Asteon zientzia begi-bistan #79

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Igandero egiten dugun bezala, asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena landu dugu. Begirada bat emango diogu igandeko zientzia gehigarriari?

zientzia begi-bistan 79

Biologia eta genetika

DNAk izan duen bilakaeraz mintzo da César Tomé López. 1910ean Phoebus Levene-k DNA molekula lau basek osatzen zutela zioen (adenina, guanina, zitosina eta timina). Levenek uste zuen baseak azukre-fosfato egitura baten bidez batzen zirela. Berak proposatutako ereduaren arabera lau baseak kantitate berdinean zeuden. Hori izan zen XX. mendeko 50eko urteen hasiera arte nagusitu zen eredua. 40ko urteetan argi geratu zen DNA makromolekula bat zela, bakterioen eta haien birusen material genetikoaren transferentzian inplikatuta zegoena. Ondoren, Erwin Chargaffek, bere aldetik, adierazi zuen DNAn lau baseak ez zeudela proportzio berean, Levenen eredua deuseztatuz modu horretan. 1951ko azaroan Linus Pauling-ek proteinen alfa helize egitura argitaratu zuen. Maurice Wilkins-ek, bere aldetik, DNAren egitura helikoidala izan zitekeela sumatzen zuen. Nola iritsi ziren, bada, DNAren helize bikoitzaren eredua aurkitzera?

Mikrobiologia

Birusek zelulak infektatu eta horien material genetikoa ordezkatzen dute. Bada, orain zientzialariak gai dira egoera horri aurre egiteko. Urratsak eman ditu honetan euskal enpresa batek: bektore biralak ekoizten dituen laborategi bat, alegia. VIVEbioTECH enpresan, genetikan abiapuntu duten gaixotasunak sendatzeko baliagarria da erabiltzen duten terapia. Naiara Tejados zientzialariak azaltzen du: “Birusen alde positiboak erabiltzen ditugu, bereziki zelulak infektatzeko duten gaitasuna aprobetxatuz. Horrela, guri interesatzen zaizkigun geneak sar ditzakegu zelula konkretutan”. Gela zuri batean, baldintza guztiak kontrolpean dituzte: tenperatura, hezetasuna eta horren barruan egon daitezkeen partikulak. Gela horretan sartzeko protokolo bat jarraitu behar dute eta segurtasun maila handia bada ere, ez dute inoiz jatorrizko birusekin lanik egiten: “Soilik birus horien kode genetikoarekin lan egingo dugu”.

Astronomia

MAVEN zunda espazialak Marteko atmosferaren galerari buruzko lehenengo emaitzak bidali ditu. 2013.urtean bidali zuten Martera eta aste honetan eman dituzte lehenengo datuak. Zunda bidaltzearen helburua Marte ia atmosferarik gabekoa zergatiko te den argitzea izan zen. Aitziber Aguirrek azaltzen digunez, garai batean Marte hezea eta epela izan zen. Klima-aldaketa egon da eta azalpena Marteko atmosferan dagoela iritzi diote ikertzaileek. Ildo berari jarraiki, konturatu dira Martek ez duela Lurrak duen presio atmosferikoa, ez eremu magnetiko global bat. Hortaz, eguzki-haizeak jotzen duenean, Marteko atmosfera erauzten duela frogatu dute MAVEN zundaren emaitzekin. Marteko atmosferari buruzko informazio interesgarria Elhuyar aldizkarian.

Psikologia

Aalto eta Oxfordeko unibertsitateetako zenbait ikertzailek ukimen mapak osatu dituzte. Bertan, nazionalitatearen, generoaren, ukitu gaituen pertsonarekin dugun harremanaren eta ukitu digun gorputzeko atalaren arabera, zer erreakzio izango genukeen irudikatu dute. Hala azaldu digu Amaia Portugal kazetariak Zientzia Kaieran. Ikertzaileek orokorrean ikusi dute harremana zenbat eta gertukoagoa izan, orduan eta gorputzeko atal gehiagotan uzten diogula pertsona jakin bati ukitzen. Ikerketa gauzatu ahal izateko, sarean galdetegi bat bete zuten 1.368 pertsonek. Finlandia, Ingalaterra, Italia, Frantzia eta Errusiako boluntarioek hartu zuten parte horretan. Mapa horiek harremanaren araberako ukigarritasuna erakusteaz gain, kasu guztietan tabu gisa hartzen diren atalak agertzen dira ere. Ikusi dugunez, faktore asko hartzen dira kontuan: generoa, nazionalitatea… Ikusi zein den ukigarritasunaren mapa orokorraren ikuspegia!

Geologia

Eneko Beriain geologoari egindako elkarrizketa dakarkigu Berriak. Antartikan egondakoa da, lurzoru izoztuari buruzko ikerketa egiten eta horretaz mintzatu da orobat. Udan joateko asmoa zutela esaten du baina azkenean neguan egin zuten bidaia. Egokiagoa zen azken aukera hori; arrisku txikiagoa aurkezten zuen. Beriainek azaltzen du Lurraren berotzearen ondorio lurzoru izoztuak desagertzen ari direla (Iparraldeko hemisferioan). Jarraitzen du esanez, lurzoru horien azpian metano eta beste gas batzuen gordailuak daudela. Beraz, urtu egiten badira, hori atmosferara atera daiteke: “Metanoak berotegi efektua hogei aldiz gehiago eragiten du karbono dioxidoak baino. Garrantzitsua da jakitea hori kontrola daitekeen edo ez”. Ekialdeko eta mendebaldeko kostetan lau zulo egin eta bi monitore jarri dituzte. Oraindik ez dute emaitzarik lortu, eta ez dakit zer lortuko dute ikerketa honen ostean: “Nahiko arraroa da. Pentsatzen da tenperatura igotzen ari dela eta penintsula antartikoa berotzen ari dela, baina gu joan garen tokia azkenengo bi udatan ez da urtu”. Elkarrizketa osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Osasuna

Josu Lopez-Gazpiok aste honetan %100 naturalak eta kimikoak diren elikagaietan jarri du arreta. Artikulu interesgarri baten bidez, desberdintasuna agerian uzten digu: substantzia naturalak naturatik erauzten dira eta sintetikoak, aldiz, laborategian egiten dira (beste batzuetan bi bideak posible dira). Ildo horri jarraiki, substantziak lau taldetan sailka daitezkeela esaten digu kimikariak: natural/ez-toxikoak, natural/toxikoak, sintetiko/ez toxikoak eta sintetiko/toxikoak. Konposatu natural/toxikoen taldekoak azpimarratu ditu; horiek egunero jaten ditugula agerian utziz. Jarraian adibide batzuk planteatzen ditu afera argitze aldera. Horien artean, udarea aipatzen du. Udareak formaldehido naturala du, 60 mg/kg kontzentrazioan eta substantzia horrek minbizia eragiten du. Era berean, beste hainbat zerrendatzen ditu: “Kalabazinak kukurbitazina du, txanpiñoiak hidrazina, gereziak azido hidrozianikoa, kafeak furanoa, gaztak nitrosamina…”.

Osasun arloari jarraiki, aurreko astean OMEk plazaratu zuen txostena izan genuen mintzagai. Aste honetan, erakundeak berak argitu nahi izan du ez dutela haragia baztertzeko eskatu, baizik eta neurriz jateko. Batez ere, kolon eta ondesteko minbizia izateko arriskuak gutxiagotzeko.

Medikuntza eta pedagogia

Lore Erriondok afasia zer den azaltzen digu. Zer da, bada? Afasia duen pertsona batek ezin du hizkuntzaren bidez nahi duena adierazi. Garunean jasandako kalteak direla eta, ezin du hitz egin. Gaixotasun hori ondorio bat da. Hau da, garuna kaltetu egiten da, istripua, kolpea, ebakuntza, iktus bat, garun-infartu bat… jazo delako aurretik. Kasu honetan, gaixoak ezin du hitz egin baina afasia izateak ez du esan nahi pertsona horrek burua galdu duenik (batzuek hori pentsatzen duten arren). Batzuetan, sendatu egiten da edo hobera egiten du baina besteetan ez dago sendabiderik. Gaixotasuna definitzeaz gain, Erriondok egindako ikerketaren berri ematen du testuaren bitartez. Bertan, 59 lagun aztertu zituzten, elebidunak (euskara eta gaztelera) guztiak. Jatorrizko hizkuntza euskara zuten ia guztiek baina gazteleraz alfabetatuak izan ziren. Arkeologia

Orain dela 2.500 urteko medikuntza-tresna sorta aurkitu dute Errusiako Zientzia Akademiako zientzialariek. Siberian topatu dituzte zerra, hezurrak mozteko labana, matxardak, zundak eta eskalpeloen antzeko lanabesak. Formari eta erabilerari erreparatzen badiegu, garai hartako Europako zirujauek erabiltzen zituzten tresnekin bat datoz (zerra izan ezik). Pavel Volkov ikertzaileak hitz egin du aurkikuntza honi buruz: “Garai horretako Siberia hegoaldeko biztanleek kirurgiaren ezagutza sofistikatua zuten, Antzinako Greziakoek eta Erromakoek zutenaren parekoa”.

Emakumeak zientzian

Ana Galarragak egin dio elkarrizketa Ostaizka Aizpurua ikertzaileari. Oro har, emakumeek ibilbide zientifikoa eraikitzeko aurkitzen dituzten oztopoak agerian uzten ditu Aizpuruaren adibideak. EHUn tesia egin ondoren, postdoc gisa geratzeko aukera izan zuen. Kopenhageko Historia Naturaleko Museora joatea erabaki zuen, mikrobiomika eta elikatze-fisiologia aztertzera, hain zuzen. Europako beka bat eskatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzarena ere eskatu zuen. Beharrezkoak ziren dokumentu guztiak entregatu zituen. Horren ostean, elkarrizketa bat egin behar dela azaltzen du; hitzordu finko bat ematen dizute horretarako. Aizpuruak azaltzen du beka galtzeko aukera dagoela, elkarrizketara joaten ez bazara. Horren aurrean, eta bera haurdun dagoenez, Eusko Jaurlaritzara idatzi zuen, erditzea elkarrizketa jarri behar zioten garai berean izango zela iragarri baitzioten. Eusko Jaurlaritza ez zen gai izan salbuespen-egoera batean zuzen erantzuteko. Aizpuruak hori ikusita, prentsara gutun bat bidali zuen, zientzian emakumeek jasan behar dituzten oztopoak salatuz. Irakur ezazue artikulu osoa. Merezi du.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.