Aspaldiko partez, El Niño azaltzen hasia da aurten, eta goia joko du datozen hilabeteetan. Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, fenomeno honen agerraldi indartsuena izango da 1997tik. Klima-aldaketaren inpaktu gero eta agerikoagoekin bat eginda, ikusteke dago ea zer arrasto utziko duen oraingoan.
Gure sistema klimatikoan ondorio latzak eragin ohi ditu El Niño fenomenoak, eta aspaldiko partez, udazken honetan utziko duen arrastoa bereziki handia izango dela dirudi. Euriteak, uholdeak, lehorteak… Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, aurtengo El Niño 1997tik egon den indartsuena izango da, eta azken 65 urteotan izan den lau indartsuenetako bat.
El Niño fenomeno naturala da, eta Ozeano Pazifikoaren erdialdean eta ekialdean sortzen da, ekuatorearen bueltan. Dena dela, bere ondorioak askoz ere toki gehiagotara hedatzen dira. Besteak beste, gertakari honek gorabehera handiak eragiten ditu itsasoko tenperaturan, eta atmosfera tropikalean zirkulazio aldaketak izaten dira aldi berean. El Niño, gaztelaniazko izena, Peru eta Ekuador aldetik datorkio. Izan ere, XIX. mendean, bertako arrantzaleak konturatu ziren urazala epeldu egiten zela Gabonak baino lehentxeago, eta garai horretan arrain gutxiago harrapatzen zituzten horregatik.
Denboraren poderioz, ikertzaileek ikusi dute arrantzaleek antzeman zuten hori ez dela anekdota hutsa. Fenomenoa gertatzen den urteetan, ekaina aldean abiatzen da: urazala nahiko modu orokorrean epeltzen da Ozeano Pazifikoaren inguru horretan; haizeteak, presio aldaketak eta euriteak eragiten dituzten gorabehera atmosferikoekin batera. Hala ere, fenomenoak azaroa eta urtarrila bitartean jotzen du goia, eta orduan eragiten ditu ondorio lazgarrienak.
1997a eta 1998a bitartean El Niñok eragin zituen gertakariak eta hondamendiak dira horren guztiaren erakusle. Besteak beste, munduko arrezife sistemen %16a txikitu zuen, eta behin-behinean, gradu bat eta erdi berotu zuen airearen batez besteko tenperatura. Gainera, muturreko euriteak eragin zituen Kenian eta Somalian, elurteak ia inoiz zuritzen ez diren Mexikoko zenbait zonaldetan, bere historiako lehorterik okerrenetakoa Indonesian, eta abar luze bat.
El Niñok 2009-10ean egin zuen azken agerraldia, eta aspaldiko partez azaltzeko bidean da berriz ere. Meteorologoen arabera, une honetan Ozeano Pazifikoaren tropikoaren inguruan ari da indartzen pixkanaka, eta aurtengo urria eta 2016ko urtarrila bitartean joko du goia.
Gainera, klima-aldaketaren inpaktuak gero eta agerikoagoak diren honetan, horri El Niñoren efektua batuz gero, aurten zer ondorio izango diren aurreikustea bereziki zaila da. Hala adierazi du David Carlson Munduko Meteorologia Erakundearen zuzendariak: “El Niñoren azken agerraldi handia 1997-98an izan zen, eta planeta asko aldatu da azken hamabost urteotan. Ipar hemisferioko elur estalkiaren zati oso handi bat galdu dugu; milioi bat kilometro karratu baino gehiago, ziurrenik”.
El Niño fenomenoari buruz Munduko Meteorologia Erakundeak egindako bideoa
Ekuatore aldetik datorren El Niño fenomenoa, batetik, eta Ozeano Artikotik datorren izotzaren eta elurraren murrizketa gero eta handiagoa, bestetik. Bi gertakari horiek bat egingo dute 2015ean, eta halakorik inoiz izan ez denez, zaila da asmatzen zer gertatuko den. “Bi joera horiek elkar indartuko al dute? Edo elkar indargabetu? Ez daukagu aurrekaririk. Klima-aldaketak gero eta maizago jarriko gaitu egoera honen aurrean”, gaineratu du Carlsonek.
Une honetan, lehorte garairako prestatzen ari dira Australian, Indonesian eta Asia hego-ekialdean. Izan ere, El Niño hasia da zantzu batzuk erakusten. Esaterako, Asia hegoaldeko montzoi garaia ez da ohi bezain euritsua izan aurten: Indian, euri-jasak normalean baino %12 txikiagoak izan dira, eta badirudi El Niñok zerikusia izan duela horretan.
Batez ere urritik aurrera, badira tentu handiz zaindu beharko diren beste zenbait zonalde ere. Esaterako, 1997an gertatu bezala, El Niñok eurite latzak eragin ohi ditu Afrikako Adarrean, eta lehorteak kontinente beltzaren hegoaldean. Bestalde, Ertamerika eta Hego Amerikako ipar-ekialdea idortu ohi ditu, eta Kalifornia eta Hego Amerikako mendebaldeko kosta busti. Ikusteke dago ea aurtengo El Niñok ohiko bidetik joko duen, edo bestelako gertakariak ekarriko dituen.
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.