Iragana berreraikitzen, munduaren amildegian

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Hego Ozeanoaren hondoan karbono dioxido ugari dago metatuta, eta berebiziko garrantzia izan dezake klima-aldaketaren garapenean. Izan ere, bertan jotzen duen mendebaldeko haizearen gorabeherek baldintzatu egiten dute CO2 horren norantza. Horren harira, Eñaut Izagirre geografoa landa lana egiten aritu da Hermite uhartean, Hornos lurmuturretik gertu.

Landareek jasaten duten karbono dioxido gaindosiaz hitz egin genuen blog honetan duela bi aste, eta azaldu genuen florak ez duela nahi beste ahalmen, gizakiak eragindako berotegi efektuaren gasak xurgatzeko. Bada, itsasoak ere badu zeresana auzi honetan guztian.

Klima-aldaketak eta tenperaturen epeltzeek lotura handia dute karbono dioxidoarekin, eta ozeanoak gas mota honen biltegi erraldoiak dira. Esaterako, atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioan izaten diren gorabeherak baldintzatzen dituzten bi faktore dira munduko ozeanoek hura xurgatzeko duten ahalmena, eta karbono zaharra itsaso sakonetik atmosferara askatzeko duten gaitasuna; auzi honetan guztian duten garrantziaren erakusle.

Irudia: Hermite uhartea Hornos lurmuturretik gertu dago. (Argazkia: Eñaut Izagirre)
1. irudia: Hermite uhartea Hornos lurmuturretik gertu dago. (Argazkia: Eñaut Izagirre)

Nagusiki Hego Ozeanoari behatzen zaio auzi honetan. Antarktikaren eta gainontzeko kontinenteetako hego muturren artean zabaltzen da Hego Ozeanoa, eta besteak beste horregatik (itsas masa erraldoi horretan ia lurrik ez dagoelako), karbono dioxidoaren biltegi funtzioak nabarmenagoak dira hemen. Atmosferako CO2aren modulazioan zeresan handiena duen ozeanoa da: hego hemisferioko mendebaldeko haizeen indar aldaketek Hego Ozeanoko zirkulazioan eragiten dute, eta horren arabera, bertako ur sakonek gordetzen duten CO2a gehiago edo gutxiago iragaziko da kanpora, eta atmosferako CO2a gehiago edo gutxiago xurgatuko du itsas hondoak.

Hori guztia dela eta, klima-aldaketari dagokionez, bereziki interesgarria da Hego Ozeanoari eta hego hemisferioko mendebaldeko haizeen nondik norakoei erreparatzea. Horretan dihardu, hain zuzen, Eñaut Izagirre (Elgoibar, 1990) geografoak eta Glaziologia masterreko ikasleak. Beste zenbait proiekturen artean, Cambridgeko Unibertsitateko British Antarctic Survey ekimenak Hermite uhartean egin zuen espedizio zientifiko batean hartu zuen parte joan den otsailean eta martxoan.

2. irudia: Eñaut Izagirre, eskuinean, sedimentuen estratigrafia lanak egiten. (Argazkia: Eñaut Izagirre)
2. irudia: Eñaut Izagirre, eskuinean, sedimentuen estratigrafia lanak egiten.
(Argazkia: Eñaut Izagirre)

Hornos Lurmuturretik gertu dago Hermite uhartea, eta Hego Ozeanoan, beraz. Hain zuzen, nazioarteko proiektu bat dago martxan ozeano honetako zenbait irlatan, eta ekimen horren parte da Izagirrek eta lankideek Hermiten egin duten landa lana. Laku eta zohikaztegietan sedimentuak bildu eta, nolabait, denboran atzera egitea da espedizio horien helburua. Hau da, lagin horiek ikertuta, hego hemisferioko mendebaldeko haizeek iraganean zer inpaktu izan duten ondorioztatu daiteke; antzina gertatutakoa berreraiki. Iragan hori ezagutzea funtsezkoa da klima aldaketa betean gauden honetan, karbono dioxidoaren ozeano eta atmosfera arteko fluxuak nolakoak diren ulertzeko.

Hermite uhartearen kasuan, sei laku zehatz aukeratu zituzten sedimentuen laginketa egiteko. Eroankortasun handiko aintzira txikiak behar zuten izan, ur gutxi biltzen dutenak, eta harrizko substratua dutenak; baldintza horiek betetzen dituzten irlak sentikorragoak baitira, itsasoko aerosolen sartu-irtenen aurrean. Hori horrela, lakuotako sedimentuetatik ateratako laginak bildu zituzten. Lagin horiek diatomeo algak dituzte tartean, eta horiei paleoekologia metodoak aplikatuta, hego hemisferioko mendebaldeko haizeek antzina izan zituzten gorabeherak interpretatu daitezke. Izan ere, haizeok itsasotik lakuotara garraiatu duten gazitasuna aztertu dezakete, iraganeko haizeen nondik norakoak berreraikitzeko.

3. irudia: Hermite uhartearen sei lakutan atera dituzte laginak. (Argazkia: Eñaut Izagirre)
3. irudia: Hermite uhartearen sei lakutan atera dituzte laginak. (Argazkia: Eñaut Izagirre)

Hain zuzen ere, Izagirrek eta lankideek horretan dihardute orain, otsailean eta martxoan bildutako laginak aztertzen ari baitira gaur egun, Cambridgeko Unibertsitatean. Oraindik behin betiko emaitzarik ez badute ere, Hermiten eta Hego Ozeanoko beste irletan egindako espedizioek gauza bat erakutsi dute dagoeneko: egindako laginketa eta baliatzen ari diren teknikak baliagarriak dira haizeen nondik norakoen iragana berreraikitzeko, eta etorkizunaz gehixeago jakiteko.

Eskerrik asko Eñaut Izagirreri, proiektuaren berri emateagatik.

Informazio gehiago:
Eñaut Izagirreri elkarrizketa ‘Norteko Ferrokarrila’ saioan


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.