Izotzaren aurkako naturalak

Animalien aferak · Dibulgazioa

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Hotza


Bilatuz gero, itsasoaren ia edozein tokitan aurki ditzakegu arrainak, bai eta ustez ezinezkoak diren uretan ere. Itsas teleosteoen barne-likidoen gatzen kontzentrazioa, itsasoko urarena baino hiru bider txikiagoa da gutxi gorabehera. Ezaguna denez, ur destilatua 0 °C-tan izozten da, baina ur-disoluzioen izozte-tenperatura 0 °C-ren azpitik dago. Izan ere, kontzentrazioaren araberakoa da disoluzioen izozte-tenperatura. Hori horrela, itsas teleosteoen odola -0’6 °C eta -0’8 °C artean izozten da, eta, aldiz, itsasoko ura -1’8 °C-tan. Ur-disoluzioak dira biak, odola eta itsasoko ura, kontzentrazio desberdineko disoluzioak, lehen adierazi bezala.

izotzaren aurkako
Irudia: Arrain batzuek glukosa erabiltzen dute izozteari aurre egiteko.

Gauzak horrela, ez litzateke arrainik egon behar -0’8 °C baino tenperatura hotzagoko uretan, balio horren azpitik gorputz-likidoak izoztu beharko litzaizkieke-eta. Harrigarria bada ere, ez da horrelakorik gertatzen. Izan ere, izoztearen arriskuari aurre egiteko, ur hotzetan bizi diren arrainek izotzaren aurkakoak diren gaiak biltzen dituzte odolean. Antartiko itsasokoek, adibidez, glukoproteinak (karbohidrato batez eta proteina batez osaturiko tamaina txikiko molekulak) pilatzen dituzte. Horiexek dira, izan ere, iparraldeko itsasoetako bakailaoek barne-fluidoetan metatzen dituzten osagaiak. Iparraldeko beste zenbait arrainek bestelako gaiak ere erabiltzen dituzte; Peptidoak dira izozte-arriskua saihesteko gehien erabiltzen diren gaiak. Eta bada askoz ere bakanagoa den beste molekula bat erabiltzen duen arrainik ere; Fundulus heteroclitus izenekoak, adibidez, glukosa erabiltzen du, azukre sinplea.

Fundulus ez da izozteari aurre egiteko glukosa erabiltzen duen animalia bakarra. Izan ere, horixe da zenbait anfibiok erabiltzen duten izotzaren kontrako naturala; beste zenbaitek glizerola erabiltzen dute.

Izoztea saihesteko metaturiko gaiak zeinahi izanik, guztiek partekatzen dute ezaugarri bat: gai organikoak dira, autoen hozkailuetan neguan ipintzen diren izotz kontrako gaiak bezala, hain zuzen ere. Ez litzateke harritzekoa izan behar duela zenbait hamarkada autogintzaren ingeniariek asmatu zuten zer bera milioika urte lehenagotik naturak asmatu izana.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.