Auzitegi-entomologoak, CSI telesailetik harago

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Filmetan edo CSI telesailean eta antzekoetan ikusten ditugun auzitegi-entomologoen lanak ez du zerikusirik alor horretako profesionalen egunerokoarekin. Hainbat gauza ikertzen badituzte ere: eraikinen egituretako kalteak, aizuntzeak, segurtasun-arazoak; lana pantaila aurrean ikusten duguna baino askoz normalagoa edo hurbilagoa da. Horretan dabil lanean azken hamabost urtetan UPV/EHUko auzitegi-entomologiako taldea, intsektu nekrofagoak bildu eta datuak ateratzen.

auzitegi-entomologoak
1. irudia: Telesailetan agertu izan dira sarritan auzitegi-entomologoak lanean. Hala ere, ez dugu ezagutzen inguruan ditugun entomologoen lana zertan datzan. UPV/EHUko auzitegi-entomologoek ere hainbat gauza argitzeko lanean dihardute, eta horretarako, besteak beste, gorpuetako intsektu kolonizatzaileak eta haien garapen-denborak aztertzen dituzte.

Intsektuen eta beste artropodo batzuen komunitateak aztertzen ditu UPV/EHUko Zoologia eta Animalien Biologia Zelularra Saileko ikertzaile-talde batek, hainbat gauza argitzeko: indarkeriazko heriotzak, espezie-trafikoa, elikagaien eta beste merkantzia batzuen kalitatea, kutsadura, tratu txarrak, etab. Auzitegi-ikerketarako interesgarria den intsektu baten garapen-denbora kalkulatzen eta zikloa ixten lehena izan da talde hori Iberiar penintsula osoan.

UPV/EHUko Marta Saloña ikertzaileak dioenez: “Nahiko errutinazkoak izan ohi dira gure lanak, gehienetan behintzat baina gauza asko ikertzen ditugu”. Adibidez, aginte judizialarentzat ere egiten dute lan, hilketak, suizidioak, tratu txarrak eta abar ikertzen, hala eskatzen zaienean.

Baso batean agertu zen gorpu bat ikertzea izan zen taldearen lehenbiziko lana. “Prentsan irakurri nuen horren berri, eta fax bat bidali nuen auzitegira. Epaileak deitu zidan lehenbizi; ondoren, auzitegi-medikuak. Orduan hasi zen gure arteko elkarlana. Zoragarria izan zen, urte asko baitzeramatzan medikuak materiala gordetzen. Material hura zerbaitetarako baliagarria zela bazekien medikuak, baina ez, zehazki, zertarako. Bestalde, autopsiak egin behar izaten zituen… Lanez gainezka zebiltzan beti. Ez zen gordetzen informazioa; ez zen prozesatzen”, gogoratzen du Saloñak.

Marta Saloña entomologoa UPV_EHU
2. irudia: Marta Saloña Bordas ikertzailea, Zientzia Biologikoetan doktore da, eta UPV/EHUko Zoologia eta Animalien Biologia Zelularra Saileko Biomics talde bateratuan egiten du lan. (Argazkia: Ricard Cugat)

Ia hutsetik hasi behar izan zuen lanean UPV/EHUko Auzitegi Entomologia Zerbitzuak: “Ez zegoen lehendik egindako lanik, datu isolatu batzuk salbu. Oso gutxi ikertu da gai horretaz, bai Euskal Herrian, bai iberiar penintsula osoan. Etengabe jasotzen dugu ustekabe pozgarriren bat, eta nongoak diren ez dakigun espezieak aurkitzen ditugu. ezin jakin hemengoak diren, kanpotik etorriak, noizbait hemen egonak…, ez baitira sistematikoki erregistratu aurkikuntzak. Entomologiako profesionalak eduki dituzten sailetan edo museoetan, eskualdeko ikerketak egin izan dira, baina zenbait eremu batere aztertu gabe daude oraindik“, dio ikertzaileak.

Taldea lanean hasi zenean (iragan mendearen amaieran), “dokumentatzen hasi ginen, zer espezie zeuden jakitearren. Lehenbizi, sekuentziazio genetikoa egiteari ekin genion, gorpuetako hondakinak identifikatzen lagundu ziezagun; gerora, ordea, zabalduz joan zen ikerketa-eremua, eta EAEko intsektu nekrofagoen banaketa aztertzen hasi ginen, eta datu-base kontrastatuak sortzen, ezinbestekoak baititugu gure lanerako“, gaineratu du Marta Saloñak.

Hala ere, aitzindari

Ikertzaile horrek deskribatzen duen egoera gorabehera, gauza asko egiten dira; horietako batzuk, gainera, oso interesgarriak eta aitzindariak. “Auzitegirako interesgarria den intsektu nekrofago baten zikloa ixten eta garapen-denbora kalkulatzen, zenbait tenperatura-tartetan, lehenak izan ginen Iberiar penintsula osoan (Portugal barne dela). Aitzindari izan ginen horretan, bai eta beste honetan ere: gorpuen kolonizatzaile diren intsektu nekrofagoen banaketa-mapa eta sekuentziazio molekularra egiten“, dio Saloña doktoreak.

Gogoratzen du, bestalde, bere taldea izan zela “ordura arte inork bereizi ezin izan zituen bi espezie sekuentzia genetikoaren arabera bereizi zituen munduko lehena. Egiazki uste dut meritu handia duela azken 15 urteotan egin dugun lanak, kontuan izanik zer bitarteko ditugun, ikertzaile bakoitza bere campusean aritzen dela…”.

Taldearen lan-metodoei dagokienez, gorpuetako intsektu kolonizatzaileak eta haien garapen-denborak aztertzen dituzte ikertzaileek. Intsektuak harrapatzeko, berriz, tranpak jartzen dituzte, harrapatu nahi den intsektu-mota bakoitzarentzako “amua” erabiliz; hildako animaliak jaten dituztenenentzako, adibidez, animalia-erraiak.

Iturria:

UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Gorpuzkiz elikatzen diren artropodoen bila

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.