Anemiak munduko populazioaren %25ari eragiten dio. 1600 milioi kidetik gora daude gaixotasun honek jota, eta anemia ferropenikoa, burdina eskasiak eragiten du eta bera da ohikoena, 700 milioi kideri eragiten dielarik. Herri azpigaratuetan, 2,5 aldiz handiagoak dira zenbakiak.
Anemia-eragile nagusien artean dago kalitate txarreko eta kantitate txikiko elikadura, edota landare-jatorria duen elikadura. Izan ere, estimatu da gutxi gorabehera 3000 milioi biztanlek pairatzen dutela burdina eskasia.
2008ko maiatzean, Cristopher Charlesek bukatu berria zuen bere zientzia biomedikoetako lizentziatura Kanadako Guelph Unibertsitatean. Nazioarteko Garapenerako Agentzia kanadarrak diru-laguntza eman zion, Kanbodiako epidemiologia-osasuna aztertzeko. Berak aukeratu zuen aztertzeko tokia, jakin baitzuen han boluntarioak eta laguntzaileak behar zirela dieten burdina eskasiaren eragina aztertzeko.
Abiapuntuko hipotesi modura onartu zuten sukaldean burdinazko tresnek burdina ematen diotela janariari, egoste prozesuan. Horrela ba, disko txiki batzuk eman zizkieten hainbat emakumeri, eta eskatu zieten pieza haiek lapikoetan izateko. Ideia ez zen oso ondo ikusia izan eta ahaleginak egin behar izan zituzten aurrera jarraitzeko. Azkenean, arrain erako pieza txiki batzuk fabrikatu zituzten. Egun, “The Lucky Iron Fish” izenarekin daude ia 70 herrialdetako merkatuetan, Espainia barne.
Pieza hau ondo garbitu behar da erabili baino lehen; gero, 10 minutuan irakiten jarri behar da, 10 litro ur eta limoi edo azido zitriko pixka bat duen ontzi batean. Denbora hori iragan ostean, atera egiten da “arraina”, eta era arruntean egiten da janaria, lortu den likidoa erabilita. Gainera, likidoa egun batzuetan kontserba daiteke. Enpresaren hitzetan, horrela ondo lor daiteke familia batentzat 5 urtean gomendagarria den burdina kantitatea. Denbora tarte hori igaro delarik, pieza berri bat erosi behar da.
Zer esanik ez, denok dakigu burdina toxikoa izan daitekeela, baina kasu honetan, baieztatu egiten dute lote bakoitza ondo neurtuta dagoela ziurtasuna eta kalitatea bermatzeko. Era berean, baieztatzen dute piezek askatzen duten burdina ondo neurtuta dagoela gorputzak xurgatuta kaltegarria izan ez dadin. Berdin egiaztatu omen da burdinan ez dagoela giza osasunarentzat kaltegarri izan litekeen kutsatzailerik. Hori guztia, laborategi independenteek egiaztatzen ei dute Phonm Openhen eta Ontarion.
Baten bati bururatuko zitzaion ez ote zen errazagoa izango burdinazko lapikoetan egitea janaria. Hori dela eta, ikertzaileek baieztatzen dute burdinazko lapikoek burdina askatu askatzen dutela, baina oso neurgaitza dela askatutako burdina hori. Halaber, ez dakite substantzia hori bioeskuragarria den ala ez, hau da, gorputzak xurga dezakeen ala ez.
Burdinazko zartaginak erraz oxidatzen dira, eta oxidoan burdina ferrikoa dago, gorputzetik ezin xurga dezakeen burdina hain zuzen. Oxidazioa saihesteko, oro har zigilatu egin behar da zartagina da, olio bidez oso tenperatura altuetan. Horrela, egostearen barruan blokeatu egiten da burdinaren askapena.
Bestetik, diseinatutako pieza egiteko burdina mota berezi bat erabiltzen da, eta burdina horren forma, tamaina eta pisua zorrotz kalkulatzen da gramoko, 70 mikrogramo burdina askatzeko, 10 minutuan litro bat ur azidifikatuan irakiten egon eta gero.
Kanbodian “The Lucky Iron Fish” erabili ondoren, ikusi da burdin faltak eragindako anemiak %50ean egin duela behera, eta gora egin duela erabiltzaileen burdina-kantitateak erabiltzaileengan. Gainera, biztanleak fidatzen hasi dira eta bere bizitzan txertatu da usadio hori.
Beste alde batetik Kanbodian bertan fabrikatu eta saltzen dira piezak eta ondorioz enplegua sortzen ari da zonalde hartan. Bere web orrian, aukera ematen du norberak bere pieza propioak erosteko ez ezik, behar handia duten beste kideei doanik emateko ere.
Berriz ere, zientziak eta asmamenak, elkarlanean erraz eta diru askorik gabe konpondu dituzte oso antzinatik milioika biztanleriari kaltegarriro eragiten dioten arazoak.
Egileaz: Maria José Moreno (@mariajo_moreno) kazetaria da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.