Dozena erdi datu interesgarri (2): Celia, Pirinioetako azken basahuntza

Dozena erdi ariketa eta datu interesgarri

Egunero zientzia eta teknologia dugu hizpide Zientzia Kaiera blogean. Ikerketak, pil-pilean dauden gaiak, argitalpenak, zientziaren historiaren pasarteak, zientzialariak eta beste hainbat dira protagonistak. Horrez gain, egon badaude inguruan tentuz erreparatzea merezi duten zientziaren historiako bestelako protagonistak.

Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko blogak ibilbide luzea du lan honetan. Urteak daramatza zientziarekin lotuta dauden hamaika datu, kontu eta istorio zabaltzen. Haren ildoa jarraituz, horrelakoak ekarriko ditu ostiralero gure blogera Uxune Martinez dokumentalistak. Ezagutzen ez ditugun bitxikeriei tartea ematea du helburu Dozena erdi datu interesgarri atalak. Informazio dosi txikiak eta freskagarriak udarako.

Hona hemen gure bigarren datu interesgarria: Celia, Pirinioetako azken basahuntza.

Celia
1. irudia: Celia, azken bukardoa. Pirinioetako basahuntz emea zen, 13 urte zituen eta 2003. urtean klonatu zuten. Ez zen emaitza onik lortu eta 2014. urtean berriz ahalegindu baziren ere berau klonatzen, ez dute lortu berreskuratzea.

1838. urtean Heinrich Rudolf Schinz zoologoak identifikatu zuen bukardoa. Pirinioetako basahuntzaren azpiespezie bat da bukardoa, Capra pyrenaica pyrenaica. Ezaguna zen, batez ere, Euskal Herriko, Huescako, Lleidako eta Gironako mendietan XX. mendera arte baina haren aztarnak Historiaurretik datoz, Paleolito garaiko haitzuloetan aurkitu baitituzte haren arrasto ugari.

Jatorriz lurralde zabalagoan bizi bazen ere, Pirinioetako ingurunean kokatu zen. XIX. mendeko erdialdetik aurrera bukardoaren ehiza modan jarri zen Espainia, Frantzia eta Bretainia Handiko ehiztarien artean. Arren adar handiak eta zabalak trofeo preziatua bilakatu ziren eta haren ehiza izugarri hazi zen. Ondorioz, 1860. urtean Pirinioetako isurialde frantziarrean desagertu zen. 1920. urtean 50 bat ale gelditzen ziren, ia guztiak Ordesa inguruan bizi ziren. 1913-1918 tartean ehiza debekatu bazen ere, populazioa nabarmen jaitsi zen Ordesan eta 1980. urtean 30 ale besterik ez ziren zenbatu.

Irudia: Bukardo arra, 1970 inguruan Ordesako parkean. (Argazkia: Bernard Clos)
2. irudia: Bukardo arra, 1970 inguruan Ordesako parkean. (Argazkia: Bernard Clos)

Handik aurrera desagertzeko arrisku bizian egon zen eta arriskua egi bihurtu zen. 1999. urtean aurkitu zuten hilik azken arra eta 2000. urteko urtarrilaren 6an hilik aurkitu zuten Ordesako Faja de Pelay ingurunean Celia, azken bukardo emea, jausitako izei baten azpian.

Celia desagertu aurretik haren zelulak hartu zituzten eta 2003. urtean basahuntza klonatu zuten zientzialariek, berreskuratzeko asmoz. 60 ahuntzetan egin zituzten inplanteak klonazioa bideratzeko. Ahuntzak hiru motatakoak izan ziren, ahuntz arrunta, Pirinioetako basahuntz hispaniarra eta bien arteko hibridazioa ziren ahuntzak. Zazpi ernaldi lortu ziren baina bakarrak eman zuen emaitza. 2003ko uztailaren 30ean jaio zen Celiaren klona baina minutu gutxi biziraun zuen, arnasketa arazoak zirela eta, laster zendu zen.

Seguru nago zuetariko asko Pirinioetara hurbildu dela egunotan eta, beharbada, Ordesa eta Monte Perdidoko Parkeko egoitzan ezagutu duzue Celia, azken bukardoa, bertan baitago. Horrez gain, Linas de Broto herriko aterpetxera hurbildu bazarete, honako hau irakurriko zenuten bertan:

“Neurrigabeko ehizak desagerrarazi zuen frantziar isurialdetik Pirinioetako ahuntza 1860. urtean (Bukardoa, Capra pyrenaica pyrenaica, Schinz) eta Espainian haren bizitokia zeharo mugatu zuen. Batez ere, Huescako Maladeta eta Monte Perdido mendiguneetan ikusi zen handik aurrera. 1910. urtean, gutxi gorabehera, Maladetatik desagertzen da eta bizirik iraun zuten ale apurrak Monte Perdidoko eremuan alboratu ziren. 1918. urtean, 40 ale besterik ez zeudenean, bukardoaren ehiza debekatzen da. 1944. urtean Bukardoa Berreskuratzeko Plangintzari hasiera ematen zaio, sasoi hartan dozena bat ale besterik ez zeuden bizirik. Izugarrizko porrota izan zen. Azken bukardoa, Pirinioetako basahuntz eme bat izan zen eta 2000. urteko lehen egunetan zuhaitz batek zapalduta hil zen Ordesan. Espezi baten amaiera izan zen, gizakion utzikeriaren biktima”.

“Pirinioetako endemismoa da (zen). Egungo populazioaren tamaina: zero (0)”.

Gainbehera latza sufritu zuen Pirinioetako basahuntzak, bukardoak, neurrigabeko ehiza eta haren habitataren galerarengatik. Mendian bazabiltzate, gogoan izan, gure gozamenerako diren inguruneak hamaika espezien bizitokia direla.

1 iruzkina

  • […] berpizteko. Honen adibide bat izan daiteke mamuta berpiztea, edo hurbilago dagoen kasu bat Pirinioetako ahuntza berpiztea (Capra pyrenaica pyrenaica). Ahuntzaren kasuan birritan ahalegindu badira ere, ez dute […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.