Leihoen geometria, energia aurrezteko bide

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Eraikin jasangarriak lortzea da egungo gizartearen helburuetariko bat. Energia-kontsumo murritzagoak dituzten eraikuntzak lortzen bidera, hainbat dira adituek aztertu dituzten arloak. Ahalegin horretan, Fernando Mora Martínek, UPV/EHUko irakaslea eta arkitektoa, eraikinetako leihoen diseinuak eta forma geometrikoek energia aurrezteko zer nolako eragina duten aztertu du. Egindako ikerketan leihoak eta baoak osatzen duten sistemaren hainbat aukera eta konbinazio aztertu eta baloratu ditu, energia-trukea murrizteko ikuspegitik. Emaitzetan ondorioztatu du, leihoen egitura geometrikoek eta diseinuek eragina dutela isolamendu termikoan.

window-941625_1280
Irudia: Baoa edo kofadura horman zabaltzen den zuloa da. Zuloa hau barrualdea argiztatu edota aireztatzeko asmoz egiten da, normalean leiho bat edo ate bat jartzeko asmoaz. Baoa, izatez, elementu arkitektonikoa da.

Fernando Mora Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakasleak aztertu du energia aurrezteko testuinguruan zer eragin duten baoaren (atea edo leihoa jartzeko horman zabaltzen den zuloa) forma geometrikoek, baoan sartzen den leihoaren partiketa-kopuruak eta baita sisteman erabiltzen diren materialek ere.

Eraikuntzan energia-kontsumoak murrizten saiatzeko, bao-leiho sistema konplexu eta aurrefabrikatuaren azterketan oinarritu du haren doktorego-tesia. Leihoen eta baoen elementu geometrikoen eragina antzematea izan duela helburu azaldu du Fernando Morak, “Soluzio jakinen azterketa bat egiteaz harago, egiaztatu eta kuantifikatu nahi nuen nola eta zenbatean eragiten duten energia-aurreztean baoaren forma geometrikoak eta leihoaren diseinuak, leihoa baoan sartzen den elementu aurrefabrikatu gisa hartuta”.

Ikerketan egiaztatu du leihoaren sistema aurrefabrikatuaren propietate termikoen arabera, sistemaren zatiketa handiagoaren edo txikiagoaren arabera eta azalera berberetarako oso balio desberdinetako transmitantzia termikoak lortzen direla. Izan ere, ikerketan, trasmitantzia termikoa kalkulatu da (denbora unitatean, gainazal baten edo gehiagoren alde batetik bestera igarotzen den beroaren neurria) eraikingintzan erabili ohi diren baoen hainbat forma geometriko eta hainbat leiho-diseinu konbinatuz. Diseinuan, orri-kopurua hartu zuen kontuan Morak, bai eta orriak finkoak edo mugigarriak ziren ere.

Kalkulu guztiak hiru egoeraren arabera egin zituen: markoaren eta beiraren propietate termikoak berdinak diren kasuan, beiraren propietate termikoak markoarenak baino hobeak diren kasuan eta markoaren propietateak beirarenak baino hobeak diren kasuan.

Propietate termiko hobeak dituzten eta, energia gehien ekonomizatzen duten baoen forma geometrikoen eta leiho-diseinuen konbinazioak identifikatu ditu Morak. Oro har, “bao zirkularren formak eta orri bakar bateko, bai orri finko edo mugigarri bateko, leiho-diseinuak dira transmitantzia termikoko balio txikienak sortzen dituzten soluzioak”. Baina ikertzaileak adierazi du “ondorioak askotarikoak direla, hautatzen dugun kasuaren araberakoak”. Horrez gain, argitu du azterketan ez direla kontuan hartu ez orientazioa, ez leihoa zer altueratan jarria dagoen, ez leihoa sartzen den inguratzaileak zer propietate termiko dituen, ez inguruneko klimatologia eta abar, beste ikerketa-mota batean ikertu beharreko aldagaitzat jotzen baititu. “Ni sisteman zentratu naiz, leihoaren produktu aurrefabrikatu eta konplexuan, era independente batean hartuta eta indarrean dagoen araudia aplikatuz“, azaldu du, amaitzeko.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Leihoaren diseinuak eta forma geometrikoak badute eragina energia aurrezteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.