Nepal munduko albistegi guztietan agertu zen eguna

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Nepal, munduko herrialderik txiroenetarikoa, hor nonbait Asian barrena kokatuta dagoena eta albistegietan sekula agertzen ez dena, bat-batean bete zituen mundu osoko egunkarietako lehen orriak eta mundu osoko telebistetako albistegiak, Apirilaren 25ean. Richterren eskalan 7.8 magnitudeko lurrikara gertatu zen, 5.000 hildakotik gora izan ziren eta guztiz suntsituta gelditu ziren “munduko ondare” bezala sailkatuta dauden hainbat toki. Eskala bereko lurrikarak urtero gertatzen dira, baina suntsipenik eragin ezean ez dira albiste izaten.

Nepaleko lurrikara
1. irudia: Nepalgo ezbeharraren moduko bat gertatzen den bakoitzean zalantza berdintsuak sortzen dira gizartean: Badago lurrikarak aurreikusteko aukerarik?

Himalaiak azken 40 Ma-an (40 milioi urtetan) zehar eratu dira, plaken mugimenduaren eraginez Indiako kontinente-lurrazalak Eurasiakoarekin bat egin zuenean. Aurretik, bi kontinenteen artean ozeano bat zegoen eta ozeano-litosferak, kontinente-litosfera baino dentsoagoa izaki, Eurasiako kontinente-litosferaren azpitik mantuan barneratzeko gaitasuna zuen, subdukzioa deritzon prozesuari esker (2. Ird.). Kontinente-lurrazalaren dentsitatea baxuagoa denez, Asiakoarekin bat egin zuenean, Indiako kontinente-lurrazalak Asiakoaren azpira sartu zen hasieran, baina ezin da dentsoagoa den mantuan barneratu. Ondorioz, bi plaketako kontinente-lurrazalak elkarri bultzatuz dihardute azkeneko 40 Ma-an zehar (2. Ird.). Bi plaken arteko konbergentzia ez da bukatu, urtero tokiaren arabera 4 eta 5 zentimetro bitartean hurbiltzen ari dira.

nepal arturo apraiz 1
2. irudia: Himalaia mendikatea, antzinako Gondwana eta Eurasia kontinenteen arteko talkaren ondorioz eratu zen.

Badirudi 4-5 cm/urteko konbergentzia oso neurri txikia dela; agian hala da, gure denbora-eskalan, baina Lurrak denbora asko du. Onartzen badugu azkeneko 40 Ma-an 4 cm-ko konbergentzia gertatu dela bi plaken artean, erraz kalkula daiteke epe horretan bi plaken arteko konbergentzia guztira 1.600 km-koa izan dela. Imajinatu bi kontinente-masa erraldoi elkarri bultzaka eta 1.600 km-ko konbergentzia xurgatzen, izugarria! Konbergentzia horrek kontinente-lurrazala loditu egiten du arrokak tolestu egiten direlako eta, batez ere, arrokak apurtu egiten direlako failen bitartez. Kasu honetan, failek sakonagoko arroka zaharragoak arroka gazteagoen gainetik jartzen dituzte (alderantzizko failak), eta horrela sekuentzia hainbat aldiz errepikatu eta kontinente-lurrazala loditu egiten da, konbergentzia xurgatu ahal izateko. Himalaiak horrela sortu dira, hainbat zamalkadura bata bestearen gainetik kokatuz, eta mugimendu bakoitzarekin (2-3 m) 7-8 magnitudeko lurrikara gertatu da. Bitxia da: Nepaleko diru-sarrera nagusia den mendiko turismoa eragin duen prozesu berak, bat-batean turismoa desagerraraz dezake (ikusi behar zenbat denboratarako).

nepa arturo apraiz 2
3. irudia: Apirilaren 25ean lurra bortizki astindu zen Nepalen eta faila baten mugimenduaren ondorioz gertatu zen.

Nepaleko 2015eko apirilaren lurrikara, horrelako faila baten mugimenduaren ondorioz gertatu zen, Himalaia aurrealdeko zamalkadura nagusia deritzona (Himalayan main frontal thrust) (3. irudia). Zamalkadurak okerdura txikia eta desplazamendua handia duten alderantzizko faila bereziak dira, konbergentzia kopuru handiak xurgatzeko egitura geologiko eraginkorrenak. Lurrikararen fokua edo hipozentroa 15 km-ko sakoneran kokatu zen, eta horrela lurrikararen indar suntsitzailea areagotu zen. Lurrikarek lurrazalera bidean progresiboki energia galtzen dute, beraz, lurrikaren fokua zenbat eta sakonago kokatuta egon, hainbat eta energia gehiago galduko dute, lurrazalera heldu bitartean. Zamalkadura honek 3 m-ko jausi maximoa izan zuen eta desplazamendua eragin zuen 10.000 km2-ko azaleran (Euskal Komunitate Autonomoaren azalera baino gehiago).

Horrelako masa erraldoi bat mugitzean, desorekak sortzen dira bere baitan, eta orekaren bila eskala txikiagoko lurrikarak (ehunka) gertatzen dira; erreplika esaten zaie horrelakoei, eta lurrikara nagusia gertatzen denetik hainbat iletan (urte betean ere) gerta daitezke. Normalean lurrikara nagusia baino magnitude askoz txikiagokoak izan ohi dira, baina magnitude handiko baten bat gerta daiteke. Oso arraroa izango litzateke lurrikara nagusia baino magnitude handiagoko lurrikararen bat gertatzea (%1eko aukera). Bere baitan desorekak sortzeaz gain, mugimendurik jasan ez duten alboko lurraldeak ere desorekatzen ditu eta lurralde horietan pilatutako energia sismikoa askatzeko aukerak handitu egiten dira. Hori da maiatzaren 12-n Nepalen gertatu zena. Aurreneko lurrikaratik 150 km ekialdera 7.3 magnitudeko beste lurrikara bat gertatu zen, lehenengo lurrikarak desplazatutako lur-eremutik at.

Horrelakoak gertatzen direnean, zientzia-albisteetatik at egon ohi garen geologoak lehen lerrora iristen gara. Oro har, baina, desberdintasun nabarmena dago beste zientziei buruz ematen diren albisteen eta geologiarekin lotuta ematen diren albisteen artean: beste zientzien esparruan, aipagai hartzen dira aurkikuntza berriak, zientzia-aurrerapenak edo bizitza erraztuko diguten gailuen sorrera, edo bizitza luzatzea ahalbidetuko diguten aurkikuntzak. Geologiaren arloan aldiz, jorratzeko gai lazgarriagoak aipatzen dira: lurrikara, tsunamiak, uholdeak, lurjausiak, isurketa bolkanikoak… Gehienetan hildakoekin, suntsipenarekin eta katastrofeekin lotuta daude Geologiarekin harremanen bat duten albisteak, eta entzule edo irakurleak lotura zuzena egiten du geologia eta suntsipenaren artean. Ez du ulertzen katastrofe puntual hauek direla gure Lurra zizelkatu dutenak eta zizelkatzen jarraituko dutenak. Hau geureganatzea besterik ez dugu.


Egileaz: Arturo Apraiz UPV/EHUko Geodinamikako irakaslea da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.