Neur daiteke odoleko oxigenoa azazkalak margotuta baditugu?

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Gaixo bat larrialdi zerbitzuetan sartzen denean, oro har, odoleko oxigenoaren kontzentrazioa neurtzen da lehendabizi; horretarako, pulsioximetro bat jartzen da, azazkalarekiko perpendikular. Izan dezakeen eragina desagerrarazteko, atzazalen esmaltea kendu ohi da, eta horrek atzerapentxoa dakar premiazko esku hartze medikoan.

UPV/EHUko Sendoa Ballesteros eta Irrintzi Fernández ikertzaileen ikertaldeak eginiko azterlan baten arabera, atzazaletako lakak eragiten duen alterazioa pulsioximetroen akats tarte estandarretan (± % 2) dagoela ondorioztatu du. Beraz, atzazalen esmalte batek ekoitzitako pulsioximetro baten irakurketaren alterazioa sotila da, oso txikia eta ez da klinikoki esanguratsua.

esmaltea eta oxigenoaren neurketa
1. irudia: Orain arte uste izan da atzazaletako esmalteak aparatuek igorritako argia xurga dezakeela, eta ondorioz, eragina izan dezakeela odoleko oxigenoaren saturazioaren berri izateko egiten diren neurketetan.

Pulsioximetroak odoleko hemoglobinaren oxigeno saturazioa neurtzen du, era ez inbasiboan; izan ere, hemoglobina oxigenatuak eta desoxigenatuak sistole eta diastole faseetan xurgatutako argi kopurua neurtzen du. Pulsioximetroaren zundak sarri jartzen dira atzamarretako atzazalen gainean, non atzazalen esmalteak neurketa distortsiona baitezake. Hori dela eta, larrialdian eginiko azterlan klinikoan, atzazaletako laka kendu ohi da, oxigenoaren saturazioa baloratu ahal izateko. Prozesu horretarako, likido disolbatzaile egokiak eta zenbait segundo behar dira. Gainera, aldez aurretik beharrezko izan daiteke pertsona kaltetuaren baimena izatea, eta eztabaidak sor daitezke esmaltea kendu nahi ez dutenekin.

Tradizioz, uste izan da atzazaletako esmalteak aparatuek igorritako argia xurga dezakeela, hemoglobina oxigenatua atzematen lagun dezakeela eta eragina izan dezakeela odoleko oxigenoaren saturazioaren berri izateko egiten diren neurketetan. Hori ezinbesteko parametroa da pertsona baten ebaluazio klinikoa egiterakoan. Eragin horrek pulsioximetria baten emaitzetan duen eragina zehazteko, Sendoa Ballesteros eta Irrintzi Fernández UPV/EHUko Erizaintzako irakasleek 400 pertsonaren datuak aztertu zituzten: 12 saio klinikotan parte hartu zuten 1999ko urtarriletik 2014ko otsailera bitartean, Estatu Batuetan, Turkian, Brasilen, Thailandian, Italian eta Alemanian. Saio horiek Osasun Zientzien datu-base garrantzitsuetatik seitan jaso ziren: Medline, Embase, WOS, Scopus, CINAHL eta IBECS. Aztertutako 440 kasuen artean, 50 gaixok bentilazio mekanikoa zuten, eta beste 42k buxadura arazo kronikoak (EPOC); bestalde, bost pertsona osasuntsurekin altueragatiko (3.084 m) hipoxia (oxigeno maila txikia) arineko simulazioa egin zen. Gainerako pertsonak osasuntsuak ziren, eta beren borondatez aritu ziren azterlanean.

2. irudia: ez da denborarik eta indarrik xahutu behar atzazaletatik esmaltea kentzen, larrialdian oximetriaren neurketa baliagarria lortzeko"
2. irudia: UPV/EHUko ikertalde batek egindako lanaren arabera, ez da denborarik eta indarrik xahutu behar atzazaletatik esmaltea kentzen, larrialdian oximetriaren neurketa baliagarria lortzeko.

Ballesterosek eta Fernándezek gidatutako taldearen berrikuste horretan, ikusi zen alde txikiak daudela emaitzetan, atzazal pintatuak eta pintatu gabeak zituzten pertsonen artean; hots, esmaltearen koloreak eragina izan zuen neurketaren emaitza estatistikoetan, baina alde horiek % 2tik beherakoak izan ziren. Beraz, erabiltzen diren pulsioximetroen akats tarteetan daude, eta ez dute eraginik jarduera klinikoan. Halere, ikusi zen kolore ilunek (beltza, marroia, urdina eta purpura) seinalearen indarra murrizteko joera zutela eta pulsioximetroaren errendimenduan eragiten zutela; nolanahi ere, ez zen ezberdintasun estatistiko esanguratsurik lortu ez kosmetikoaren koloreei ez aplikatutako esmalte geruzei dagokienez.

Sendoa Bastellesterosen ustez, pulsioximetria egin zaien gaixoekin eginiko berrikuste sistematikoan, “atzazalak pintatzeko erabilitako kosmetikoak odoleko oxigeno saturazioaren irakurketan eragin dezake, baina eragin txikin hori ez da klinikoki esanguratsua, bereziki errendimendu handiko led eta sentsore teknologian oinarritutako dispositibo modernoetan erabiltzen direnean. Horrenbestez, ez da denborarik eta indarrik xahutu behar atzazaletatik esmaltea kentzen, larrialdian oximetriaren neurketa baliagarria lortzeko“.

Erreferentzia bibliografikoa:
Sendoa Ballesteros-Peña, Irrintzi Fernández-Aedo, Artzai Picón, Sergio Lorrio-Palomino. Influencia del esmalte de uñas en los valores de saturación de oxígeno en pacientes sometidos a pulsioximetría: una revisión sistemática. Emergencias 2015; 27

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Odoleko oxigenoa neur daiteke atzazalak pintatuta?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.