332-333. doi:10.1126/science.1195067
- Suvarna Alladi, Thomas H. Bak, Vasanta Duggirala, Bapiraju Surampudi, Mekala Shailaja, Anuj Kumar Shukla, Jaydip Ray Chaudhuri, Subhash Kaul. “Bilingualism delays age at onset of dementia, independent of education and immigration status”. Neurology, 6 de noviembre de 2013.
- Christos Pliatsikas, Elisavet Moschopoulou, and James Douglas Saddy. “The effects of bilingualism on the white matter structure of the brain”. PNAS (2015).
Egileaz: Maria José Moreno (@mariajo_moreno) kazetaria da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.