Zikoinak gero eta nagiagoak dira, gizakion erruz

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Europa, Asia eta Afrikako zenbait hegazti populazioren migrazio ibilbidea aztertu dute nazioarteko ikerketa batean. Zikoina batzuek ez dute Sahara zeharkatzen dagoeneko; neguan hegoaldera mugitu beharrik gabe, gizakiek sortutako zabortegi eta arrain haztegietan aurkitzen dute jatekoa.

Blog honetan makina bat aldiz idatzi dugu gizakiak planetan eragindako inpaktuari buruz: ozeanoak, tenperaturak, El Niño bezalako fenomenoak… Bada, zikoina zuriak ere sar ditzakegu zerrenda honetan. Izan ere, hegaztion migrazio ohiturak aldatzen ari dira, eta gehienek, negu hotzak saihesteko, hegoalderantz joaten segitzen badute ere, beste zenbait etxezulo bihurtu direla dirudi. Hain zuzen ere, zabortegiei eta arrain haztegiei esker, hilabete gorrienetan ere jatekoa bertan izaten jarraitzen dutelako.

Horixe diote Max Planck Ornitologia Institutuak, CSICek eta beste zenbait erakundek elkarlanean egindako ikerketa baten ondorioek. Zikoina zuriek migrazioa nondik nora egiten duten eta ibilbide hori burutzeko zenbaterainoko energia baliatu behar duten aztertu dute ikertzaileok. Horretarako, Europa, Ekialde Hurbila, Asia eta Afrikako 70 zikoini gailu igorle bana jarri zieten. Hortik ateratako datuetan oinarrituta, zikoinen migrazioei buruz inoiz egin den mapa zehatzena marraztu dute. Science Advances aldizkarian eman dute haien lanaren berri.

1. irudia: Aztertutako zikoina zurietako bat, eraztun formako gailua agerian. (Argazkia: Julio Blas / CSIC)
1. irudia: Aztertutako zikoina zurietako bat, eraztun formako gailua agerian. (Argazkia: Julio Blas / CSIC)

Datuok erakusten dutenez, uda bukatzen denean, Europa eta Asiako zikoina gehienek iparraldetik hegoalderako ohiko bi ibilbideak egiten dituzte oraindik ere. Hau da, Europa mendebaldeko zikoinek (neguan Euskal Herrian izaten direnak, tartean) Gibraltargo itsasartea zeharkatzen dute, eta negua Sahara hegoaldean igaro, Sahel izeneko zonaldean; Marokon geratzen diren batzuk ere badaude, basamortua zeharkatu gabe. Errusia, Polonia eta Greziako zikoinek, aldiz, ekialdeko ibilbidea egiten dute, nabarmen luzeagoa: 16.000 kilometro inguru, Bosforoa zeharkatuz eta Hegofrikaraino ailegatuz.

Baina zikoina batzuek ezustekoa eman diete ikertzaileei, askoz ere migrazio laburragoak egin dituztelako. Esaterako, bi ibilbide tradizional horiez gaindi, udan Afrika iparraldean bizi diren zikoinek urratzen duten bidea ezagutzeko aukera eman du ikerketa honek: hegazti europarrek ez bezala, hauek ez dute basamortua ertzetik inguratzen, Tunisiatik behera, Sahara erdirik erdi zeharkatzen baitute. Bestalde, Armeniako zikoinek ez dute ekialdeko ibilbide klasikoarekin bat egiten, ez eta Hegoafrikarantz jotzen ere. Horren ordez, persiar golkoan geratzen dira, eta askoz ere gutxiago mugitzen dira, horrenbestez.

Dena dela, gailua zeramaten 70 zikoinen artean, Uzbekistangoen kasua da deigarriena: hauek dira nagienak, ez baitira haien herrialdetik atera ere egiten. Dokumentatuta dagoenez, hegazti honen Asiako azpiespezieak Indian igaro ohi du negua. Ikertzaileon ustez, litekeena da Uzbekistango zikoinak etxezulo bihurtu izana, tokian bertan arrain haztegiak dituztelako eta horiekin aski dutelako neguan elikatzeko.

2. irudia: Aztertu dituzten zortzi zikoina populazioen migrazio mapa. Uzbekistan eta Armeniakoek egiten dute, nabarmen, ibilbide laburrena. (Argazkia: Andrea Flack et al.)
2. irudia: Aztertu dituzten zortzi zikoina populazioen migrazio mapa. Uzbekistan eta Armeniakoek egiten dute, nabarmen, ibilbide laburrena. (Argazkia: Andrea Flack et al.)

Halako arrain haztegiak eta hain osasungarriak ez diren zabortegiak eraikita, gizakiak jaten eman die zikoinei oharkabean, eta batzuek, behintzat, dagoeneko utzi diote hainbeste bidaiatzeari. Horrek baditu abantaila batzuk animaliontzat. Izan ere, zenbat eta migrazio laburragoa egin, bizirik segitzeko aukera ere handiagoa da. Gainera, energia gutxiago baliatu behar dute joan-etorri luze horietan.

Hala ere, abantaila horiei dagokienez, zalantza handiak daude oraindik. Esaterako, energia aurrezteari begira, honakoa dio Julio Blas CSICeko ikertzaileak eta artikuluaren egileetako batek: “Negua Saharatik gora igarotzen duten zikoinek migrazioei dagokien distantzia eta energia kostua murrizten dute. Hala ere, paradoxikoki, eguneroko energia gastua handiagoa da. Europan ez daude Afrikan adina korronte termiko, eta korronte horiek hegaldia errazten dute, bai eta energia aurreztea ahalbidetu ere. Horregatik, Afrikan hegan egitea %15 merkeagoa da zikoinentzat”.

Horrez gain, zikoina nagi horietako askok zabortegietan jaten dutela eta, ikusteke dago horrek zer ondorio duen haien osasunean. Gainera, zikoinen migrazioak aldatzen jarraitzen badu, ekosistemarentzat ere kaltegarria izan daiteke. Adibide bat ematearren, Sudan eta Etiopia bezalako herrialdeetan, oti izurriteak murrizten laguntzen dute zikoinek, intsektu horiek jaten dituztelako. Saharatik behera joateari uzten badiote, ondorioak kezkagarriak izan daitezke.

Erreferentzia bibliografikoa:
Andrea Flack et al. Costs of migratory decisions: A comparison across eight white stork populations. Science Advances, 22 Jan 2016: Vol. 2, no. 1, e1500931. doi: 10.1126/sciadv.150093


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.