Antzinako Grezian aurrekariak bila badaitezke ere, zehatzagoa da esatea XVIII. mendeko bigarren zatian eztabaidatu zela lehen aldiz gaur egun biologian eboluzioa deitzen dugunaz. Nahiz eta ez izan hitz hauexek erabilita, XVIII. mendean azaldu zen lehenbizikoz izaki bizidun guztiak arbaso komun batetik datozelako ideia, eta espezieen aniztasuna ondoz ondoko belaunaldietako populazioetan heredatutako aldaketen ondorio delakoa.
“Eboluzio” hitza, hala ere, jada XVII. mendeaz geroztik erabiltzen zen, banakoaren enbrioi-garapenaz aritzeko, herentziaren inongo aipamenik gabe. Adiera horretan, normalean, “eboluzioa” esaten zitzaion enbrioian aurretik existitzen ziren atalen garapenari, preformismoaren jarraitzaileek ulertzen zuten moduan. Noizean behin, kontrako teoria, epigenetismoa, babesten zutenek hitz hori erabiltzen zuten beren ustez banakoaren garapenean atal berrien ondoz ondoko gehitzea zena izendatzeko.
XVIII. mendetik aurrera, ordea, hipotesi enbriologikoekin batera zein haiek gabe, zenbait filosofo naturalen hipotesiak ikusmolde komun baten arabera formulatu ziren: unibertsoaren, Lurraren eta bizitzaren historiaren ikusmolde dinamikoa, hain zuzen orduan nagusi zen natura estatiko eta bukatu baten kontzeptuaren (estasia) aurkakoa. Harrezkero, estasia, gero eta gehiago, mendebaldeko erlijio nagusien jarrera tipiko eta adierazgarritzat hartzen hasi zen, eta noizbehinka aurka ere egiten zitzaion horregatik.
Argien Mendeak naturaren ikusmolde dinamiko horien berrikuntza ekarri zuen: Astronomian, Newtonen legeen bidez planeta-sistemaren funtzionamendua deskribatzeaz gain, sistema horren historia ere azaltzen saiatu ziren (Georges-Louis de Buffon, Immanuel Kant, Pierre-Simon de Laplace); geozientzietan, Lurra uste zena baino zaharragoa delako frogak agertu ziren (Buffon, James Hutton); eta bizitzaren alorreko zientzietan, izaki bizidunak sailkatzeko sistema tradizioz estatikoaren ustezko denboralizazioa proposatu zen (Charles Bonnet, Jean-Baptiste Robinet), bizitzaren jatorriari, sorrerari, herentziari, garapenari eta egitura organikoen aldaketari azalpen materialistak aurkitzen saiatu ziren (Benoît de Maillet, Pierre de Maupertuis, Erasmus Darwin), espezieen aldakortasuna behatu zen batzuetan (Carl Linæus), eta enbrioiaren garapenaren ideia Lurreko bizitzaren historia guztira zabaldu zen (Carl Friedrich Kielmeyer).
1802 eta 1820 urteen artean, Jean-Baptiste Lamarck-ek gai horietako batzuk konbinatu zituen, aldaketa organikoaren lehen hipotesi sistematikoa, baina ez beti hain argia, sortzeko (urte horietan, “eboluzio” hitza gaur egungo adierarekin, Julien-Joseph Virey-ren lanetan bakarrik dago dokumentatuta). 1830 urtearen inguruan, Étienne eta Isidore Geoffroy Saint-Hilaire-k Lamarcken ideiak garatu eta jendartean zabaldu zituzten. Charles Lyell-ek Lamarcken ideiak ikuspuntu kritiko batetik eztabaidatu zituen XIX. mendeko 30eko hamarkadako urteen hasierako bere geologia-testuetan, non lehen aldiz erabiltzen zuen “eboluzio” hitza, ingelesez, gaur egungo adieran; Lyellen liburu horiek sakon aztertu zituen Charles Darwin-ek. Lamarcken ideiak Robert Chambers-en Vestiges of the natural history of creation (1844) liburuan bildu ziren, enbrioien garapenari buruzko espekulazioekin eta teoria nebularrarekin konbinatuta; liburu hori publiko zabalari zuzenduta zegoen, eta lehena izan zen eboluzioaren ideiak ingeles mintzairako herrialdeetan zabaltzen, bidea erraztu zuelarik geroago Darwinen lanari harrera egiteko.
1859tik aurrera, Charles Darwinen On the Origin of Species by Means of Natural Selection, or the Preservation of Favoured Races in the Struggle for Life liburuak arreta handia erakarri zuen espezie guztiak bizitza-forma batetik (edo gutxi batzuetatik) eratorri ahal izatearen inguruan. Bai zientziaren munduan, bai kazetaritzaren munduan, eta are herritarren artean ere, “eboluzioa” zen eztabaidagai nagusia. Darwinek saihestu egiten zuen hitz hori, modifikaziodun deszendentzia hautatu zuelarik. Herbert Spencer filosofoa eta Darwinen beste hainbat jarraitzaile “eboluzio” hitzaren alde agertu ziren argi eta garbi, eta ez zuten ezkutatzen termino hori lehenesten zutela, hain zuzen, “eboluzio” terminoak errotiko ondorioak zituelako naturaren ikusmolde hartan, aldaketa mailaz mailakoa eta jarraitua zela azpimarratzen baitzuen, bizirauteko eta ugaltzeko lehiaren ondorioz gertatzen zena. Ikusmolde hori, gainera, gehienetan sekularizatua izaten zen, eta gizakiak nahiz beren gizarteak biltzen zituen, baita unibertsoa bere osotasunean ere.
Darwinek eboluzio-aldaketari emandako azalpena, hautespen naturalaren teoria (darwinismoa), aurkari askorekin topatu zen, baita biologia-ezagupen zabalak zituzten zientzialarien artean ere. Desadostasun horiek XIX. mendean gertatu ziren; garai hartan ikertzaileak kezkatuago zeuden fosil-erregistroan “kate-maila galdua” bilatzen (ahaztuz, nolabait, mailaz mailakoa eta jarraitua izatearen esanahia), eboluzioaren arrazoien inguruko adostasuna bilatzen baino. 1900 urtearen inguruan, beste hipotesi batzuen artean, darwinismoa, neolamarckismoa eta ortogenesia elkarren lehian ari ziren, eboluzio-aldaketa azaldu nahian.
1900 urtean Mendelen legeak berraurkitu ondoren, lau hamarkada behar izan ziren adostasuna lortzeko sintesi ebolutibo modernoa edo neodarwinismoa esaten zaionaren inguruan, zeinak Darwinen hautespen naturalaren kontzeptua eta genetika konbinatzen baititu. XX. mendeko 40ko hamarkadako urteez geroztik, zientzialari gehien-gehienak, eboluzioaz ari direnean, eboluzio neodarwinistaz ari dira.
Dena den, 60ko hamarraldiaren erdialdetik aurrera, eboluzio biologikoaren alorrean azterbide berriak abiarazi ziren, horretarako ekologia ebolutibotik, paleontologiatik eta, batez ere, biologia molekularretik zetozen tresna eta kontzeptuak erabilita. Molekula mailako aldaketa ebolutiboaren azterketa ikerketa-eremu garrantzitsua bihurtu da, eta batzuetan emaitzek eboluzioaren kontzeptu nagusietatik aldentzen diren ondorioetara eraman izan dute
Horrela, bariazio genetikoak batzuetan ez duela erlaziorik ugalketaren arrakastarekin eta egokitzapen-eboluzioarekin (eta, hortaz, berezko hautespenarekiko “neutral” itxura duela) ikustean, biologo batzuek, Motoo Kimura-k adibidez, 1964 urtearen hasieran, eboluzio molekularraren teoria neutralista garatu zuten. Teoria horrek dio molekula mailan behatutako aldaketa ebolutiboa, neurri handi batean, jito genetiko aleatorioaren ondorioz gertatzen dela, hautespen naturalarekin loturarik gabe.
Beste adibide bat Niles Eldredge eta Stephen Jay Gould-ena dugu, zeinek fosil-erregistroan eta espeziazio-prozesuan jarri baitzuten arreta. Horrek eraman zituen 1972an oreka taidunaren hipotesia garatzen hastera, aldaketa ebolutiboa mailaz mailakoa eta jarraitua delako kontzeptu neodarwinistatik aldenduaz. Hipotesiak dio fosilen leinu askoren historian agertzen direla aldaketa morfologiko gutxiko denbora-tarte luzeak (estasi izenekoak), espeziazio-fenomenoekin lotutako aldaketa bizkorren denbora-tarte laburrekin txandaka.
XX. mendeko 60ko hamarkadaz geroztik, giza espeziearen eboluzioaren auziarekiko interesak indar berria hartu zuen. Zenbait aurkikuntzak eta zenbait ikerketak aldizkarietako lehen orrialdeetan agertzea lortu dute, eta oraindik ere lortzen dute, hala orotariko prentsan, nola aldizkari zientifikoetan; adibidez, espezimen fosil berrien aurkikuntza, Afrikan hasieran, baina gero Asian (Flores, Denisova) edo Europan (Atapuerca); edo, mitokondrioko DNAren azterketa, zeinak gizakion familia-zuhaitzaren adar berriagoak datatzea ahalbidetzen baitu; edo, azkenik, bariazio genetikoaren balioespen estatistikoa, zeinak ahalbidetzen baitu ebaluatzea migrazioen ondorioz giza populazioetan gertatzen den ezaugarri biologikoen eta kulturalen arteko elkarreragina.
Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta
Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao
1 iruzkina
[…] ondorioztatu daiteke berezko simetria-hausteak errotik aldatu duela eboluzioaren teoria ulertzeko […]