Minbiziaren argi salataria

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Zelula gaiztoak fluoreszente bihurtzen dituen likido bat sortu dute, ehun osasuntsuetatik askoz nabarmenago bereizteko, eta hartara, tumorea erauzi behar duen zirujauaren lana errazteko.

Minbizia egoskorra da. Behin harrapatuta, ez gaitu berehalakoan uzten, eta ederki dakite hori zirujau onkologoek. Batzuetan, ebakuntza egin, tumorea eta inguruko ehuna erauztea lortu, eta hala ere, atzera berragertu egiten da gero. Izan ere, nahi baino gehiagotan, medikuak antzeman ezin duen ehun gaizto txikiren bat geratzen da gaixoaren gorputzean, eta hortik abiatuta, berriz azaleratzen da minbizia.

Gaur egun, halako erauzketak egiteko, erresonantzia magnetikoak eta tomografiak erabiltzen dituzte zirujauek. Duke Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek, baina, baliabide berri bat garatu dute, eta orain arte eman dituen emaitzak onak eta eraginkorragoak izan dira. Izan ere, minbizi zelulak fluoreszente bihurtzen dituen agente bat sortu dute; argi horri esker, askoz nabarmenago bereizten dira ehun osasuntsuetatik, hartara medikuen lana erraztuz. Science Translational Medicine aldizkarian eman dute lorpenaren berri.

1. irudia: Minbizi zelulak argitzen dituen agente honek LUM015 du izena. (Argazkia: Duke Unibertsitatea)
1. irudia: Minbizi zelulak argitzen dituen agente honek LUM015 du izena.
(Argazkia: Duke Unibertsitatea)

Agente horrek LUM015 du izena, eta Massachussetts Teknologia Institutuarekin (MIT) eta Lumicell enpresarekin elkarlanean garatu dute. Injekzio bidez txertatzen den likido urdin bat da, eta argitu egiten ditu tumorea duten ehunak, osasuntsu daudenak baino bost aldiz distiratsuago ikusteraino. Ikertzaileok entsegua egin dute sarkoma edota bularreko minbizia zuten hamabost lagunekin, eta oraingoz, emaitzak onak izan dira: agentea baliagarria izan da minbizia behar bezala mugatzeko, gizakiei albo ondorioak eragin gabe.

David Kirsch ikerketa buruak azaldu bezala, gaur egun, medikuek mikroskopioa baliatzen dute ebakuntzan egin bitartean, tumorearen inguruko ehuna garbi geratu ote den ikusteko. Baina minbizia handia da mikroskopio batentzat, eta ezin unean bertan azalera guztia xehe aztertu. Baliabide berri honekin, “zirujauei teknologia praktiko eta azkar bat ematea da helburua, tumorearen inguruko ehuna ebakuntza egin bitartean eskaneatu dezaten, arrasto fluoreszente bila”, azaldu du Duke Unibertsitateko ikertzaile honek.

Fluoreszentzia horiek ezin dira, besterik gabe, ikusi: kamera sentikor bat duen eskuko gailu bat baliatuko litzateke horretarako. Hori horrela, zirujauak tumorea erauzi eta gero, ebakitako azaleraren gainean jarriko luke gailua, eta horren bidez antzemango luke fluoreszentziarik (eta beraz, minbizi zelularik) geratu ote den.

2. irudia: Zirujauek mikroskopioa baliatzen dute ebakuntza gelan, baina askotan, hori ez da aski minbizi zelula guzti-guztiak detektatzeko. (Argazkia: Dmitry Grigoriev/ CC BY 2)
2. irudia: Zirujauek mikroskopioa baliatzen dute ebakuntza gelan, baina askotan, hori ez da aski minbizi zelula guzti-guztiak detektatzeko. (Argazkia: Dmitry Grigoriev/ CC BY 2)

Brian Brigman artikuluaren egile nagusiak adierazi bezala, “teknologia honek datozen entseguetan ere arrakasta baldin badu, sarkomaren tratamendua nabarmen aldatuko du. Tumorea %100 erauztea sarriago lortzen badugu, ez genituzke ebakuntzak bitan egin beharko, eta minbiziaren balizko berragerpena ere saihestuko genuke. Gainera, gaitzaren arrastoak non geratu diren jakiteak erradiazio terapiak gidatzeko balio dezake, bai eta erradiazio kopurua murrizteko ere”.

Artikuluan azaldu bezala, entseguak saguekin egin zituzten lehenik, eta gero, hamabost gaixori aplikatu ostean, ikusi dute LUM015 agenteak gizakiekin dituen emaitzak ere itxaropentsuak direla. Orain, beste entsegu zabalago bat egiten ari dira Massachusettseko Ospitale Nagusian: agentearen zein fluoreszentzia antzemateko gailuaren eraginkortasuna neurtzen ari dira, bularreko minbizia duten berrogeita hamar emakumeri aplikatuta. Horren ondotik, ondo bidean, askotariko erakundeek aztertuko dute metodologia berri hau, bigarren ebakuntza behar duten kasuak murrizteko benetan balio ote duen egiaztatzeko.

Erreferentzia bibliografikoa:
Melodi Javid Whitley et al. A mouse-human phase 1 co-clinical trial of a protease-activated fluorescent probe for imaging cancer. Science Translational Medicine. 06 Jan 2016: Vol. 8, Issue 320, pp. 320ra4. doi: 10.1126/scitranslmed.aad0293


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.