Elefanteak eta LSDa

Animalien aferak · Dibulgazioa

Tamainak badu garrantzia


Itxura ez da tamainak baldintzatzen duen animalien ezaugarri bakarra; funtzioa ere haren menpe dago. Denok dakigu, jakin, animalia handiek txikiek baino gehiago jaten dutela, eta oxigeno gehiago behar dutela. Baina jaten denaren kantitatearen eta tamainaren arteko erlazioa, edo arnastean hartzen den oxigeno-bolumenaren eta tamainaren artekoa ez dira linealak. Hau da, magnitude horiek ez dira guztiz proportzionalak; gauza bera gertatzen da animalien funtzionamenduaren atal guztietan. Eta kontuan hartu behar da animaliekin esperimentuak egin nahi direnean. Begira, bestela, hori ez jakiteagatik psikiatra talde bati zer gertatu zitzaion 1962. urtean.

LSD (azido lisergikoaren dietilamida) drogak elefanteengan duen eragina ikertu nahi zuten psikiatra horiek. Baina ez zekiten zer dosi erabili behar zuten, ez baitzegoen lehenago animalia handiekin egindako ikerketarik. Kontuak horrela, katuak haserre jartzeko moduko dosia hartu zuten erreferentziatzat eta elefantearen eta katuaren masen arteko zatidura erabili zuten elefanteari eman beharreko dosia kalkulatzeko. Hau da, uste zuten dosi eta tamainaren artean proportzionaltasun zuzena eta sinplea zegoela. Beraz, eragiketa honen bitartez egin zuten kalkulua: DE = DK x [WE/WK] non DE elefantearentzako dosia, DK katuarentzako dosia, WE elefantearen masa eta WK katuaren masa diren. 300 mg-ko dosia atera zitzaien.

Lazgarria izan zen elefanteari horrela kalkulaturiko LSD dosia eman ondoren gertatu zena. Droga txertatu eta berehala hasi zen elefantea orroka eta lasterka; gero, gelditu eta lurrera erori zen. Bost minutu geroago espasmoak izan zituen, eta hil egin zen. Psikiatrek atera zuten ondorioaren arabera, LSDarekiko oso sentiberak ziren elefanteak. Egia esan, beste ikertzaile batek beranduago adierazi zuenez, elefantearen tamainako hanka-sartzea izan zen egindako dosiaren kalkulua.

elefanteak eta LSDa
Irudia: Drogak elefanteengan duen eragina ikertzeko erabili zuten elefanteak Tusko izena zuen. 14 urte eta 3.200 kilo zituen eta 297 mg-ko dosia eman zioten. Bost minutura hil zen animalia. Dosia, 3.000 gizakik droga psikodelikoaren eragina probatzeko bestekoa zen.

Hanka-sartze handia eta tamalgarria izan zen, bai, psikiatra haiena, ez baitzuten kontuan hartu animalien fisiologian oinarrizkoa den egitate hau: lehen esan bezala, animalien funtzioen eta tamainaren arteko erlazioak ez dira guztiz proportzionalak. Izan ere, animaliek masa-unitateko jaten duten kantitatea edo arnasten duten oxigeno-bolumena txikiagoak dira animaliaren tamaina handitu ahala. Arau unibertsal hau ahaztea edo kontuan hartu ez izatea leporatu dakieke psikiatra horiei.

Aitortu behar da, baina, elefantearentzako drogaren dosiaren kalkulua ez zela ariketa erraza, tamainaren eraginaz gain bazirelako kontuan hartu beharreko beste zenbait faktore ezezagun, tamainarekin interakzio desberdinak izan zitzaketenak. Batetik, ez zen ezagutzen azido lisergikoak zein funtzio fisiologikotan eragin zezakeen, eta bestetik animalia mota desberdinek LSDaren aurrean ager dezaketen sentikortasuna oso aldagarria izan liteke.

Kontuak horrela, eta ezagutzen ziren emaitzetan oinarrituta, funtsezkoa zen erreferentzia egokia aukeratzea eta zuhur jokatzea, baina honetan ere ez zuen asmatu psikiatren taldeak: katuek LSDaren aurreko jasankortasun handia dute. Beraz, katua ez zen erreferentziarik egokiena drogarekiko sentikortasunari dagokionez. Gizakiak ez du, inondik ere, horren jasankortasun handirik, eta elefanteari buruzko informaziorik gabe, aukera hobea zen gizakia hartzea kalkulurako erreferentziatzat. Izan ere, 0’2 mg-ko dosiak eragin psikotiko nabaria du gizabanako batengan eta, beraz, zoritxarreko esperimentuko proportzio hertsiaren logika berbera erabiliz, 8 mg-ko dosia eman behar zitzaion elefanteari, ez eman zioten 300 mg-koa.

Bestalde, aipatu bezala, funtzio guztiek ez dute tamainarekiko menpekotasun bera. Hortaz, oso zaila zen jakitea dosirik egokiena zein zen, ez baitzekiten zein funtzio fisiologiko egon zitekeen LSDaren eraginarekin loturik.

Istorio hau Knut Schmidt-Nielsen fisiologo handiak idatzi zuen bere How animals work (“Animaliek nola funtzionatzen duten”, 1972) liburu txiki bezain ederrean. Bertan, bost aukeraren arabera kalkulaturiko dosiak erkatu zituen bost logika desberdin erabiliz:

  1. Aukera ausartena eta buruarinena hautatuz, psikiatrek egin bezala, 300 mg-ko dosia ateratzen zen.
  2. Katuaren dosia erreferentziatzat hartuz, baina tamainak tasa metabolikoan duen eragina ondo erabilita, 80 mg-ko dosia erabili behar zuten.
  3. Gizakiarentzat eraginkorra den dosia hartu izan balute erreferentzia modura, nahiz eta tamainaren eragina kontuan ez hartu, 8 mg-ko dosia aterako zitzaien.
  4. Gizakiaren erreferentziarekin eta tamainaren eragina modu egokian erabilita, ordea, 3 mg-ko dosia zegokion elefanteari.
  5. Azkenik, aukera zuhurrenaren arabera, elefantearen eta gizakiaren garunen arteko aldea hartuz erreferentzia modura, 0’4 mg-koa zen erabili beharreko dosia.

Hortaz, zalantzarik egonez gero, argi dago kalkulurik zuhurrena egin behar zela. Tamalez, ikertzaileek ez zuten tamainaren eraginari buruzko ideia txintik ere, eta bakarra ez bazen ere, horixe izan zen gaindosia erabiltzearen arrazoi nagusia. Horregatik hil zitzaien elefante gajoa.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.