Hiritarron zientzia

Dibulgazioa · Mugaldea

Badira aste batzuk Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología izeneko erakundeak, Zientziaren Gizarte Pertzepziorako VII Galdetegia aurkeztu zuela. Kontuan aztergai ugari daude, batzuk onak, beste batzuk ez hain onak, eta beste batzuk azkenean, oso txarrak. Gaur, honako hau aztertuko dugu: hiritarren %24ak aitortzen du ez duela zientziarekiko jakin-min handirik, edo ez duela inolako jakin-minik.

“Zergatik ez daukazu zientziarekiko jakin-minik?” galdetuta, %39ak “ez zait interesatzen” erantzuten du, eta %35.9ak “ez dut zientzia ulertzen”.

Onar dezagun erdi bana egotz daitekeela “errua”: hiritarrek dute errua zientzia jakin nahi ez izategatik, eta zientziak du errua jakin-mina ez piztegatik, eta bere buruaren berri zehatza ez emateagatik.

Zer egin dezake beraz zientziak?

Hiritarron zientzia-1

Gaur lau ekimenen berri emango dut, “hiritarron zientzia” izenekoaren inguruan beti ere.

Izen hau ez da oso egokia, baina edonola, egitasmoaren barruan, abian jarriko dituzte hainbat egitasmo, zientzia-erakundeek, unibertsitateek, fundazioek laborategiek zein ikerketa-taldeek. Horrela, batez ere datu-bilketarako laguntza lortu nahi dute gizartearengandik.

Asmoa ez da zientzialarien ordez lan egitea, edo ikerkuntzarako diruaren falta nabarmena arintzea. Ekimen honek beste helburu bat du: teknologia berriak erabili nahi dira, aplikazio eraginkorrak, erabiltzeko errazak eta monitorizagarriak lortzeko. Aplikazio horiei esker, hainbat ikerketaren datu-bilketa zabalagoa, handiagoa eta azkarragoa egingo da, eta ikerlariek aukera izango dute beste jarduera espezializatuago batzuetan buru-belarri aritzeko.

Hiritarren parte-hartzeak onurak ekarriko dizkio zientziari, baina horretaz gain, elkarrengana hurbilduko ditu zientzia-metodoak eta hiritarrak. Izan ere, zientzia ulertzeko eta zientzian neurri batean aritzeko aukera emango zaie hasiera batean zientzia-grinarik ez duten hiritarrei.

Gerta ote liteke hiritarren %24 hori hala ere zientzia-jardueretan ez hastea? Gerta liteke, bai, baina horrek ez du esan nahi zientzian abian jarri behar ez denik ekimen hau.

Ikus ditzagun lehenago bi ekimen, edonorentzat eta umeentzat ere egokiak izan daitezkeenak. Naturaren behaketan aritzeko ekimenak izango dira.

Itsasoaren behatzaileak

Institut de Ciències del Mar izenekoak jarri du abian, Consejo Superior de Investigaciones Científicas delako erakundearen barruan. Beraren bidez lortu nahi dute hiritarrek aisialdian zein lan-jardueretan informazioa jasotzea: itsasoko fauna eta flora (banaketa, ugaritasuna, espezie arraroak edo inbaditzaileak…), eta ur-azaleko zein hondoko kutsadura. Horrela, abian daude hainbat egitasmo, fauna eta flora aztertuko dituztenak: arriskuan dauden gorgoniak, arrain inbaditzaileak, medusa-alertak, krustazeoak, dekapodoak, Mediterraneoko arrainak, itsas hegaztiak eta arriskuan dauden belakiak. Itsas hondoko plastikoa eta zaborra ere aztertuko dira, itsasoetako kutsadura kontrolatzeko lanetan hasteko.

Jarduera horietako bakoitzean badaude aplikazio desberdinak, behaketak egiteko argibideak, eta zalantzak argituko dituen zientzialari bat.

Adopta ezazu landare bat

Instituto Pirenaico de Ecologia izenekoak jarri du egitasmo hau abian CSICen barruan. Pirinioetako landareak eta habitatak segimendu-behaketa egingo da epe luzeei begira. Zientzialariek ezarritako protokolo batzuk bete beharko dira. Zenbat parte-hartze egingo den ere aukeratu daiteke: gutxienezkoan, behaketa soila beharko da, geroago hainbat lagin institutura bidaltzeko; beste aukera bat izango da adibidez landare ale bakar bat aukeratu eta hainbat urtean behatzea (nahiko izango da egun bat urteko).

Badaude era berean gure etxeko ordenagailuan egin ditzakegun lanak ere.

Cellspoting

Hau Ibercivis izeneko egitasmoaren barruan kokatuta dago. Hainbat gunek hartzen dute parte ikerketa batzuetan. Cellspoting Zaragozako Unibertsitateko Instituto Universitario de Investigación, Biocomputación, y Física de Sistema Complejos izenekoaren mende dago, eta helburu nagusi modura du hartu du hiritarrak minbiziaren inguruko ikerketara bideratzea.

Boluntarioek beren ordenagailuetan hartzen dituzte tumore-zelulen irudiak eta hainbat galdera erantzun behar dituzte zelula horiei buruz. Horrela, zientzialariei ahalbidetzen zaie hainbat zelula-hazkuntzaren egoera zehatz ezagutzea. Irudiak hainbat parte-hartzaileri bidaltzen zaizkie, emaitzak behar bezala egiaztatzeko.

Gerra Egunkaria operazioa

Azkenik, badugu historia-ikerketa bat, hiritarren laguntza behar duena. Egitasmoa Zoourniverse plataformaren barruan dago. Hemengo honetan, armada britainiarreko hainbat unitateren gerra-egunkarietako milioi eta erdi orri aztertu beharko dira. I Mundu Gerrakoak izango dira egunkariok, eta horrela, saiatuko dira hainbat gertaeraren berri zehatza hartzen. Izan ere, orain arte ez dute modurik izan orri horiek guztiak sakon arakatzeko. Aplikazioak ahalbidetzen du orri horietako datuak osatzen joatea, egunkariak eskaneatuta azaltzen baitira ordenagailuetan. Duela 100 urte idatzi zituzten egunkariak hainbat soldaduk, etorkizun hau inola ere ezin suma zezaketen soldaduak beraiek.

Hiritarren ikerkuntzarako askoz ere ekimen gehiago daude, baina gaur, lau hauek ekarri nahi izan ditut Zientzia Kaiera honetara, ezagutzera emateko. Agian honela ez dugu ezer lortuko, eta %24 horrek bere horretan jarraituko du, baina saiatu, saiatu gara, zientziaren eta hiritarren onura lortu nahian.


Egileaz: Ana Ribera (@molinos1282) historialaria da eta telebistan dihardu lanean duela 14 urte.

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.